Eduki publikatzailea
Atzealdea PMUS prozesu parte hartzailea
ZARAUZKO HIRI MUGIKORTASUN IRAUNKORRERAKO PLANAREN PROZESU PARTE-HARTZAILEA ABIAN DA


2022/08/19
Badira hilabete batzuk Zarauzko Udalak Ingartek enpresari hurrengo bost urteetarako Zarauzko Mugikortasun Plana, “Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Plana” izenekoa, izango dena idazteko eskatu ziola. Proiektua onartzeko bidean da, baina, lehenago, Udalak herritarrei plana aurkeztu eta ekarpenak jaso nahi ditu.
Hori horrela, partehartze prozesu bat jarri da abian zarauztarrek planari ekarpenak egiteko. Alde batetik, Udalaren webguneko herritarren partaidetzarako plataformaren bidez (www.zarautz.eus, Parte Hartu atala), irailaren 2ra arte (ostirala). Eta, bestetik, abuztuaren 24ean, asteazkena, 12:30ean Udaletxeko Etxezabala aretoan (Kale Nagusia 29) egingo den aurkezpenean. Aurkezpenera joateko, izena eman beharko da aurrez 943 00 51 59 telefonora deituz edo partehartu@zarautz.eus helbidera idatziz.
Iker Basurkok (EAJ-PNV), Mugikortasuneko zinegotziak, parte hartzera eta ekarpenak egitera animatu ditu herritarrak, “Plan hau oso garrantzitsua baita, Energia Plana (dagoeneko onartua dagoena) edo Zarautz 2030 bezalako beste batzuk bezala. Etorkizuneko Zarautz guztion artean eraiki behar dugu, eta urrats hauek garrantzitsuak dira. Badakigu abuztua ez dela hilabeterik onena Plana ezagutzera emateko, baina MITMAk (Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioa) egindako dirulaguntza deialdiak (Zarautzek ia milioi bat euro lor ditzake) ahalegin bat egitea merezi du. Izan ere, Plana irailean onartu behar da laguntza hori jasotzeko.
Era berean, Basurkok azaldu du Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Lege Proiektuan jasotzen den bezala, mugikortasun iraunkorraren kontzeptuak berekin dakarrela planteamendu integratu eta multimodal baten beharra, herritarrek pertsonen eta salgaien garraioaren arloan dituzten beharrei behar bezala erantzungo diena, eta, era berean, egungo garraio ereduak ingurumenean eta gizartean duen eragina murrizten lagunduko duena. “Euskal administrazioen eta euskal gizarte osoaren ekarpena behar du horrek”.
Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearekin bat etorriz, lege proiektu horrek aurreikusten du 5.000 biztanletik gorako herri guztiek Hiri Mugikortasuneko Plan bat egitea, lurralde ereduak eta hirigintza ereduak hiri mugikortasunean duten eraginari buruzko diagnostiko bat jasotzen duena; garraiobide desberdinetako mugikortasunaren eta erabilera lokaleko kontsumo energetikoarekin duten loturaren azterketa; eta proposamen dokumentu bat, mugikortasun elektrikoa hobetzeko, garraio publikoaren erabilera sustatzeko, ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko eta motorrik gabeko joan etorrietarako (bizikletak eta oinezkoak) hartu beharreko neurriak jasoko dituena, eta oinezkoek bakarrik erabiltzeko eremuak ezarriko dituena.
“Plan honek 5 urteko indarraldia izango du, eta, horren ondoren, lortutako emaitzen ebaluazioa egin beharko da, eta helburuen eta neurrien aldaketa bati ekin beharko zaio, jasangarritasun energetikoari buruzko legearen beraren arabera”, zehaztu du Basurkok. “Zarauzko Udala Euskadiko lehen udaletakoa izan zen duela hilabete batzuk Udal Energia Plana onartzen, eta laster onartuko da Zarautz 2030 Plan Estrategikoa, hilabete batzuetako lan parte hartzailearen ondoren”.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010