Eduki publikatzailea
Atzealdea Kalerki 2026
UZTAILAREN 2TIK 4RA BITARTEAN OSPATUKO DA KALERKI KALEKO ARTEEN JAIALDIA


2026/06/16
Kalerki jaialdiaren 33. edizioak uztailaren 2tik 4ra hartuko ditu Zarauzko kaleak. Egun hauetan zehar, antzerkia, dantza, zirkua eta beste hainbat diziplinatan sortutako ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute herritarrek zein kanpotik etorritakoek.
Programazioa 12 ikuskizunek osatzen dute. Ohi bezala, Euskal Herriko konpainien presentzia nabarmena izango da, baina gurean izango dira ere kanpotik etorritako konpainiak. Hala nola, Kataluniatik, Espainiatik eta Italiatik etorritako konpainiak izango ditugu.
Euskal konpainien artean, bi datu dira nabarmentzekoak. Batetik, estreinaldi bat izango dugu uztailaren 4an. Barsanti konpainiak ‘Kodizia Late Night’ emanaldia eskainiko du. Denboran eta historian zehar bidaia bat proposatuko digu konpainiak komedia honetan, eta umoreaz baliatuta, gaurkotasuneko gai ugari jorratuko ditu.
Bestalde, Karrikan plataformaren 2025eko sorkuntza laguntza jaso duen ‘Haritik tiraka’ antzezlana aurkeztuko du Bitsa konpainiak. Aurtengo Umore Azokan Euskarazko Ikuskizun Onenaren saria eskuratu duen lan honek, kale antzerkia, narrazioa, objektuen erabilera eta biolontxeloaren zuzeneko musika konbinatzen ditu.
Ikuskizun hauei batuko zaizkie Ertza, Haatik eta Asvin & Pia euskal konpainiak. Dantzaren alorrean, ‘Otempodiz’ pieza ikusgarria eskainiko du Ertzak, Mozanbike eta Euskal Herriaren arteko sorkuntza artistikoa. Haatik dantza konpainiak, aldiz, kalearen erabilera soinuaren bidez aldarrikatuko du ‘Ioi’ dantza ikuskizunarekin. Azkenik, ‘Aske’ ikuskizun poetikoak zirkua, zuzeneko musika eta globo ekaitza eskainiko dizkigu.
Euskal konpainiek eskainitako ikuskizunekin batera, bi emanaldi ibiltari izango dira Amalur parkean. Tiritirantes konpainiak ‘Karrusel ibiltaria’ ikuskizun koloretsua ekarriko du, antzerkia eta zirkua uztartuz. Italiako Cie. Bruboc-eko artistek, aldiz, ‘Woow!’ clown surrealista ikuskizun ibiltaria aurkeztuko dute.
Programazioa osatzeko, umorea, zirkua eta antzerkia izango dira nagusi: ‘Sin remite’ zirku-antzerkia eskainiko du Jean Philippe Kikolas konpainiak; Txema Muñozek magia eta clowna uztartuko ditu ‘Gota’ emanaldian; zirku garaikideko ikuskizuna ‘Sinergia Street’ (Cia. Nueveuno) emanaldiak emango du; La Buffa konpainiako ahizpek maitasunaren eta gatazkaren arteko harreman konplexuak umorez aztertuko dituzte ‘Ni fu ni fa’ ikuskizunean; azkenik, Truca Circuseko andaluziarrek flamenkoa eta zirkua taularatuko dituzte ‘Alboroto’ emanaldian.
Guneak
Udalerriko obren eta espazio berriei lekua egiteko nahiaren ondorioz, plaza berriak izango ditu aurtengo Kalerkik, eta Santa Klara eta Amalur parkearen inguruan egingo dira emanaldiak. Horiek ez ezik, Miren Etxabe plazak, Zelai-Ondoko pistak eta Malekoiak hartuko dituzte aurtengo emanaldiak. Espazioak irabazi eta kale arteak herri osora zabaltzea izango da xedea.
Hau izango da aurtengo Kalerkiko egitaraua:
OSTEGUNA, UZTAILAK 2
- Karrusel ibiltaria – Tiritirantes (Burgos) -> Amalur parkea.
- Haritik tiraka – Bitsa konpainia (EH) -> Santa Klara.
- Sin remite – Jean Philippe Kikkolas (Burgos) -> Miren Etxabe plaza.
- Ioi – Haatik dantza konpainia (EH) -> malekoia.
OSTIRALA, UZTAILAK 3
- Woow! – Cie. Bruboc (Italia) -> Amalur parkea.
- Gota – Txema Muñoz (Katalunia) -> Santa Klara.
- Sinergia street – Cia. Nueveuno (Madril)-> Zelai-ondoko pista.
- Ni fu ni fa – Cia. La Buffa (Extremadura) -> Santa Klara.
LARUNBATA, UZTAILAK 4
- Aske – Asvin & Pia (EH) -> Santa Klara.
- Otempodiz – Ertza konpainia (EH) -> Miren Etxabe plaza.
- Kodizia Late Night – Cia. Barsanti (EH) -> Miren Etxabe plaza.
- Alboroto – Truca Circus (Andaluzia) -> Zelai-ondoko pista.

Deskargatzeko
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010

