Eduki publikatzailea

Salberdingo urbanizazioa eta Gaztetxea

Twitter

EAJ-PNV, GAZTETXEA BIRKOKATZEKO SOLUZIO BATEN BILA

2020/11/05

Xabier Txurruka (EAJ-PNV) Alkateak prentsaurrekoa eskaini du gaur, Salberdingo auzo berriaren inguruan. 

“Salberdin auzo berria eraikitzeko lanak aurrera doaz. Trenbidetik errekaraino doan eremuan urbanizazioaren lehen fasea martxan da eta, lehen fase honetan, zortzi partzela eraikiko dira. Partzela guztiak inguratzen dituen horma egina dago jada, eta hondeaketa eta zimentazio lanetan dihardute gaur egun”, azaldu du Alkateak. 

Urriko azken ohiko udalbatzan R3 partzela besterentzeko pleguak onartu zituen Udalbatzak. Lizitazio deialdia egin da jada eta eskaintzak jasotzeko epea abenduaren 3an gaueko 23:59etan amaituko da. Bertan 50 etxebizitza tasatu eraikitzea aurreikusten du Udalak eta lizitazio oinarria 3.3 milioikoa da. Honekin batera, Udalak G1 partzela, salmenta libreko garajeak eraikitzeko partzela, atera du lizitaziora 290.000 eurotako lizitazio oinarriarekin. Aurretik, R14 partzela besterendu zuen Udalak, udal lurzoru ondareari 6.4 milioi eurotako dirusarrera ekarriz. 

Etorkizunera begira, Udalak R9 partzela besterentzeko asmoa duela azaldu du Alkateak, bertan 92 babes ofizialeko etxebizitza eraikitzeko: “R9 partzela, udal jabetzakoa dena, Salberdingo bigarren fasean kokatua dago, Textil Guipuzcoana enpresa zegoen orubea hartzen duelarik. Textil Guipuzcoana zenaren zati bat eraitsi du jada Salberdingo Hitzarmen Batzarrak. Hirigintza arduradun eta Alkate gisa hartutako konpromisoak medio, eta hitza hitz, 2006ko martxoaren 6ko Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako hitzarmenetik abiatuta Xakela Putzuzulo Kultur Elkarteko ordezkariekin hainbat bilera izan ditut azken hilabeteetan, Putzuzulo Elkartearentzat egungo Gaztetxea eraitsi aurretik beste antzeko eraikin egoki bat bilatzeko bidean”.

“Zarautzen, Europako edozein hiri modernoetan ezagutzen ditugun gazteei zuzendutako gune alternatiboak bezalako espazioak bideratzeko beharra ulertzen dugu, eta, horregatik, Putzuzulo Elkartea kalean ez geratzeko dihardugu elkarlanean azken hilabeteetan”, adierazi du Alkateak. 

Aste honetan bertan izandako azken bileran, Udalak datorren astean Hegoalde hiri eremuan eraikin bat erosteko lehiaketa publikoa deituko duela azaldu die Putzuzuloko kideei, besteak beste, “erabilera anitzeko behin-behineko ekipamendu sozio-kulturala garatu ahal izateko, bertan”. 

Alkateak Salberdingo Hitzarmen Batzarrarekin egutegi bat adostu du, Hegoalden eraikin berria martxan jartzea Textil Guipuzcoanaren eraikinaren eraisketarekin koordinatu ahal izateko. “Aipatutako prozesu honek Udal Gobernuaren zati baten babes osoa du, EAJ-PNVrena; izan ere, Alderdi Sozialistako zinegotziek beraien aurkako jarrera agertu dute”, zehaztu du Alkateak.

Bukatzeko, Alkateak gaineratu du Gaztetxearena ez dela Salberdingo eremuko bigarren fasean kudeatu behar den birkokatze kasu bakarra. “Oraindik etxejabeak, enpresak, eta eragile ezberdinak kokatzen dira bertan. Guztiekin akordioetara iristea da Alkate honen nahia eta horretan jarraituko dugu datozen hilabeteetan lanean”.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010