Eduki publikatzailea
Atzealdea

koronobirusa neurriak

GIZARTE ZERBITZUAK INDARTZEA ETA LAGUNTZA EKONOMIKO MULTZOA COVID-19AREN KRISIAREN AURREAN

Ekitaldia edo albistearen eguna honako hau da : 2020/03/24

Alarma-egoera deklaratu zenetik lehen astea bete da, eta joan den asteburuan egoera hau gutxienez 15 egunez luzatuko dela iragarri ondoren, Zarauzko alkateak, Xabier Txurrukak, zarauztarren gehiengoari eskerrak eman nahi dizkio "konfinamenduko lehen aste honetan erakutsitako konpromisoagatik, erantzukizunagatik eta elkartasunagatik".

"Gaixorik dauden pertsonei eta haien senideei elkartasuna adierazten diet. Ez zaudete bakarrik. Eskerrak eman nahi dizkizuet, bereziki, une zail hauetan zuen laguntza eta baliabideak eskaintzeko Udalarekin harremanetan jarri zaretenoi: osasun-arloko profesionalak eta era guztietako boluntarioak, makerrak 3D inprimagailuekin, jostunak… baita behar den guztian laguntzeko prest, zuen instalazioak, generoa eta zuen eskuak gure zerbitzura jarri dituzuen jatetxe eta tabernak ere. Eskerrik asko guztioi".


Gizarte Zerbitzuak, gelditu gabe
Gizarte Zerbitzuetako Departamentuko langileak ez dira gelditu azken astean. Izan ere, alarma-egoera deklaratu zenetik, jarrera proaktiboa hartu dute sozialki ahulenak diren pertsonen eta kolektiboen babesgabetasun egoerak identifikatzen eta, ahal dela, aurreratzen saiatzeko.


Haien egoera egiaztatzeko, telefonoz deitu zaie adineko pertsona guztiei, bai etxez-etxeko laguntza zerbitzuen, telealarmaren eta abarren erabiltzaileei, baita departamenduak iaz bakardadearen inguruan egindako azterketan identifikatutakoei ere. Era berean, harremanetan jarri dira zaurgarritasun egoeran edo bazterkeria egoeran dauden pertsona eta familiekin.


"Beste departamendu eta zerbitzuetako giza baliabideak Gizarte Zerbitzuen arretan laguntzeko bideratu dira. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ‘Guztion artean’ boluntario sarearekin, eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean, boluntario talde bat aktibatu da, berme guztiekin, asegurua barne, behar den neurrian jarduteko”, zehaztu du Txurrukak.


Era berean, gure herrian antzemandako etxerik gabeko pertsonei babesa bilatu zaie.
Gizarte Zerbitzuetako sailak atzemandako kasuen jarraipena sakona da. Hala ere, egoera berri horren aurrean laguntza behar duten pertsonak egotea gerta daiteke. "Edozein laguntza behar duen norbaiten berri izanez gero, deitu 010 telefonora. Zuen esanetara gaude”, zehaztu du Txurrukak.


Herritarren arreta indartzea
"Udalak irekita jarraitzen du herritarren zerbitzura. Orain, inoiz baino gehiago, herritarrek Udala euren zerbitzura dagoela sentitzea nahi dugu”. Alkateak jakinarazi duenez, udal langileen artean telelana ezartzen ari dira, eta, gaur egun, “etxetik egiten dute lana eta herritarren deien arreta”. Horrez gain, eta Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jartzeko beharra duten pertsonei arreta emateko, 010 telefonoak ordutegia zabaldu du. "Telefonoa 8:00etatik 18:00etara egongo da erabilgarri egunero, arretarako prest, larunbat eta igandeak barne, krisiak irauten duen bitartean”.


Era berean, alkateak jakinarazi duenez, “epe administratibo guztiak etenda daude, beraz, tramiteek eta ordainketek itxaron dezakete. Gure laguntza behar duten herritarrak artatzeak ezin du itxaron. Ezinbestekoak eta beharrezkoak diren gaietara gaude”.


Neurri ekonomikoen azterketa
Arlo ekonomikoari dagokionez, udal zerga eta tasa batzuen ordainketa atzeratzeko aukera ebalua dezala eskatu zaio Udaleko Ekonomia departamenduari; ahal dela, uda ondoren arte. Azterketa hori eta dagozkion erabakiak Aldundiarekin koordinatu behar dira, eta, beraz, publiko egingo dira datozen asteetan zehar. "Ordainketak malgutu eta erraztu nahi dugu, eta, zentzuzkoa denez, zerbitzuak ematen ez diren bitartean, zerbitzuen tasak eta kuotal ez kobratzea proposatzen dugu", azaldu du Txurrukak.


Zarauzko Udalak dagoeneko hitz egin du Udal Elkartearekin osasun krisi honetan jarduerarik gabeko establezimenduei hondakinen tasa ez kobratzeari buruz. Gauza bera gertatuko litzateke kiroldegiko ikastaro eta kuotarekin, adibidez.


Baina zerbitzu batzuk gelditu edo murrizten diren bitartean, beste batzuekin aurkakoa gertatzen da. Garbiketa zerbitzuaren kasua da hau. Kale garbiketa eta desinfekzioa areagotu egin da, eta, horretarako, kamioi-zisterna bat gehitu da zerbitzura. Era berean, intentsiboki garbitu dira herri pasaguneak eta hondakinen edukiontziak.


Zuregatik eta guztiengatik, geratu etxean
"Herritarroi dagokionez, konfinamendua da kutsatze gehiago prebenitzeko neurririk eraginkorrena. Zarauzko herriak berehala ulertu du, eta herritar gehienak euren oinarrizko beharrak asetzeko edo lan egiteko baino ez dira ateratzen etxetik. Denok dakigu ezin dela etxetik irten, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik, eta guztioi dagokigu arau zorrotz hauek betetzea", zehaztu du Txurrukak.


Zentzu honetan, azken astean, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 50 espediente ireki dituzte Zarautzen, konfinamendu betebeharra ez betetzeagatik. "Eskerrak eman nahi dizkiet Udaltzaingoari eta Ertzaintzari une gogor hauetan egiten ari diren lan handiagatik", gehitu du Txurrukak.
“Udalaren martxari dagokionez, argi dago egungo egoerak zerikusi gutxi duela hilabetekoarekin, 2020ko aurrekontuak onartu genituenean. Orain, Covid-19aren krisiari aurre egiteko behar diren baliabide guztiak eskaini behar ditugu, kaltetuenei laguntza emanez. Lana ez egitera behartuta dauden langile eta autonomoengan pentsatzen dut, haien familiengan, diru-sarrerarik gabe baina gastuak dituzten horiengan, ERTE egoerekin eta abarrekin. Erakunde guztiok erantzun behar diegu krisialdi honen ondorioei, berehala, modu adostuan eta koordinatuan, gure esku dagoen neurrian, pertsonen ekonomiari eutsiz. Jakitun gara egungo egoerak ziurgabetasun handia sortzen duela, baina, era berean, argi dugu egoera honi irteera ona emateko, guztiok bat eginik izan behar duela. Indarra eta itxaropena guztioi”, burutu du alkateak.


Web edukia bistaratu

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010