Eduki publikatzailea
Atzealdea Mugikortasun Astea 2026
ZARAUTZEK XUBI MASKOTA ETA MUGIKORTASUN ASTERAKO PROGRAMAZIOA AURKEZTU DITU


2026/09/10
2026ko Europako Mugikortasunaren Astearen leloa Mugikortasuna pertsona guztientzat da, eta adin-talde guztietara egokitutako garraio-sistemak izango dituen mugikortasuna irudikatzera gonbidatzen gaitu; belaunaldien arteko topaketa eta trukea erraztuko duena; segurtasunez eta erosotasunez mugitzeko aukera emango duena; edota, ondare zuzen eta iraunkorra sustatuko duena.
Horretarako, Zarauzko Udalak adin tarte guztiak kontuan hartu dituen jarduera programa zabala prestatu du. Sei jarduerak osatzen dute programa, eta datorren irailaren 16an, asteazkenean, hasiko da Pertsona guztientzako mobilitatea jarduerarekin. Malekoian egingo da, Eguzkilore eraikinaren aurrean, 11:00etatik 12:00etara. Topaketak, belaunaldien eta mugikortasun mota ezberdinen arteko elkarbizitzarako gunea eskaintzea du helburu.
Etxezabalako multimedia aretoan, berriz, Partekatutako bideak. Emandako pausoak eta lege aldaketen aukerak hitzaldia izango da ostiralean, 18:00etatik aurrera. Udaleko Mugikortasun departamentuko arduradunek eskainiko dute, eta datorren hilean Trafikoaren Araudi Orokorrean indarrean sartuko diren lege-aldaketak izango dituzte hizpide, sortuko dituzten aukera berrietan fokoa jarriz.
Txirrindulari Txiki Eguna irailaren 19an, larunbatean, egingo da Salbide parkean, 10:30etik aurrera. Hogeita bosgarren edizioa beteko du aurten, eta berrikuntza batekin dator: Xubiren parte-hartzea. Mugikortasun Departamentuak sortutako maskotak herritarrak, eta bereziki haur eta gazteak, mugikortasun arduratsu eta errespetuzko baten alde lan egiteko beharraz kontzientziatzea du helburu.
“Xubi ez da maskota bat soilik, elkarbizitzaren ikurra ere bada. Oinezkoak, txirrindulariak, patinete-gidariak eta ibilgailuen gidariak batzen dituen pertsonaia da, eta udalerrian dauzkagun mugikortasun eredu ezberdinen arteko lotura irudikatzen du. Xubi zubi moduko bat da, elkarrizketaren ordezkaria, elkar ulertzera, errespetuz jokatzera eta espazio publikoa elkarrekin partekatzera gonbidatzen gaituena. Helburua mugikortasun seguruagoa eta atseginagoa eraikitzea da, oreka eta elkarbizitza erdigunean jarriz”, azaldu du Iker Basurko (EAJ-PNV) Mugikortasun zinegotziak.
Euskal Jaiaren ospakizunean lehen agerraldia egin ondoren, hemendik aurrera Xubi noizean behin agertuko da mugikortasunarekin lotutako jardueretan.
Mugikortasunaren Asteko jarduerekin jarraituz, irailaren 19an, larunbatean, Gipuzkoako Foru Aldundiak furgoneta bat jarriko du Zarauzko Malekoian, Eguzkilore eraikinaren aurrean. Hiru ordu eta erdiz, 10:30etik 14:00etara, bizikletak konpontzeko tailer gisa erabiliko da. Eta, leku berean, escape room jarduera bat ere antolatuko du.
Jarduera astea amaitzeko, irailaren 22an, Autorik Gabeko Nazioarteko Egunean, motordun ibilgailuen zirkulazioa eten egingo da San Frantzisko eta Zigordia kaleen artean, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. “Mozketa honekin adierazi nahi dugu posible dela mugikortasun jasangarriago baten aldeko urratsak ematea, eta, udalerri gisa, gure joan-etorrietarako ohiturak eraldatzeko beharrezko gaitasuna eta konpromisoa ditugula”, azpimarratu du Gervasio Gabirondok (EAJ-PNV).
Mugikortasuna, errespetua eta elkarbizitza
Mugikortasunaren Asteko jarduera programa aurkezteaz gain, prentsaurrekoan Mugikortasuna, Errespetua eta Elkarbizitza kanpainaren baitan kokatzen diren hainbat ekintza aurkeztu dira. Mugikortasun eta Herritarren Segurtasun departamentuek bultzatuta, herriko mugikortasun eredua hiru zutabe horiek kontuan hartuta garatzea dute helburu.
Basurko eta Gabirondo sinetsita daude “enpatian eta erantzukizunean oinarritutako mugikortasun eredua bultzatu behar dela, espazio publikoan elkarrekin bizitzen eta elkar errespetatzen jakin dezagun, herritar guztien onerako. Hobekuntzarako ohitura sinpleak baina, aldi berean, eraginkorrak”.
Datozen egunetan, Zarauzko Udalak oinezkoen, motordun ibilgailuen gidarien, bizikletaren eta patinetearen erabiltzaileen arteko elkarbizitza hobetzeko aholku erabilgarriak jasoko dituen gida argitaratuko du. Gida udal-eraikin ezberdinetan eskuratu ahal izango da, hala nola Aritzbatalde kiroldegian, Sanz Eneako liburutegian, Udaltzaingoan, Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) edota ikastetxeetan. Formatu digitalean ere eskuragarri egongo da Udalaren webgunean, Mugikortasuna atalean. Gidak jasotzen dituen aholkuak indartzeko, hainbat GIF animatu sortu dira sare sozialen bidez zabaltzeko.
Kanpainaren beste mugarri esanguratsuetako bat berriki martxan jarri den WhatsApp kanal berria da. Herritarrei mugikortasunarekin lotutako informazioa emango du: trafiko-oharrak, errepide mozketak eta obrak; mugikortasunari buruzko araudia eta aldaketak; Hiribusari buruzko informazio eguneratua; tren-zerbitzuetako gorabeherak; edota antolatzen diren kanpainak, zozketak eta ekitaldiak.
Udal arduradunek prentsaurrekoa baliatu dute herritar guztiak kanalera harpidetzera animatzeko. “Tresna erraza, azkarra eta erabilgarria izango da mugikortasun arloko berriak jasotzeko, eta informazio eguneratua eta interesgarria zuzenean telefono mugikorrean jasotzeko aukera emango du, behar den unean informazio erabilgarria eskuratu ahal izateko».
Kanalera harpidetu nahi duten guztiek esteka honen bidez egin dezakete: https://labur.eus/MuZarautz, edo Mugikortasuna, Errespetua eta Elkarbizitza gidan nahiz Zarauzko markesinetako biniloetan aurkituko duten QR kodea eskaneatuz.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010
