Eduki publikatzailea
Atzealdea Saihesbidearen lehen fasearen irekiera
ZARAUZKO SAIHESBIDEAREN LANAK AZKEN TXANPAN SARTUKO DIRA, AP-8 IRTEERAKO BIRIBILGUNE BERRIA ETA ABENDAÑOKO POLIGONORA ARTEKO ZATIAREN IREKIERAREKIN


2026/09/28
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, eta Zarauzko alkateak, Xabier Txurrukak, Zarauzko saihesbideko lanen eboluzioaren berri eman dute gaur bertatik bertara, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu Felix Urkolarekin batera. Buztinzuriko azpi pasabidean hasitako bisitan jakinarazi dutenez, lanak azken txanpan sartu dira dagoeneko eta bihar bertan, hilak 29, irekiko da saihesbideko lehen zatia, AP-8 irteerako biribilgune berritik Abendañoko poligonora doan tarte berria, alegia.
Diputatu nagusiak jakinarazi duenez, obrak aurreikusitako erritmo eta faseetan ari dira gauzatzen eta, beraz, saihesbidearen tarteetako bat irekitzea “urrats garrantzitsua” da azpiegitura amaitutzat emateko bidean. Adierazi duenez, beraz, Zarautzerako eta eskualderako “hain beharrezkoa” den proiektu hau gauzatzen ari da eta abendurako erabat zabaltzeko moduan egotea aurreikusten da. “Zarauztar guztien segurtasunaren, erosotasunaren eta ongizatearen mesederako izango da, kontuan izanda gaur egun N-634 errepideak udalerriaren erdigunea zeharkatzen duela”, gogoratu du.
Mendozak eskerrak eman dizkie zarauztarrei, herriko Udalari eta inguruko herrietako gidariei, lanek dirauten bitartean erakutsitako pazientziagatik, jakinda horrelako obrek beti sortzen dituztela eragozpenak. “Amaiera gertu da eta uste dugu emaitzak mereziko duela, bertako enpresa, herritar eta langileen eguneroko joan-etorrietan eragin positiboa izango du”, berretsi du.
“Zarauzko saihesbidearen obrak azken txanpan sartu dira eta, bihartik aurrera, Donostirako noranzkoan datozen gidariek jada errepide berria hartu beharko dute. Behin lan guztiak amaituta, Aldundiak egin duen inbertsio garrantzitsu honek herria zeharkatzen duen garraio astuna gure kaleetatik aterako du eta Zarauzko mugikortasunarentzat oso onuragarria izango da. Oso eskertuta gaude”, adierazi du Xabier Txurrukak, Zarauzko alkateak.
Egungo irteera-adarra, bi hilabetez itxita
Egungo AP-8ko irteerako biribilgune berria eta Abendañoko poligonora doan zatia zabaltzearekin bertan, ibilgailuen zirkulazioan eragina izango den neurria hartuko dute, saihesbidea bere osotasunean amaitu ahal izateko. Horrela, egun AP-8tik Astiko biribilgunera doan irteera adarra itxi egingo da, zabaltze lanak egin ahal izateko. Lan horiek 2 hilabete inguruko iraupena izango dute eta AP-8 errepidetik Donostiarako noranzkoan doazen eta Zarauzko irteeratik Zarautz, Orio edo Getariara sartu nahi duten ibilgailuek bide berriaren bidez eta Zarauzko hiri-bilbetik sartu beharko dute.
Lanak amaitutakoan, berriz, zirkulazioa lehengoratuko da bide-adar zabaldutik, eta, horrela, Zarauzko irteera hartzen duten ibilgailuek bi aukerak edukiko dituzte eskura: Asti biribilgunera sartzea edo zuzenean sartzea Abendaño poligonora, hiri-bilbea zeharkatu gabe.
Bestalde, gaurkoan aurreratu dutenez, Asti biribilgune azpiko oinezkoen pasabidea urri amaierarako irekita egotea espero da.
Azpiegitura berriko obrak joan den urteko ekainean hasi ziren, 18 hilabeteko eraikuntza epearekin. Saihesbide berriaren helburua izango da herrigunea zeharkatzen duen N-634 errepidearen trafikoa arintzea eta industrialdeetarako sarbideak hobetzea, herriko zirkulazioa hobetuz, antolaketa erosoagoa eskainiko dio inguru guztiari. Azpiegitura eraikitzeko lanek 10 milioi pasatxoko aurrekontua dute.
Azpiegitura amaitzean, errepide berriak 1.560 metroko luzera era noranzko bakoitzean errei bana izango ditu, Astiko biribilgunetik (AP-8 irteera) Frantsesbidea kalearekin bat egiten duen tokiraino.
Autobusen geltokiaren aldaketa
Saihesbidearen lehen fasearen zabalketarekin, AP-8 autobidetik Donostirako noranzkoan datozen autobusen ibilbideak aldaketak jasango ditu. Honela, biharko 9:00etatik aurrera, Bilbotik, Aeroportutik, Gasteiztik, etab. datozen autobusek irteera berria hartuko dute autobideko ordainsaritik ateratzerakoan eta Bustinzuriko biribilgunean geldituko dira datozen bi hilabetetan Zarautzen jaitsi behar duten bidaiariak.
Esan bezala, saihesbidearen obra guztiz amaitu bitartean, Donostirako noranzkoan datozen ibilgailuentzat Astiko biribilgunearekin lotura moztuta egongo da zabalpen lanak egiteko.
Aldaketa hauek ez dute eraginik izango Zarautzen autobusa hartu behar duten pertsonentzat, suhiltzaileen biribilgunean hartzen jarraituko dutelarik.

Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010
