Eduki publikatzailea

Atzealdea Kultura 2025 lehen seihilekoa

Twitter

2025EKO LEHEN SEIHILEKORAKO KULTUR ESKAINTZA AURKEZTU DU UDALEKO KULTURA DEPARTAMENTUAK

2024/12/18

Urtarrilaren 10ean, ostiralean, ekingo zaio Zarauzko Udaleko kultura departamentuak antolatutako kultur programazioari. Urtarrilean hasi eta ekaina bitartean, antzerkia, musika, dantza, erakusketak eta literatura solasaldiak izango dira, besteak beste. Sarrerak abenduaren 20an jarriko dira salgai, Modelo aretoko leihatilan eta on line.

Musika eta dantza

Modelo Aretoan eskainiko diren ikuskizunei dagokionez, bi kontzertu eskainiko dira: ANJE DUHALDE eta MAITE LARBURU izango ditugu gure artean, urtarrilaren 10ean eta maiatzaren 9an, hurrenez hurren. Iparraldeko kantari beteranoak euskal folk eta rockean egindako ibilbide oparoa errepasatuko du emanaldian, eta Maite Larburuk, aldiz, kaleratu berri duen Maizter diskoa aurkeztuko du.

Dantzari dagokionez, Haatik dantza konpainiak OTS lan berria aurkeztuko du apirilean. Lan hau Herri Gogoa Euskal Herriko lehen zigilu diskografikoan islatutako mugimendu kultural abangoardista berrinterpretatzeko bultzada gisa sortu da.

Antzerkia

Antzerkiak ere izango du bere lekuan datozen hiletako programazioan. Urtarrilaren 24an, Antton Telleriak NININI komedia berria aurkeztuko du. Otsailean, aldiz, Kamikaz Kolektiboaren azken lanaz gozatzeko aukera izango da. RENATA antzezlanak umorea eta absurdua uztartzen ditu, eta Iraia Elias, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala ditu protagonista.

Martxoan, Dejabu konpainiaren ITZULERA izango da ikusgai. Proiektu eszeniko berri hau umorez, poesiaz eta akzioz beteta dago. Auto-fikziozko obra honetan, konpainiako kideek euren sormenaren eta identitatearen zentzua zalantzan jarriko dute. Programazioaren azken antzezlana ekainean izango dugu, eta Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola izango ditu protagonista. ARIZONA antzezlanak mugei, migrazioari, giza ergelkeriari eta manipulazioaren mugei buruzko gogoeta egiten du, bizitzaren basamortuan galdutako bi gizakiren arimaren erretratu tragikomikoaren bidez.

Modelo aretoko musika, antzerki zein dantza emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Haur eta familientzako emanaldiak

Ohi bezala, hilean behin haur zein familientzako ikuskizunak izango dira Modelo aretoan, igande arratsaldeetan, 16:45etik aurrera.

Herrialde Katalanetako Gira Magic konpainiak KARIGURI lan berria ekarriko du Modelora. Irudimena eta harridura eragiten dituen ikuskizun sortzaile eta parte-hartzailea da. Magia, txotxongiloak, maskarak eta klowna uztartzen ditu, besteak beste. Otsailean, Ene Kantak taldearen ikuskizun berria izango da BISONTE MASTODONTEAREN BILA. Betiko pertsonaiak abentura berri batean murgilduko dira. KUTXARTEAN ikuskizuna martxoan aurkeztuko du Teatro Paraiso konpainiak, mundua abentura handiak bizitzeko kutxa handi bat dela iradokiz.

ELARA antzezlanarekin, galera eta doluaren gaiak jorratuko ditu Mar Mar konpainiak. Elarak bidaia espazial bati ekingo dio bizitzaren zentzua ulertu nahian. Amaitzeko, maiatzean MUNDUA PITZATUTA DAGO, BAINA HANTXE GABILTZA OINEZ taularatuko du Tanttaka konpainiak. Alabarekin nola komunikatu ez dakien aitak paperezko hegazkin bat bidaltzen dio egunero balkoitik agur esateko, eta aitak literatura-misioak jartzen dizkio alabari.

SARRERAK ABENDUAREN 20TIK AURRERA

Modelo aretoko programazioko sarreren salmenta abenduaren 20an hasiko da aretoko leihatilan eta, aldi berean, on line. Agenda ohiko lekuetan egongo da eskuragarri (Modelon, Sanz Enean, Turismo bulegoan…), baita sare sozialetan eta www.zarautz.eus webgunean ere.

Erakusketak

Modelo aretoaz gain, Sanz Eneako zein Torre Luzeako erakusgeletan erakusketak izango dira. Gai eta diziplina desberdinak jorratzen dituzten erakusketa hauetarako sarbidea librea da.

Ordutegiak:

- Sanz Enea: egunero zabalik 18:00etatik 20:00etara
- Torre Luzea: asteartetik igandera 18:00etatik 20:00etara

Solasaldiak eta irakurle taldeak

Liburutegian, zortzi dira urtarriletik ekainera bitartean arituko diren irakurle taldeak. Haur txikienek Miriam Mendozaren ipuin kontaketen bidez tarte zoriontsua pasatzeko aukera izango dute, ohi bezala. Bestalde, haur eta gaztetxoen literatura taldeak indartuta datoz. Nerea Loiolak gidatutako Txilimikuarte (DBH4 eta DBH5eko haurrak) taldeak jarraituko du, eta era berean, aurten sortutako Gazte Literatura Taldeak (DBHko gazte taldea) bere bidea egiten jarraituko du.

Helduen solasaldiei dagokienez, Slawka Grabowskak gaztelaniazko hiru solasaldi eta ingelesezko bat gidatuko ditu. Nerea Loiolak, aldiz, euskarazko bost solasaldi bideratuko ditu.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010