Eduki publikatzailea

Twitter

“PLAN HONEK, BATEZ ERE, HERRITARRENTZAT ETORKIZUNEKO INGURU SEGURUAGOA ETA ATSEGINAGOA BILATZEN DU”

2022/10/07

Iraileko ohiko Osoko Bilkuran Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plan berria (PMUS) onartu zen EAJ-PNVren eta PSE-EEren aldeko botoekin, Unidas Podemos – Equo Berdeak-en abstentzioarekin eta EH BILDU-ren kontrako botoekin; PMUS honek, Zarautzen datozen bost urteetan Mugikortasunari buruzko aspektuak definitzeko ibilbide-orri gisa balioko du, eta etorkizunean eman beharreko urratsak erraztuko ditu.

"PMUS honek teknikariek eta entzute prozesu zabal baten ondorioz osatu den mugikortasunaren eta haren atal nagusien inguruan duen filosofia eta ikuspuntua definitzen ditu. Plan horren helburu nagusia herritarrentzat inguru seguruagoa eta atseginagoa bilatzea da. Horretarako, hiriguneko trafiko arina murriztea, irisgarritasuna hobetzea garraio publiko jasangarriago baten bidez, bizikletaren erabileran aurrera pausuak ematea eta, nola ez, oinezkoen, txirrindularien eta gidarien arteko errespetuan eta bizikidetza bezalako gaien inguruan lan egingo da. Horrekin batera, Zarauzko aparkalekuaren arazo historikoa konpontzeko ibilbide-orria ere markatuko da”, azaldu du Iker Basurko (EAJ-PNV) Mugikortasun, Plan Estrategiko eta Zarautz 2030 Planaren zinegotziak.

Onartutako dokumentuak helburu horiek lortzeko hainbat neurri eta urrats jasotzen ditu. “Zalantzarik gabe, segurtasuna irabaziko dugu seinaleztapena hobetuz eta herrirako sarbideetan eta kale nagusietan abiadura murriztuz; halaber, bideak estutzeak, kale batzuetako noranzko bakarrak ezartzea eta, azken neurri bezala, radarren batek eta zigorrek beharrezko hobekuntza hori ekarriko dute. Argi daukagu oinezkoarentzat lekua irabazten joan behar dugula erdialdean, ibilgailuen presentzia murriztuz, eta bisitarien trafikoaren alferrikako mugimenduak ezabatuz. Horrek aukera emango digu bizilagunei eragozpenak gutxitzeko eta berdeguneei, jolasguneei eta abarri espazio gehiago eskaintzeko, hori guztia herri atseginagoa eta orekatuagoa eginez. Gaiaren inguruko adituek Ikuspegi hau partekatzen dute eta argi dago hiriguneetako mugikortasuna noranzko horretan aurrera egiten ari dela”, gaineratu du Basurkok.

Aparkalekuaren gaiari dagokionez, Mugikortasun zinegotziak argitu duenez, “TAO sisteman egindako hobekuntzek haren funtzionamendua nabarmen hobetu dute, eta hobetzen jarraituko dugu guztion onerako pentsatuz. Honez gain, hainbat proiektu garrantzitsuak daude, hala nola Salberdinerako proiektatutako lurpeko aparkalekua, 400 plaza baino gehiagorekin, trafikoa birbideratzen lagunduko duena eta aparkalekuaren arazoari amaiera emango diona. Beste aparkaleku publiko bat ere izango dugu hiribilduaren sarreran, Eguzi Izarreko partzelaren urbanizazio berrian eta, etorkizunean, intermodal berrian edota Aldundiak Kortazarren eraikiko duen ekipamendu sozialean ere, disuasio-aparkaleku gisa erabiliko direnak hirigunera sartu beharrik izan gabe.

Proiektu horiek gauzatzen diren bitartean, aparkaleku eskasiaren arazo historikoari erantzuten jarraituko da; izan ere, laster Mesilgo eta Eguzki Izarreko aparkalekuak funtzionatzeari utziko diote, eta datozen hilabeteetan urbanizatzen hasiko dira. Horretarako, Udala lanean ari da Hegoaldeko bi pabiloi egokitzeko, 400 ibilgailurentzako aparkaleku publikoa bihurtzeko eta etorkizun laburrean zerbitzua hau eskainiko duena.

Bizikleta, Zarauzko DNAn

Bizikleta erabiltzeari dagokionez, Basurkok argi dauka: “Zarautzen zorte handia dugu, ez baitugu horren erabileraren kontzientziazioan eta sustapenean lan egin behar, gure kulturan daramagu, gure DNAn, eta dagoeneko egina dugun bide bat da. Orain, erabilera egokian eredugarriak izan behar dugu, eta gure herrian oso handia eta anitza den bizikletaren erabilera hori kudeatzen jakin behar dugu. Mugikortasun Plan honek Zarautzen bizikleta erabiltzeari garrantzia kentzen diola dioenak epe laburreko ikuspegia daukala erakusten du, egiten ari diren obra garrantzitsu batzuen zuzeneko eraginean oinarritua, eta, horiek amaitutakoan, emaitza oso onuragarria izango da zarauztarrentzat. Pazientzia izan behar dugu, aldi horri eusten jakin, elkarbizitza landu eta lanean jarraitu behar dugu, epe laburrerako ez ezik, epe ertain eta luzerako ere”.

Garraio publikoko zerbitzu iraunkorragoa eta erakargarriagoa

Garraio publikoa oso garrantzitsua izango da Zarauzko mugikortasunaren etorkizunean. Udalak urratsak ematen jarraitu nahi du oinezkoak eta bizikletak ibilgailu pribatuari lekua irabaz diezaioten kaleetan, eta, horretarako, dauden azpiegiturak eta zerbitzuak berritzearen alde egingo du, herritarrentzat jasangarriagoak eta erakargarriagoak izan daitezen. Alde batetik, Zarauzko Hiribusaren zerbitzua elektrifikatzeko proiektua dago; horrekin batera, linea bakoitzaren ibilbideak hobetzeko eta optimizatzeko lanean jarraituko da, eta, bestetik, geltoki intermodal bat eraikiko da orain Brigadaren eraikina dagoen eremuan, gaur egun Zarautzek dituen konexioak hobetzeko helburuarekin.

“Planean planteatzen diren ekintza puntualetatik haratago, plan honen garrantzia zehaztu diren helburu eta ildo estrategikoetan datza, eta uste dut zarauztar gehienak ados egongo garela horietan. Plan honek gure herriaren mugikortasuna arautzen duten aspektuak antolatu nahi ditu, azkenean Zarauzko bizilagunentzat ingurune seguruagoa eta atseginagoa lortzeko, rol desberdinen arteko elkarbizitza azpimarratuz. Gainerako auzokideekiko enpatia izan behar dugu, eta errespetuz jokatu behar dugu elkarbizitzan. Gure esku dago gure kaleak atseginagoak eta seguruagoak izatea”, amaitu du Basurkok.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010