Eduki publikatzailea
Atzealdea M17 2024 adierazpena
MAIATZAK 17, LGTB+ FOBIAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNA


2024/05/17
1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) homosexualitatea ezabatu zuen gaixotasun mentalen zerrendatik. Gertakari historikoa izan zen, eta aurrerapauso itzela sexu orientazio eta nortasun jakin batzuk gizartearen berezko aniztasunaren bereizgarri gisa aitor zitzan gizarteak berak. Azken hamarkadan, maiatzaren 17a LGTB+ pertsonen (lesbiana, gay, bisexual, transexual eta intersexualen) aurkako gorroto eta indarkeria mota ororen aurkako eguna bihurtu da.
1990etik hona, asko egin du aurrera legeak, sexu orientazioa eta/edo generoa edozein dutela ere pertsona guztiek eskubide berdinak izateko; LGTB+ kolektiboetako pertsonak gainerakoekin berdintzen dituzten legeak onartu dira. Gizarteak ere aurrera egin du bide horretan; oro har, gizarteko kideen sexualitate motak eta generoa bizitzeko askotariko erak modu irekian adierazi ahal izateko espazio sozialak gero eta gehiago dira.
Legeak aldatu eta gizarteak aurrera egin arren, LGTB+ kolektiboko pertsona askok jasaten ditu oraindik orain bazterkeria, estigmatizazioa eta indarkeria. EAEko gizarteak, beraz, bide luzea dauka aurrean, berdintasun egiazkoa eta eraginkorra lortuko badu. Zoritxarrez, aurreiritziak, uste faltsuak, estereotipoak, bazterketa eta gorrotoa oraindik ere gizarteko sektore askotan sakon errotuta daude.
LGTB+ kolektiboko pertsona askok (nagusiki adintsuek edo desgaitasuna duten pertsonek) ezinikusia eta ez ikusiarena egitea jasaten dute, eta horien aurkako eraso fisikoek gora egin dute gure hirietako kaleetan; horrelakoek agerian uzten dute nork bere sexualitatearen nahiz generoaren arabera bizitzeko askatasun egiazkorik ez dagoela, eta berdintasuna zein bereizkeriarik eza falta direla.
Hala, LGBT+ fobiaren aurka borroka egitea askatasuna, duintasuna eta giza eskubideak defendatzea da. Aniztasunak aberasten gaitu; horrenbestez, LGTB+ kolektiboko kideek jasaten duten bazterkeriaren eta indarkeriaren aurka egitea gizartearen garapena bultzatzea da; alegia, inklusioaren alde eta bazterkeriaren aurka egitea, eta errespetu zein berdintasun handiagoko gizarte bidezkoa lortzeko bidean urratsak ematea.
Zarauzko Udalak pertsona guztien eskubideen defentsan irmo jarraituko du, politika publikoetan babes neurriak eta bazterkeriaren aurkakoak ezarriz. Gizarte aniztasunean datza gure sendotasuna; babestu eta indartu beharreko balioa dugu.
Bukatzeko, dei egiten dugu maiatzaren 17aren inguruan antolatu ditugun ekimenetan parte hartzeko eta LGTB+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lanean ari diren kide eta kolektibo guztiak aitortu nahi ditugu.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010