Eduki publikatzailea

Mikroplastikoen kanpaina

Twitter

ZARAUTZ ITSAS HONDAKINEN ARAZOAREKIN ETA ITSASOAREN ZAINTZAREKIN KONPROMETITUTA

2023/05/11

Zarautzek hiritar zientziaren bidez itsasoa zaintzeko konpromisoa hartu du MATER Ontzi Museo Ekoaktiboaren eta Zarauzko Eraztun Berde Urdinaren eskutik. 713 zarautarrek 83,4 kg itsas hondakin bildu dituzte, 8.500 elementu kutsagarri baino gehiago, horietatik ia 4.000 mikroplastikoak, itsas ingurunetik kenduz.

MATER Ontzi Museo Ekoaktiboa, Zarauzko Udaleko Agenda 2030 Saila, Ingurumen Saila eta Eraztun Berde Urdinaren proiektuaren baitan, herriko hezkuntza zentroetako ikasleak eta herritarrak itsas hondakinen arazoaren inguruan sentsibilizatzeko inplikatu dira. 2022-2023ko udazken eta neguan, guztira, 19 laginketa egin dira Zarauzko hondartzan. Horietatik 7 itsas hondakin bilketa eta karakterizazioak izan dira eta beste 12, hondarretako mikroplastikoen analisiak izan dira.

Itsas hondakin bilketak 12 urte arteko neska-mutikoekin egin dira, eta mikroplastikoen laginketak DBHko eta lanbide heziketako gazteekin. Horrez gain, urtarrilaren 22an, jardunaldi irekia eskaini zen herri osoarentzat eta bertan lurraldeko familiek bi ingurumen jardueretan parte hartu zuten. Bio eta Zaborren martxarekin amaitu zen eguna, biztanleei itsasoak jasaten dituen arazoak eta biodibertsitatearen bertuteak helarazten dizkieten itsasoko erraldoien martxarekin.

Guztira 713 parte-hartzaile izan dira itsas hondakin bilketa eta analisietan. Zehazki, Zarauzko hezkuntza zentroetako 681 ikasle eta 32 partikular, herriko bizilagunak, ingurumenarekin konprometituak.

Itsas hondakinak datuetan

Itsas-hondakinak biltzeko 7 jardunaldietan, kostaldeko 83,4 kg-ko hondakin bildu dira eta batez besteko bilketa 12 kg-koa izan da jarduera bakoitzean.

Identifikaezinak diren plastiko zatiak, 0 eta 50 cm bitarteko tamainakoak, izan dira, alde handiz, hondakinik ugarienak, % 37,2arekin. Jarraian, 555 zigarrokin eta 541 litxarreri poltsa, bilgarri edota makilak bildu zituzten.  Azpimarratzekoa da hondakin higienikoen presentzia (toailatxoak, kotoiak, konpresak) eta horregatik, herritarren ohitura kaltegarriei buruzko eta herriko saneamendu sarean egon daitezkeen arazoei buruzko kezka plazaratu nahi da.

Mikroplastikoak, arazo ikusezina

Itsasoak jasaten duen ingurumen-arazo nagusietako bat mikroplastikoak dira, 0 eta 5 mm bitarteko plastiko-zatiak, begiarentzat ia hautemanezinak direnak. Prozesu honen baitan hauen azterketa zehatza egin da. Guztira metro karratu bateko 297 partzela aztertu dira hondartzako altuera ezberdinetan. Mikroplastikoak aztertzeko herritar zientzia protokolo estandarizatuetan oinarrituta emaitzak ondorengoak dira: ia 4.000 mikroplastiko (zehazki 3.957) jaso dira, batez beste 13,32 mikroplastiko metro karratuko. Honek jardunaldietan parte-hartzaileek izandako inplikazioa eta arazoaren larritasuna erakusten du.

Ekimen honetan herritarrek Zarautzen egindako lanarekin, itsasotik hondakin kutsatzaileak berreskuratzea ez ezik, hondakinen prebentzioak gure eguneroko ohituretan duen garrantziaz kontzientziatzeko balio izan du, oparotasuna eta ongizatea bermatuko digun  itsas ekosistema osasuntsu bat lortzeko.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010