Eduki publikatzailea
Atzealdea

kiroldegia ekainaren 22an irekiko da

Twitter

KIROLDEGIA EKAINAREN 22AN ZABALDUKO DA, HARRERA ZERBITZUA ETA IKASTARO ESKAINTZAREKIN

Ekitaldia edo albistearen eguna honako hau da : 2020/06/17

Zarauzko Aritzbatalde Kiroldegia hiru hilabetez itxita egon da COVID-19 pandemiak eragindako larriadi egoera medio. Udalak jakinarazi du normaltasun berriarekin batera, ekainaren 22an, eta modu mailakatuan, Aritzbatalde Kiroldegia zabalduz joango dela, higienea eta segurtasuna uneoro bermatzeko.

Leire Aranak (EAJ-PNV) Kirol zinegotziak eskerrak eman dizkie Aritzbatalde Kiroldegiko erabiltzaileei “COVID19aren ondorioz instalazioak itxita mantendu behar izan ditugunean izan duten jarrera onagatik”: “Ekainaren 22an instalazioak zabaltzen hasiko gara eta, ezinbestez, baldintza eta arau berriak orain arte ezagutu ditugun erabilera baldintzekin alderatuta ezberdinak izango dira. Horregatik, erabiltzaile guztiei pazientzia eskatu nahi diegu. Lan eta ahalegin handia egiten ari gara osasun baldintzak kontuan hartuz ahalik eta zerbitzu onena emateko. Hala ere, gaur eta datozen egunetan aurkeztuko ditugun erabilera baldintzak Covid19 krisiaren garapenaren arabera alda daitezke”.

Zinegotziak azaldu duenez, Aritzbatalde Kiroldegia zabaltzeko COVID-19 Kontingentzia Plana prest du Kirol departamenduak: “Kontingentzia Plana eragile ezberdinekin elkarlanean landu dugu eta xede nagusia zerbitzuak langile zein erabiltzaileentzat segurtasun eta higiene berme guztiekin eskaintzea da”. Horretarako, kiroldegia bost sektoreetan banatu dute: Harrera, Ikastaroak (bigarren solairuan), Igerilekua, Fitness (lehen solairuan) eta Kiroldegiko alde zaharra (frontoiak erreserbatzeko eta ZKE udalekuentzat). Sektore bakoitzak sarrera eta irteerak bereizita izango ditu COVID19-aren baldintza nagusiena betetzeko: distantzia soziala erabiltzaileak ahalik eta gutxien elkar gurutzatzea. Hala, sektore bakoitzaren baitan erabiltzaileei zirkulazio-bideak zehaztuko zaizkie seinalitika bidez. 

Era berean, Aranak azaldu du higiene eta segurtasunerako neurri ugari hartzea ere jasotzen duela Planak: “Besteak beste, higiene puntuak (erabilera aurretik eta ondoren eskuak eta makinak desinfektatzeko) eta gune  bakoitzerako berariazko funtzionamendu-araudiak eta protokoloak. Hau guztia Osasun agintaritzaren ikuskaritza, oniritzia eta une bakoitzerako arauz eskatzen diren osasun neurriekin bat eginez”. 

Hala, ekainaren 22an Harrera zerbitzua eta Ikastaroak aktibatuko dira, dena ondo bidean, Fitness eta Igerilekua ekainaren 29an. 

Harrera zerbitzua eta ikastaroak martxan, ekainaren 22an. 
Kiroldegiko Harrera zerbitzua aurrez-aurreko arretarako ekainaren 22an zabalduko den arren, ekainaren 17tik aurrera kiroldegiko 943 00 51 23  telefonoa eta kirola@zarautz.eus helbide elektronikoa martxan egongo dira 8:00etatik 17:00etara, arreta eta informaziorako.

Aurrez-aurreko arreta zerbitzua astegunetan eskainiko da, 8:00etatik 20:00etara, eta aurrez hitzordua eskatu beharko da 943 00 51 23 telefonora deituta edo kirola@zarautz.eus helbide elektronikora idatzita. Hitzordura puntual etortzea eskatuko da.

