Eduki publikatzailea
“MERKATARITZARI, OSTALARITZARI ETA ZERBITZUEN SEKTOREARI EMANDAKO LAGUNTZEK DENBORAN IRAUN BEHAR DUTE”
2020/04/13
Iker Basurko (EAJ-PNV) Garapen Ekonomiko zinegotzia, zerbitzu sektoreetako merkatari, ostalari eta enpresariekin elkartu da aste honetan, egoera aztertu eta elkarrekin lan egiteko.
Covid-19ak oso gogor jo du merkataritza, ostalaritza eta herriko beste zerbitzuetako enpresa txikiak.
"Bai, zalantzarik gabe. Osasun-krisi larri hau lehenbailehen eta ahalik eta hoberen konpontzen saiatu behar gara. Baina, era berean, Zarautzen beren zerbitzuak eskaintzen dituzten profesionalei ahal den neurrian laguntzeko ere lan egin behar dugu. Horretan ari gara ".
Sektore horiek Zarautzen duten garrantzia zenbatuta al duzue?
"Zarautzen beharrezkoak eta ezinbestekoak diren motorrak direla esatea soberan dago. Merkataritzak eta ostalaritzak, urteak daramatzate desabantailan borrokan azalera handien eta erosketa-ohituren aldaketen aurka. Egungo egoera hau oso kaltegarria izan daiteke batzuentzat, ahal diren gutxienei eragiteko lan egin behar dugu eta guztiei etorkizun oparo bat izateko lagundu behar diegu. Datuei buruz? Zarautzen, gaur egun, 342 saltoki ditugu, eta ostalaritzako beste 160 establezimendu. 1.500 lanpostu baino gehiago dira eta horiek sortzen dituzten zeharkako lanpostuak gehitu behar dira, baita oso beharrezkoak diren beste zerbitzu batzuetako beste ehun bat autonomo ere. Udaletik argi dugu beraiekin batera borroka egingo dugula, eurak baitira gure herriari eta eskualde osoari bizia ematen diotenak”.
Aurrekontu bat bideratu duzue sektore horri laguntzeko?
"Xabier Txurruka Alkateak duela gutxi adierazi zuen bezala, 2020. urteko aurrekontua berregiten ari gara. Arloz arlo berrikusten ari gara, gizarte laguntza eta tokiko ekonomia bultzatzera baliabide gehien bideratzeko”
Abian jarri nahi dituzuen lehen ideia edo proposamenen bat aurreatuko zenuke?
"Erakunde nagusiagoak hartzen ari diren neurriak entzuten eta aztertzen ari gara lehenengo. Informazio hau, Zarauzko Murkil eta Zurekin elkarteekin partekatzen ari gara. Bilerak astero egingo ditugu eginbeharreko lanak zehazteko. Berehalako epean pentsatzen ari gara baina, batez ere, gure lankidetza denboran iraunkorra izatea nahi dugu. Ekintza puntual batetik haratago laguntza eman dezakegu. Esaerak esaten duen bezala, “naufrago bati salbamendu bat jaurtitzeak ez du ezertarako balio; jasotzeaz gain, babesa eman behar diozu ondoren eta portura iristen lagundu”.
Merkatari eta ostalari guztiak ez daude elkarteetan; hori arazo bat al da Udalak eman ditzakeen laguntzak bideratzeko?
"Udala beharra duen orori laguntzeko dago, gure aukeren neurrian. Baina, dudarik Gabe, askoz errazagoa da ekintzak elkarteen bidez bideratzea, baita harreman estuagoa izatea ere. Denda eta ostalaritza establezimendu guztiak Murkil eta Zurekin elkarteetan (hurrenez hurren) sartzeko une aproposa dela uste dugu. Hala, modu eraginkorragoan, koordinatuagoan eta profesionalagoan lan egin ahal izango dugu, sinergiez baliatuz. Laguntza Plana garatuko duen etenik gabeko lan-mahaia osatzea da gure asmoa.
Nabarmenduko zenuke zerbait?
"Lan mahai horren prestakuntzarekin eta Laguntza Planarekin aurrera egin dugu. Gainera, herri mailako komunikazio kanpaina garrantzitsu bat prestatzen ari gara. Zarauzko merkataritzaren eta ostalaritzaren alde borrokan jarraitu behar dugu. Herriak bizirik jarraitzea nahi badugu, ez ditzagun itxi etxe ondoan ditugun harategiak, okindegiak, arropa eta dekorazio dendak, eta abar. Horietan kontsumitzeko ahalegin bat egin behar dugu. Egin behar dugun irakurketa positiboa da; herriaren etorkizuna denon esku dago, gure ekintzen esku, besterik ez”.
Pandemia, gainera, ez da oso une onean iritsi… Gogorra da merkatarientzat eta ostalarientzat Aste Santuan, udaberrian eta abar diru-sarrerarik ez izatea.
"Ez dago une onik zorigaitzerako, hori denok argi daukagula uste dut. Baina, egia esan, sektorearentzat garai oparoenetako batera iristen ari ginen. Onartu beharra dago koronabirusa iritsi aurreko unea, jada, kritiko samarra zela. Baina, benetan, uste dut positiboan pentsatu behar dela eta konponbideak bilatzeko lan egin eta berritu egin behar dela. Askori eta askori egokituko zaie berrasmatzea".
Joera aldaketa baten aurrean al gaude?
"Joera baino gehiago kultura aldaketa baten aurrean esango nuke nik, aisialdiaren kontsumoari dagokionez. Epe laburrean, neurri higieniko-sanitarioak zorroztu beharko dira, zalantzak sortuko dira, araudiak aldatuko dira… Horrek guztiak berregokitzera behartuko gaitu, bai profesionalak bai kontsumitzaileak, eta baliteke gure aisialdiko uneak ere desberdinak izatea. Lan egin dezagun aldaketak, epe ertainera, onerako izan daitezen eta Zarauzko bizitzaz eta giroaz gozatzen jarraitu ahal izan dezagun. Datorrena datorrela, jarrera positiboarekin hartu eta une berrietara lehenbailehen egokitzea besterik ez da geratzen”.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010