Eduki publikatzailea
Atzealdea Salberdineko Aparkalekua
UDAL GOBERNUAK SALBERDINEN 500 PLAZAKO LURRAZPIKO APARKALEKUA AHALBIDETZEKO PLANA SUSTATU DU


2021/03/13
"Salberdinek kokapen estrategikoa dauka Zarauzko hiri-bilbearen zentro fisikoan, eta uste dugu, lehen faseko obrak hasi ondoren, aukera paregabea dugula udalerriaren erdigunean, bai Alde Zaharrean, bai Azken Portun, dagoen aparkalekuaren arazoa behin betiko konpontzeko", adierazi du Xabier Txurruka(EAJ-PNV) Zarauzko alkateak aste honetan bertan egindako hirigintza-batzordean planteatutako proposamena azaltzerako unean. "Udala ostalaritzako eta merkataritzako ordezkariekin eta Zarauzko bizilagunekin biltzen den bakoitzean helarazten zaigun arazoa da hau", gaineratu du Txurrukak.
2011ko apirilean onartutako Salberdingo Plan Bereziak lursail bat (EQ1) zehazten du ekipamendu soziokultural gisa erabiltzeko. Lursail horretarako hasierako planteamenduak bi soto eraikitzea aurreikusten zuen, gutxienez 217 aparkalekurekin eta lurzoruko 8.500 m2-ko eraikigarritasunarekin.
Lursail hau espazio libreen sistema orokorrak (SG1) inguratzen du, 8.695 m2-ko bigarren partzela batek, eta udaberri honetan bertan esleitu eta obra martxan jarri nahi den Euskal Trenbide Sarearen tren-geltoki berria egiteko onartutako proiektuak bigarren lurzati honi eragiten dio, hain zuzen ere. Geltoki berriaren proiektuak 10 metro baino gehiagoko zabalera duen oinezkoentzako eta bizikletentzako arrapala bat aurreikusten du, Gaztainpe eta Salberdingo bizitegi-gune berria lotuko dituena.
ETSren proiektuak espazio libreen eta ekipamenduen sistema orokorreko partzela horietan izango duen eragina ikusita, Udal Gobernuak bi partzelen mugaketa aldatzea sustatu du, ekipamenduko partzelaren okupazioa 800 m2 murriztuz, parkera bideratutako espazio libreak handitzearen alde. Horrela, 5.800 m2-ko ekipamendu lursail bat izango litzateke, Salberdingo aurreko asfaltatutako aparkalekua zegoen leku berean. Honi esker, hiru soto eraiki ahal izango lirateke, 500 aparkaleku-plazara iristeko, eta haren gainazalaren tratamendua parkekoa eta berdegunekoa izango litzateke.
Salberdingo iparraldeko bizitegi-gunea martxan jarri ondoren, Udalak uste du “Plan Berezi honen aldaketa bideratzeko unea” dela, “etorkizun hurbilean aparkaleku estrategiko honen eraikuntza lizitatzeko aukera emateko”. Kudeaketa-sistema posibleak aztertu beharko dira, emakida administratibo edo publikokoak izan daitezkeenak.
Iker Basurko (EAJ-PNV) Mugikortasuneko zinegotziak adierazi duenez, "proiektu hau ezinbestekoa da Zarautzentzat; Mugikortasun departamenduan lanean ari gara goi-denboraldiko aparkamenduari konponbide bat aurkitzeko, udalerriaren sarreran disuasio-aparkalekuak aztertzen, eta, horrez gain, hiriko erdigunean edukiera handiko aparkaleku bat edukitzeko, urte osoan zehar funtzionala izango dena. Honek trafikoa antolatzen lagunduko du, aparkamendu bila dabiltzan kotxeak sorturiko eragozpen eta kutsadura murriztuz. Bestalde, aparkaleku berri honek behar handiena dagoen lekuetan egoiliarrentzako plaza gehiago emateko aukera emango digu", gaineratu du Basurkok.
"Gure ustez, Salberdinen garapena, ETSk sustatzen duen geltoki berria, Gaztainpe eta Salberdingo gunea komunikatuko dituen azpiko pasabidea eta Udalak Santa Klara komentua eskuratzea hirigintza-jarduketa estrategikoak dira, gaur egun Zarauzko erdigunean ditugun hirigintza- eta mugikortasun-arazoen zati handi bati konponketa eman nahi dietena", gaineratu du Txurrukak.
"Proiektu hauek guztiek herriaren iparraldea eta hegoaldea lotzen, erdialdeko espazio libreak eta parkeak handitzen eta Salberdingo industria-eremu degradatua etxebizitza berrien bidez berpizten lagunduko dute, honela Udal Gobernuaren Etxebizitza Planean hartutako konpromisoak betez".
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010
