Eduki publikatzailea

Atzealdea R14 tasatuak Salberdin

Twitter

ETXEBIZITZA PLANEAN BESTE PAUSO BAT SALBERDIN HEGOALDEKO LEHEN ETXEBIZITZA BABESTUAK AMAITUTA

2025/12/16

Zarauzko Udalak 2016an martxan jarritako Etxebizitza Planak beste pauso bat eman berri du. Salberdin hegoaldeko eraikuntza eta urbanizazio lanak aurrera doaz eta Udalak, Tokiko Gobernu Batzarrean hartutako erabakian, lehen erabilerako baimena eman die Salberdin hegoaldeko lehen bi etxebizitza eraikinei. Horietako bat da, hain zuzen, R14 partzelako etxebizitza tasatuen eraikina, Zelai Ondotik gertuen dagoen eremuan Araba kale aldera dagoen eraikina. Salberdin hegoaldeko lehen bizilagunak beren etxe berrietan bizitzen hasteko aukera dute, beraz. 

92 dira R14 partzela horretan esleitutako Udal etxebizitza tasatuak, bakoitza aparkaleku eta trasteleku banarekin. Etxea eskuratu duten pertsonen profilari dagokionez, 59k banaka eskuratu dute etxea (23 emakume eta 36 gizon), 33k bikotean eta 34 urteko bataz besteko adina dute. 

Esleituriko etxebizitzak 2 eta 3 logelakoak dira. 2 logelakoek 70 m2 dituzte eta 3 logelakoek, aldiz, 90 m2 inguru. Prezioei erreparatzen badiegu, bikoak 214.000 euroren bueltan dabiltza eta hirukoak 260.000ren bueltan. Horri erantsi behar zaizkio eranskinen prezioa (trastelekua 7.000 € eta aparkalekua 20.000 €) eta BEZa (%10). 

92 Etxebizitza Tasatuez gain 3 babes Ofizialeko Etxebizitza eraiki dira sustapen honetan eta horiek Udalak erosi ditu. 600.000 eurotik gora bideratu ditu Udalak horretara eta Gizarte Zerbitzuetatik kudeatuko dira, etxebizitza premia bereziei aurre egiteko. 

Salberdin auzoaren hegoaldeko eremuan babes maila desberdinetako beste hainbat etxebizitza ere ari dira eraikitzen momentu hauetan, hala nola, alokairuan emango diren Babes Ofizialeko 91 etxebizitzak eta joan den urtean esleitu ziren 139 Udal etxebizitza tasatuak. “Hastear dugun 2026. urte honetan, Salberdin eremuko obrak amaitzea aurreikusten da eta, guztira, iparraldea eta hegoaldea kontuan izanda, 562 izango dira Zarauzko bizitegi-auzo honetan Udalak ahalbidetu dituen babesturiko etxebizitzak”, adierazi du Garbiñe Oiarbide (EAJ-PNV) Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak. 

Salberdin amaituta, Etxebizitza Planaren hurrengo pausoak ere martxan daude, Amillubin 2026an eraikitzen hasiko diren 21 Udal Etxebizitza Tasatu inguru eta 2027tik aurrera Lanpardon eta Iritan eraikiko diren alokairu babestuko 250 etxebizitzatik gora. “Hurrengo Etxebizitza Plana Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenaren baitan hartzen diren erabakiek zehaztuko dute. Planaren berrikuspena idazteko taldearen kontratazioa ere martxan dauka Udalak eta idazketa laster hastea aurreikusten da. Zarautzen etorkizuna marrazteko hain garrantzitsua den plan horren definizioan parte hartzeko aukera izango dute zarauztarrek datozen urteetan”, gehitu du Oiarbidek. 

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010