Eduki publikatzailea

Atzealdea Kultur Merezimenduaren Domina Anjel Lertxundi

Twitter

ZARAUZKO UDALAK ANJEL LERTXUNDI ESNAL ZARAUZTARRARI KULTUR MEREZIMENDUAREN DOMINA EMATEA ADOSTU DU AHO BATEZ

2023/04/28

Zarauzko Udalak Kultur Merezimenduaren domina emango dio Anjel Lertxundi idazleari. Hala erabaki du Udaleko Osoko Bilkurak aho batez ostegun honetan ospaturiko apirileko Ohiko Batzarrean.

Euskal idazlerik oparoenetakoa dugu Anjel Lertxundi. 1948 urtean jaio zen, Orion, nahiz eta Zarautzen bizi den txiki-txikitatik. Donostian Magisteritza ikasi zuen, eta Filosofia eta Letrak ikasketak egin zituen Erroman eta Valentzian.

Irakasle izan zen Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolan, eta bertako zuzendari lau urtez. Euskal Literaturaren eta Literatura Unibertsalaren irakasle ere izan zen Donostiako Elizbarrutiko Magisteritza Eskolan 1979tik 1989ra. Euskal Idazleen Elkartearen sorreran, 1982an, erakundearen presidente izendatu zuten, eta kargu hartan aritu zen 1985. urtera arte.

Anjel Lertxundik asko idatzi duen idazlea da, eta bi ezizen erabili izan ditu idazle-lanetan: Andu —aitaren baserriaren izena— eta Iñaki Aldai.

Hitz-jokoen zalea, hiztegia iraultzeko eta aberasteko bultzatzaile nekaezina da. Euskarak duen idazle onenetakotzat jotzen da Lertxundi, ofizio handikoa da oso.

Literaturaren alor guztiak jorratu ditu, eleberri eta ipuinetatik hasi eta itzulpen eta saiakerara, haur eta gazte literatura ahaztu gabe. Bere lan-emaria etengabea eta askotarikoa izan da, hainbat alorretan. Kazetaritzan hainbat hedabiderekin kolaboratu du (Egunkaria, Berria, Diario Vasco…), eta, arlo artistikoari dagokionez, hainbat erakusketa-katalogo egin ditu (Ramón Serras, Agustín Sagasti, Andrés Nagel…); izan ere, bere hitzetan, artea tresna indartsua da barruak astintzeko eta kontzientziak esnatzeko. Sarritan ibili da literatura eta zine kritikak egiten, eta telebistan ere lan egin du, telesailetako gidoilari eta aholkulari modura.

Zinema munduan ere murgildu da, eta bi pelikula zuzendu ditu: 1984an, Hamaseigarrenean, aidanez (izen bereko bere liburuan oinarriturik), eta 1987an, Kareletik. Bere eleberrietako bat ere zinemara moldatua izan zen: Zorion Perfektua. 2021. urtean, Ohorezko Euskaltzain izendatu zuten.

Zarautzekin lotura sendoa izan du betidanik. Ikastolaren lehen urteetan irakasle izateaz gain, herria, bere txikitasunean, handi egiten duten pasarte eta bitxikeriak gordetzen dituen liburua argitaratu zuen 1993. urtean: Tresak eta kordelak. Liburua, bere horretan, altxor txiki bat da zarauztar ororentzat. Gure herria nolakoa izan zen, nolako ohiturak zeuden, gurasoen edota aitona-amonen jolasak nolakoak ziren... ezagutzeko ipuin-bilduma zoragarria baita, bertako istorioak, ipuinak eta kontuak aztertu eta ezagutzeko aukera paregabea.

Mota askotako kontaketak egiten dizkigu Anjelek. Alde batetik, ipuin zaharrak (Hiru olatuak) aurkitzen ditugu, letra larrizko historian ezkutatutako istorio txikiak bestetik (Gustav, Euskal jaien sorrera…) eta, azkenik, gure arbasoen gorabeherak, gehienetan itsasoari lotuak, itsasoa ezin baitugu Zarauzko izaeratik banatu. Gauzak asko aldatu dira, ordea, Zarautzen. Arrantzale eta baserri giroko herri txiki izatetik, tailer txikiak eta turismoa gailendu diren herri bilakatu gara. Anjelen istorioek herriko sustraietara itzultzen gaituzte, etorkizunera begira bizi arren, gure aurrekoen esperientzia ere kontuan har dezagun, etorkizun argirik ezin baita eraiki iragana behar bezala ezagutu gabe.

Kultur Merezimenduaren dominaren ekitaldia

Zarauzko Udalak hartutako erabaki hau ekainaren 20an ospatuko den ekitaldi batean islatuko da. Lehenik, udaletxean ospatuko den ekitaldi instituzionalean, Anjel Lertxundik Zarauzko Kultur Merezimenduaren domina jasoko duen udaleko ordezkarien eskutik eta, ondoren, Modelo Aretoan, Anjel Lertxundiren inguruko mahainguru bat egingo da omenduarekin eta beste hainbat gonbidaturekin.

Honez gain, urtero Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituen Udako Ikastaroen baitan, Anjel Lertxundi, idazlea eta obra ikastaroa antolatu du Zarauzko Udalaren lankidetzarekin. Ikastaro hau ekainaren 29 eta 30ean gauzatuko da eta, bertan, euskal literaturan eta Anjel Lertxundiren obran adituak diren hainbat pertsonen gidaturiko saioak izango dira.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010