Eduki publikatzailea
Atzealdea Mugikortasun Laborategia
ZARAUTZEK ERAKUTSI DU ERRESPETUA, BIZIKIDETZA ETA MUGIKORTASUNA BATERAGARRIAK DIRELA


2024/09/20
ArantzazuLabek eta Udalak bultzatutako Mugikortasun Laborategiko saioak arrakastatsuak izan dira, eta, errespetuan eta bizikidetzan beste urrats bat emateko baliagarriak izan dira. Haurrek, gazteek, helduek eta dibertsitate funtzionala duten pertsonek bi proba pilotutan parte hartu dute, espazio berean modu desberdinean mugituz, elkarbizitzarako duten gaitasuna ezagutzeko.
Mugikortasunaren Europako Astearen baitan Zarauzko Udalak antolatu dituen jardueren artean, irailaren 18an eta 19an Zarauzko Malekoian burutu diren "Mugikortasunaren Laborategiko" bi saioak nabarmendu behar dira.
ArantzazuLaben eskutik, Mugikortasun Laborategiaren bi jardunaldi egin dira. Ekimen honen bi saioetan, herritarrek ariketa praktikoak egin dituzte Udaleko Bide-Hezkuntzako eta Mugikortasuneko taldeak zuzenduta, eta haurrek, helduek eta dibertsitate funtzionala duten pertsonek parte hartu dute. Esperientzia oso motibagarria izan da, eta parte-hartzaileek lehen pertsonan bizi ahal izan dute zer den espazio komun bat partekatzea mugikortasun eredu ezberdinekin; harmonia, elkarbizitza eta enpatia ariketa izan da.
Ariketa hauek Malekoian egin dira, eremu mugatu batean. Parte-hartzaileek bizikletan, patinete elektrikoan edo oinez mugitzeko aukera izan dute, araurik gabe. Haurrek, bitartean, eremu mugatuan pilatu diren ibilgailuen artean, antolatzaileek banatutako fitxak jaso behar izan dituzte. Denbora tarte horretan, mugikortasun eredu ezberdinen arteko elkarbizitza gertatu da. Hau da, araurik gabeko espazio partekatu batean zer gerta daitekeen aztertzea izan da jardueraren xedea.
Boluntario-lana egin duten pertsonek utzitako testigantzak argiak izan dira: txikienek, oztopo artean mugitu behar izan dutenean, nolabaiteko beldurra pasa dutela nabarmendu dute. Ibilgailu ezberdinetan mugitu diren pertsonek, aldiz, beldurrik sentitu ez dutela adierazi dute.
Esperimentu honen arduradunen hitzetan, "batez ere, enpatia ariketa bat izan da, adin eta joera ezberdinetako herritarrek elkar entzuteko parada izan dugu. Oso ariketa interesgarria izan da, eta, bide batez, etorkizuneko beharrak identifikatzeko baliagarria”.
Mugikortasuna, errespetua eta bizikidetza
"Mugikortasun Laborategia", Zarauzko Udalak uztailean aurkeztu zuen ‘Mugikortasuna, Errespetua eta Bizikidetza’ berrikuntza sozialeko proiektuaren jarduera-ildoen barruan kokatzen da, Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planaren eta bere Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren markoan.
Aurkezpen hartan Iker Basurkok, Zarautz 2030, Proiektu Estrategikoak eta Mugikortasuneko zinegotziak gogoratu zuen bezala, "guztion ardura da udalerriko mugikortasuna hobetzea eta eredu ezberdinen arteko elkarbizitza sustatzea. Hori da Zarautz seguruagoa eta atseginagoa bihurtzeko bidea. Lankidetza funtsezkoa da helburuak lortzeko, erakunde ezberdinen artekoa, baita udalerri mailakoa ere: eragileak, herritarrak... Guztion arteko zeharkako inplikazioa espero da, elkarbizitzaren eta mugikortasun jasangarriaren alde ".
Gizarte onura helburu duen proiektuak dagoeneko baditu bere lehen jarduera-ildoak. Lehenengoa, araudira bideratua; bigarrena, trafiko-fluxuak eta horiek hobetzeko gatazka-guneak kontrolatzeko; hirugarrena, herritar guztiak hezteko eta informatzeko; eta, laugarrena, garraio publikoa hobetzen jarraitzeko. Helburu guztiak, Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planak eta Zarautz 2030 planak jasotako helburuekin bat datoz.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010