Eduki publikatzailea

Atzealdea kiroldegia neurri berrietara egokitzen

Twitter

ARITZBATALDE KIROLDEGIAK NEURRIETARA EGOKITZEN JARRAITZEN DU, ETA HAINBAT IKASTARO ETA ZERBITZU BERRAKTIBATU DITU

2021/01/18

COVID19-aren prebentziorako Eusko Jaurlaritzak hartutako azken neurriei dagokionez, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuak urtarrilaren 12an (1/2021 Dekretua, abenduaren 10eko 44/2020 dekretuaren aldaketak ekarri dituena), Zarauzko Udalak Aritzbatalde Kiroldegiko instalazioetan egindako azken aldaketen berri eman die erabiltzaileei.

Alde batetik, aurreko dekretuak geldiarazitako eskola adinean dauden 6 eta 14 urte bitarteko haurren ikastaroak berraktibatu dira. Era berean, Zarautzen COVID19ak eragindako kasu positiboen azken 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiagokoa den bitartean, eta, beraz, Zarautz kolore gorrian ez dagoen bitartean, aldagelak irekita mantenduko dira %30eko aforoan eta dutxak bakarka erabiltzeko aukera izango da, eta instalazioetako aforoak %40ekoak izaten jarraituko du. Zarautz gorrian sartuko balitz, aldagelak itxi egingo lirateke, bakarrik, fitness eta bigarren solairuan.

Leire Arana (EAJ-PNV) Kirol zinegotziak azpimarratu duenez, “Udalak pandemiaren bilakaeran sor daitezkeen neurri berrietara egokitzen jarraituko du, beti ere, Ariztabatlde Kiroldegiko erabiltzaileen segurtasuna lehenetsiz eta ahalik eta eragozpen gutxien eragiten saiatuz. Era berean, gogoan izan behar dugu garrantzitsua dela uneoro 1,5 metroko segurtasun tartea mantentzen jarraitzea eta maskara uneoro jantzita izateaz (igerilekuan uretara sartzen garenean izan ezik, noski)”.

 

Abonuaren prezioa izoztu egin da 2021ean

Abenduaren 22an ospatutako osoko bilkuran, Zarauzko Udalak 2021 urterako Ordenantza Fiskalak onartu zituen. Ordenantza hauetan, besteak beste, Aritzbatalde Kiroldegiko abonatuen kuoten tasak izoztu dira.

Era berean, zenbait kolektiboren adin-tarteak aldatu egin dira, eta, hala, abantailak sortu dira batzuentzat: “Orain arte, 0-3 urte bitarteko haurrek ez zuten abonatu kuotarik ordaintzen; orain, 4 urtea arte luzatu dugu adin tarte hau. Halaber, orain arte 4tik 18ra bitartekoa zen gazteen adin tartea, 4tik 23 urte bitartera zabaldu da. Azkenik, 80 urtetik gorako abonatuek doakoa izango dute kuota”, azaldu du Aranak.

Zentzu honetan, Aritzbatalde Kiroldegitik jakinarazi dute 2021 urteko urtarriletik aurrera, abonatu kuotaren %100a kobratuko dela, ondoko arrazoiak oinarri: larunbatetan kiroldegia ez da eguerdian itxiko (ordutegia jarraian 8:00etatik 20:00etara) eta igandeetan irekiera ordua aurreratu da (ordutegi berria 8:00etatik 14:00etara); izan duten arrakasta ikusita, doako Express saioen eskaintza zabaldu da fitness gunean, asteko 7 egunetara; larunbat goizetan doako Master Class-ak eskainiko dira (honen berri aurrerago emango da); dutxa zerbitzuak martxan jarraitzen du (abendu erdian berriz aktibatu ziren); squash guneko eta frontoiko erreserbak berraktibatu dira; eta, azkenik, Kirol Orientazio Zerbitzua (KOZ) martxan jarri da berriro, doan, zarauztar guztientzat.

 

Erreserbak baliogabetzeko sistema aldatu da

Erreserben eskari handia dela eta, batez ere igerileku txikian, erreserbak baliogabetzeko sistema aldatu da, erabiltzaileei aukerak zabaltzeko asmoz.

Hala, orain arte erreserba bat bertan behera utzi zitekeen, txanda hasi baina 15 minutu lehenago. Orain, erreserba 12 ordu lehenago baliogabetu beharko da.

 

Ikastarogileentzat informazioa

1/2021 dekretu berriak aukera eman du geldituta zeuden haur igeriketa ikastaroak berraktibatzeko. Ikastaro hauek urtarrilaren 18tik aurrera hasiko dira berriz, ordutegi eta monitore berberekin. Hasiera batean, ikastaroen 5 asteko iraupena izango dute. Era berean, igeriketa ikastaroetan behar bereziak dituzten haurrentzat laguntzeko monitore zerbitzuari berrekin zaio. Azkenik, Dortoka mailako 2. hiruhileko ikastaroak aktibo jarraitzen du.

Helduen igeriketa ikastaroei dagokionez, urtarrilean bi maila ezberdinetako ikastaroak aktibatu ziren eta, arrakasta handia izan dutenez, ikastaro gehiago abiarazteko asmoa dago.

Dekretu berriari esker, gazteek ere berriz ekin diezaiokete kirol jarduerari, eta, hala, GazteFit ikastaroa berraktibatuko da, ordutegi eta talde berberekin.

“Pixkanaka, eta pandemiak ahalbidetzen duen neurrian, Aritzbatalde Kiroldegiko zerbitzuak zabaltzen goaz. Gure asmoa da datozen asteetan ikastaroak aktibatzen jarraitzea, hauetako batzuek berriak, hala nola Entrenamendu Funtzionala izeneko ikastaroa. Harrera ona izango duela aurreikusten dugu. Ikastaro honen berri laster emango dugu”, burutu du Kirol zinegotziak.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010