Eduki publikatzailea
Atzealdea Plaza Bete Mezu
NIRE AUKERA UROLA KOSTA KANPAINAREN BAITAN PLAZA BETE MEZU GALDERA-ERANTZUNEN LEHIAKETA EGINGO DA IRAILAREN 24AN ZARAUTZEN


2021/09/22
Nire Aukera Urola Kosta kanpainaren baitan Zarautzeko Lege Zaharren enparantza jolas-leku bihurtuko da irailaren 24an Plaza bete mezu galdera-erantzunen jolasarekin. Kaleko dinamikarekin, eskualdeko ostalaritza eta merkataritza guneetan kontsumoa sustatzea lortu nahi da.
Jolasa Kahoot izeneko aplikazioarekin egingo da lau udalerritan aldi berean. Lehiaketan 18 urtetik gorako edonork parte-har dezake (adin txikikoa bada, heldu batek lagunduta egon behar du), baldintza bakarra 20:00etan Lege Zaharren enparantzan telefono mugikorrarekin egotea da, gailua behar-beharrezkoa baita jolaserako. Parte-hartzaileek Urola Kostako ostalaritza eta merkataritza sektorearekin zerikusia duten 25 galdera erantzun beharko dituzte; galdera bakoitzeko lau erantzun posible izango dituzte, eta erantzun zuzen gehien asmatzen dituen lehiakideak irabaziko du -berdinketa ematen den kasuetan, lehiakide azkarrena izango da garailea-.
Irabazleak 200 € jasoko ditu, bigarren sailkatua 150 € eta hirugarrenak, 100 €. Guztiak erosketa-bonuan izango dira, kaleko-ekintzan Urola Kostako Udal Elkartearekin bat egin duten 97 establezimenduetan gastatzeko.
Galdera-erantzunen jolasa Urola Kostako establezimenduen laguntzarekin egingo da eta parte-hartuko duten establezimenduak identifikatzeko Plaza bete mezu lehiaketa iragartzen duten kartel bereizgarriak jarri dira establezimendu horietan. Era berean, establezimendu horietan kontsumoa sustatzeko galderen erantzun zuzenak eskuratzeko aukera izango da irailaren 20tik 24ra bitartean. Erosketa edo kontsumo bakoitzeko, txartel bana banatuko dute erantzun zuzenarekin. Zenbat eta txartel gehiago eskuratu, orduan eta aukera gehiago izango da lehiaketa irabazteko. Establezimendu zerrenda Urola Kostako Udal Elkartearen webgunean edota berri honek atxikitzen dituen dokumentuen artean kontsulta daiteke.
Nire Aukera Urola Kosta
Nire Aukera Urola Kosta Urola Kosta eskualdeko ostalaritza eta merkataritza suspertzeko eta sektorearen lehiakortasuna areagotzeko kanpaina da. Urola Kostako Udal Elkarteak, eskualdeko bost udalerriek eta eskualdeko sei merkataritza eta ostalaritza elkarteek (Babexa, Getariako dendari elkartea; Arkupe, Orioko merkatari, ostalari eta profesionalen elkartea; Murkil, Zarauzko dendarien elkartea; Gertu, Zumaiako merkatari eta ostalari elkartea; Getabat, Getariako Ostalari elkartea; eta Zurekin, Zarauzko Ostalari elkartea) bat egin eta maiatzean aurkeztu zuten kanpaina.
Orduz geroztik, sektorea balioan jartzeko ikus-entzunezko hainbat pieza zabaldu dira Urola Kostako pertsona ezagunen testigantzekin, besteak beste, Elena Irureta aktorea, Jon Azkue eskubaloi jokalaria, Izaro Lestayo Getaria Arraun Elkarteko patroia edota Julen Olazabal Kirkilla jatetxeko arduraduna.
Irailaren 24ko kaleko-ekintza bigarren ekimena izango da. Eta ondoren, komertzio eta ostalaritza guneetan eskaintzen diren produktu eta zerbitzuen bikaintasuna lortzeko, establezimenduen jardun ekonomikoaren atzean dagoen ehun sozioekonomiko esanguratsuaren berri emango da beste bideo sorta batekin. Kanpaina urrian amaituko da 21 eguneko erronka batekin.
Deskargatzeko
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010