Eduki publikatzailea
Atzealdea Lankidetza hiru hamarkada
ZARAUTZ, HIRU HAMARKADATIK GORA GARAPENERAKO LANKIDETZAREN BIDEAN


2026/06/04
Zarauzko Udalak, Lankidetza Kontseiluak eta Zarauzko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinadorak agerraldia egin dute udaletxeko Pleno Aretoan, azken 32 urteotan garapen-lankidetzaren arloan egindako ibilbideari balioa emateko antolaturiko kanpainari hasiera emateko.
“Hiru hamarkada baino gehiagotan zehar, Udal honek konpromiso sendoa erakutsi du elkartasunean, justizia sozialean eta nazioarteko lankidetzan, urratsez urrats politika publiko sendo eta erreferentzial bat eraikiz”, adierazi du Jesus Arana (EAJ-PNV) Gizarte Politiken zinegotziak.
Bide honetan, ezinbestekoa izan da urte hauetan guztietan bidelagun izan diren irabazi asmorik gabeko erakundeen lana, baita Zarauzko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinadorako kideena ere. “Haien konpromisoari, ezagutzari eta eguneroko lanari esker, lankidetza-politikek sendotasuna eta benetako eragina lortu dute. Denboran zehar sendotutako apustu horrek gaur egun Zarautz toki nabarmenean kokatzen du kooperazio arloan”, gehitu du Aranak.
Esan bezala, hiru hamarkada hauetan, Zarauzko Udala beste erakunde eta elkarteen eskutik joan da, eta nola ez, urte guzti hauetan, ezinbestekoa izan da Zarauzko GKEen Koordinadoraren papera. Talde honen helburua da garapenerako lankidetzan diharduten erakundeen arteko koordinazioa sustatzea, elkartasuna eta giza eskubideak defendatzea eta zarauztarrak munduko desberdintasunen aurrean sentsibilizatzea. Lide Serrano, Zarauzko GKE Koordinadorako kideak azaldu duen moduan, “Zarautzen, lankidetzaren arloan, Udalaren eta GKEen arteko elkarlana sustatzen da, nazioarteko garapen-proiektuak lagunduz eta herritarren parte-hartzea bultzatuz”.
Zarauzko kooperazio arloaren hirugarren hanka Zarauzko Udaleko Garapenerako Lankidetzaren eta Hezkuntzaren Aholku-Batzordea da. 2017an sortu zen eta, gaur egun, herriko 13 GKEk osatzen dute, Udaleko ordezkari politikoekin batera. Batzordea urtean hiru aldiz elkartzen da eta herriko GKEen eta Udalaren arteko koordinazio gune bat izatea du helburu, proposamenak, iradokizunak, eskaerak, kezkak eta kexak eztabaidatzeko.
“Horrelako espazioek herritarren parte-hartzea indartzen dute, erakundeen eta gizarte zibilaren arteko elkarrizketa sustatzen du, lankidetza politiken kalitatea hobetzen du eta gardentasuna eta kontu-ematea bermatzen du”, azaldu du Iñigo Odriozola Kooperazio Kontseiluko kideak. “Azken finean, Kontseiluak Zarautzen elkartasunaren eta nazioarteko lankidetzaren aldeko tradizio eta konpromisoa indartze eta gizarteratzen lagundu du urte hauetan”.
Hiru hamarkada lankidetzaren bidean
1994. urtean atera zuen Zarauzko Udalak lankidetzarako bere lehen dirulaguntza deialdia. Garai hartan 3.000.000 pezetakoa izan zen lehena eta, ideia bat egiteko, 2025ean Zarauzko Udalak lankidetzara bideratutako aurrekontua 278.288,73 eurokoa izan zen.
Ordutik, Zarauzko Udalak 5.025.007 euro bideratu ditu lankidetza-proiektuetara, gutxienez, bere aurrekontuaren % 0,7-a lankidetzara bideratzen duelarik. “Guk ez dugu ulertzen karitate ekintza gisa, baizik eta justizia sozialaren ikuspegitik. Izan ere, argi dugu gure ongizatearen zati bat munduko beste leku batzuetako desoreken ondorio dela eta, neurri apal batean bada ere, hori zuzentzea justizia kontua dela”, argitu du Aranak. “Ildo horretan, harro gaude urte hauetan guztietan, 300 proiektu baina gehiago babestu ditugulako, munduko 38 herrialde pobretuetan garapen-lankidetza sustatuz”.
Marko hau kontuan izanik, Udalak, Kooperazio kontseiluak eta Zarauzko GKEen Koordinadorak egindako ibilbidea balioan jarri nahi dute. Horretarako, esan bezala komunikazio kanpaina bat gauzatuko da, garapenerako lankidetzak dauzkan aspektu desberdinak aditzera emateko.
Urteari amaiera emateko, abenduaren 10ean, Nazioarteko Giza Eskubideen Egunean, ekitaldi berezi bat antolatuko da Modelo Aretoan, ibilbide guzti hau balioan jartzeko eta elkarren artean ospatzeko. Honekin batera, ekitaldi horretarako Zarautz GUKArekin elkarlanean urte hauetako ibilbidea jasoko duen dokumentala ere egingo da. Dokumentalean, hegoaldeko herri pobretuetan lankidetzan aritzen direnei emango zaie protagonismoa eta, noski, bertakoei ere.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010