“Ikastaroei dagokionez, 2019/2020 ikastaroak halabeharrez amaitutzat eman behar izan ditugu, baina, jakinda aurtengo uda inoizko ezberdinena izango dela, Aritzbatalde Kiroldegiko 2020 uda-kanpainako eskaintza ere inoizko zabalena prestatzen saiatu gara. Betiere segurtasuna bermatzen duten kontakturik gabeko eta espazio handietako ikastaroak eskainita”, aurreratu du Aranak. 

Hala, ondoko ikastaroetan izena emateko aukera izango da, ekainaren 17tik aurrera: GAZTE ESKAINTZA (12-16 urte): Gazte-yoga, Gazte-fit eta Gazte-spinning; HELDUENTZAT ESKAINTZA (16 urtetik gora): Yoga, Pilates, Zunba, Total Training, Spinning, SpinTonif, Hipopresiboak, Aktiba, OsasunfFit, GAP-Core, Stretching, Postural Balance; eta +60 HELDUENTZAT ESKAINTZA: OKI (oreka, koordinazioa eta indarra). 

2020 udako ikastaroak, momentuz, ekainaren 22an hasiko dira eta uztailaren 30en amaitu. Lehentasuna martxoan ikastaro hauetan izena emanda zuten erabiltzaileek izango dute eta plaza libreak ohi bezala eskainiko  dira. Ikastaro guztiak bigarren solairuan eskainiko dira eta sarrera zein irteera Araba kaleko eskaileretatik egokitu da. Aldagelak (8 pertsonako aforoa) eta takilak erabilgarri egongo dira, garbiketa eta desinfektatzeko plan zehatzaren baitan.

Fitness gunea, Igerilekuak eta frontoien erreserba martxan, ekainaren 29an
Kirol zinegotziak aurreratu duenez, dena ondo bidean, Fitness gunea (lehen solairuan, pisu libreko gunea  izan ezik), igerilekuak (gune termala izan ezik), eta frontoien erreserba aukerak ekainaren 29an zabalduko dira: “Momentuz, %50eko aforoarekin zabalduko ditugu espazio hauek, eta erreserba bidezko sistema aktibatuko dugu horretarako. Honez gain, aforo muga dagoen bitartean ez da mugimendu librea baimenduko Kiroldegiko bost sektoreen artean. Adibidez, fitness aretoa erabiltzeko erreserba egiten duen erabiltzaileari sarbidea Fitness sektorerako bakarrik baimenduko zaio, eta erreserba duen orduan, erabilera iraupen muga batekin”.

Fitness, igerilekua eta frontoien erreserben baldintzei buruzko informazio zehatza datozen egunetan emango dutela jakinarazi du Aranak. Zehaztasun horien artean bazkidetza kuotari dagozkion ezaugarri berriak zehaztuko dira jakinda zerbitzuetan izango diren aldaketak, bitartean bazkidetzari dagozkion tramiteak etenaldian jarraituko dute. 

Erabilera baldintza eta arau berriak
Kiroldegia zabaltzeko “Aritzbatalde COVID19 araudia” prestatu da: neurri orokorrak, batetik, erabiltzaile guztiei zuzenduta, eta, bestetik, gune bakoitzeko funtzionamendu arauak. 

“Araudi orokorrean, neurri orokorrak jasotzen dira, ezinbestekoak, hala nola, maskararen erabilera instalaziora sartzeko eta zirkulatzeko (kirola egitean soilik kenduz), eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea sarrera-irteeretan,  distantzia soziala mantentzea, tamaina handiko toalla (jardueretan babes hartzeko), toaila txikia (izerdi-higienea) eta norberak bere ur ontzia ekartzea” zehaztu du Kirol zinegotziak. 

Garbiketa zerbitzua indartu
Segurtasun eta higiene neurriak bermatzeko, Aritzbatalde kiroldegian garbiketa zerbitzua berregokitu dute: “Egun osoan zehar sektore bakoitzeko garbitzaileen lan-talde zehatzak lanean izango dira garbiketa eta desinfekzio lanak egiten. “Era berean, ekipamendu osagarriak zehaztu dira higiene postuetan:  hidrogela sarrera-irteera ate bakoitzean; eta desinfektatzeko likidoa, papela eta dagokion zakarrontzia makinariak kokatzen diren eremuetan”, burutu du Aranak. 

 

 

 


Web edukia bistaratu

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010