Eduki publikatzailea

Atzealdea Salberdin iparraldea urbanizazioa irekita

Twitter

SALBERDIN IPARRALDEKO URBANIZAZIOA IREKI DU UDALAK

2023/07/21

Bizkaia kalearen urbanizazioa amaitzeko erremate txiki batzuren faltan eta trenbidearen inguruko lanak amaitu aurretik, Udalak Sallberdin iparraldeko urbanizazioaren hartze partziala sinatu du eta, ondorioz, ostiral honetan irekiko da auzo berriaren urbanizazio zati nagusia. Gaurtik aurrera, auzo honetako urbanizazio berriko kale, plaza, jolas parke eta pasealeku berrietaz gozatu ahal izango da, eta Igerain erreka biziberrituaren ondotik paseatu edo Amalur parkeko berdegune publikoak bizikletaz inguratu. Izan ere, parke berriko pasealekuak eta gune berdeak ere zabalik dira gaurtik aurrera guztiok gozatzeko.

Urbanizazioaren iparraldeko fase honek 150 aparkaleku plaza berri ditu bide publikoan, Igerain errekan hiru zubi berri eta 450 metro bidegorri . “Elementu guzti hauek garrantzia gehiago hartzen dute Amalur parkea osatzen duten 20.000 metro karratuak inguratzen baitituzte. Bertan, datorren udaberrian, Azken Portu eta Salberdin, Gaztainperekin eta Lapurdi kaleko bidegorri sarearekin batuko dituen trenbide azpiko pasabidea amaitzea aurreikusten da eta, amaitutakoan, Zarauzko erdiguneko birika berde handia izango dena osatuko da, Zarautz hobeago batean denok hobeto bizi ahal izateko jarraitzen dugulako lanean”, azaldu du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak. “Estazio berriaren lanak amaitzen direnean, Mitxelena kaleko bidegorriak Amalur parkea gurutzatuko du eta Santa Klara kaleko Paxoraino iritsiko da. Gainera, dagoeneko ari gara Villa Munda eta Matxitxako kalea gurutzatuz, Gaztainpe eta Malekoia batuko dituen bidegorriaren aurreproiektua lantzen”.

Salberdineko urbanizazioaren fase honek Zarauzko bizitegi-eremu berri honi egokituriko zerbitzuak ditu. Hala nola, bi komun autogarbigarri (Astazubi plazan eta Miren Etxabe plazan) eta bi haur jolas parke (Aitze kalean berritu dena eta Miren Etxabe plazako berria) jarri dira auzo honetan bizi diren zarauztarren beharrak asetzeko.

“Salberdineko urbanizazioaren lehen fase honetan 300 zuhaitz baino gehiago landatu dira pasealekuetan eta berreskuraturiko Igerain errekaren alboetan, duela ez asko arte `Rio Peste´ deitzen zitzaion horretan. Aipatzekoa da ere, lurpeko akuifero kutsatua ere garbitu eta birsortu dela urbanizazio lanen baitan. Uste dugu dena hobera aldatu dela Salberdineko industria gune zaharkituaren hiri-birgaitze esku-hartze honekin. Gaur irekiko dugun oinezkoen eta bidegorrien sarea Salberdinen hegoaldeko fasearen urbanizazioa amaitzean osatuko da, eta aurtengo bigarren seihilekoan hastea aurreikusten da", gaineratu du Txurrukak.

Alkateak gogorarazi du Amalur parkeko gune berdeen azpian kokatuko den 400 plazako aparkaleku publiko baten proiektuan lanean ari dela Udala, aurrez Arrona Hermanos parean kokatzen zen aparkalekua zegoen tokian. Amalur parkeko gune berdeen diseinuari dagokionez, Txurrukak jakinarazi du “herritarren parte hartzea izango duen paisaia-ideiak jasotzeko lehiaketa baten deialdia egin nahi dugu, Zarauzko birika berde honen kontzeptua eta diseinua denon artean erabakitzeko”.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010