Eduki publikatzailea
Atzealdea

Kiroldegia normaltasunera

Twitter

ARITZBATALDE KIROLDEGIAK NORMALTASUNERA ITZULTZEKO PAUSOAK EMANGO DITU DATOZEN EGUNETAN

2021/10/06

Euskadik desaktibatu egin du osasun larrialdia eta murrizketa gehienak bertan behera geratuko dira ostegunetik aurrera, oinarrizko prebentzio neurri batzuek indarrean jarraituko duten arren. Hala, Zarauzko Udaleko Kirol departamenduak jakinarazi du datozen egunetan Aritzbatalde Kiroldegian lehen bait lehen normaltasunera itzultzeko pausoak emango direla.
 
Leire Aranak (EAJ-PNV) Kirol zinegotziak adierazi duenez, “neurriak bertan behera ostegunean geldituko diren arren, departamendu mailan orain arteko sistema kentzeko lanean dihardugu egun hauetan. Izan ere, lanketa handia egin zen erabiltzaileen segurtasuna bermatuko duen sistema bat martxan jartzeko eta, orain, bertan behera uzteak ere lanketa bat dakarki, besteak beste, garbiketa eta zerbitzuaren berrantolaketan. Ostiralean emango ditugu lehen pausoak eta, pixkanaka, joango gara pandemia aurreko egoerara itzultzen”.
 
Euskadin bertan behera utzitako neurrien artean, edukiera eta ordutegi mugak bertan behera geldituko dira. Hala, Aritzbatalde Kiroldegian erreserba sistema kenduko da ostiraletik aurrera (urriak 8) eta erabiltzaileek instalazioaren erabilera librea egin ahal izango dute. Sarrera irteeretan ‘pilaketak’ ekidite aldera, honela antolatu dira hauek:

 

- Fitness gunerako: sarrera tornoetatik, irteera lehen solairuko larrialdi atetik.
- Lehorreko ikastaroak: sarrera tornoetatik, irteera bigarren solairuko larrialdi atetik.
- Igerilekua eta igerilekuko ikastaroak: sarrera tornoetatik, irteera harrera ondoko larrialdi atetik.
 
Zentzu honetan, Kirol zinegotziak jakinarazi duenez, salbuespen moduan Igerileku txikirako erreserba sistema mantenduko da larunbat eta igandeetan: “Asteburuetan familia asko dira igerileku txikiaz gozatzera etortzen direnak eta, askotan, pandemia baino lehen gertatu izan den bezala, igerilekuko aforoa bete egiten da eta familiek Harreran itxaron behar izaten dute aforoa arindu bitartean. Erreserba sistema mantenduz, familiek igerilekuko erabilera egitea bermatzen dugu”. Txandak orain arte bezala mantenduko dira.

 

Ordutegiari dagokionez, astegunetan 6:15etik 21:30era egongo da zabalik Aritzbatalde Kiroldegia, larunbatetan 8:00etatik 13:30era eta 15:30etik 20:00etara, eta igandeetan 8:00etatik 13:30era.

 

Azkenik, Aranak gogorarazi du instalazio barruan maskararen erabilera derrigorrezkoa izango dela: “Erabiltzaileok arduratsuak izan behar dugu, norberaren segurtasuna eta beste erabiltzaileena bermatzeko. Osasun larrialdia amaitu da baina oraindik normaltasun osora iristeko azken txanpa falta zaigu”.


Web edukia bistaratu

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010