Eduki publikatzailea
Atzealdea OTA aldaketak
ASTE HONETAN HASIKO DIRA OTAREN MAPAREN BAITAN ALDATUKO DIREN GUNEEN PINTAKETA LANAK


2022/07/07
Ekaineko ohiko batzarrean Zarauzko OTAren mapan egin beharreko aldaketa puntualak onartu ziren. Aldaketa hauen proposamena jandaurrean egon zen epea ez zen inongo alegaziorik jaso. Iker Basurko (EAJ-PNV) Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, "aldaketa hauek bizilagunen eskaerak entzun eta aztertzetik sortzen dira, bai eta mugikortasun arloko eta OTA zerbitzuaren enpresa esleipendunaren teknikoek azken hilabeteetan egindako jarraipen lanaren ondorioz. Aldaketa hauek ordenantza auzo eta gune bakoitzeko erabilpenetara egokitzea baimenduko dute".
Orain, Udal batzarraren onespenarekin, aldaketak izango diren guneetako pintaketa eta seinaleztapen lanak hasiko dira. Hauek izango dira aldaketak jasango dituzten guneak:
• Herrikosoro kaleak azken urteetan Messileko aparkalekuak egindako lanaren erreleboa hartuko du eta aldi baterako aparkaleku bilakatuko da. Messileko aparkaleku hau laster desagertuko da Salberdingo garapenak aurrera jarraitzen duenean.
• Lapurdi kaleko ekialdea (Mintegi kaletik) egoiliarrentzako gune bihurtuko da, eta, horrela, ibilgailuen zirkulazioa eta maniobrak murriztuko dira irteerarik gabeko kale horretan, honela, ikasle asko mugitzen den gune honetan segurtasuna areagotuz.
• Bizkaia kalean, Zelai Ondo inguruan, eremu urdineko egungo plazak egoiliarrenak bilakatuko dira, eta denbora mugatuko bi plaza izango dituzte, inguruko farmaziara sartu ahal izateko.
• Nafarroa kaleko aparkaleku berriak, 45. zenbakitik surtidoreraino, eremu urdinekoak izango dira.
• Talaimendiko behealdea, eremu urdinera aldatuko da.
Pintaketa lanak aste honetan bertan hasiko dira eta datorren astean zehar amaituko dira.
Garraio publikoaren erabilera sustatzeko kanpaina
Bestalde, Udalak kanpaina bat jarriko du martxan sare sozialetan datozen egunetan, abuztuaren erdialdera arte, Zarautzera datozen bisitariak garraio publikoan etor daitezen sustatzeko. Jende asko dagoen momentuetan, gehien bat udan, zaila egiten da aparkatzeko tokia aurkitzea. Beraz, dei egiten zaie bisitariei, Zarautzez gozatzera etortzen direnean, trenaren eta autobusaren erabilera lehenesteko.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010