Eduki publikatzailea

Atzealdea Kale-garbiketa zerbitzua

Twitter

ZARAUTZ GARBIA UTE-ARI ESLEITU ZAIO ZARAUZKO KALE-GARBIKETA ZERBITZUA

2021/06/02

2021eko urtarrilaren 16an Udalbatzarrak egindako bilkuran, Zarauzko Udal mugapeko kale-garbiketa zerbitzuaren kontratua adjudikatzeko administrazio-klausulen eta baldintza teknikoen agiriak onartzea eta deialdia egitea erabaki zuen Udalbatzarrak.

Eskaintzak aurkezteko epea otsailaren 22an amaitu zen, eta epe horretan enpresa bakarra aurkeztu zen deialdira. Honenbestez, kale-garbiketa zerbitzua emateko kontratua Zarautz Garbia UTEari esleitu zitzaion.

Kontratu hau ekainaren 1ean sartu da indarrean eta 10 urteko iraupena dauka. Kontratuaren zenbatekoa 1.442.341,97 € BEZ barne / urtean da, eta zerbitzu honen barnean sartzen dira Zarauzko espaloiak, galtzadak, plazak, pasabideak, lorategi-guneak, eta orokorrean izaera publikoko zona urbanizatu guztiak garbitzeko ardura. Honez gain, hirigunetik kanpoko guneak, parkeetako bideak eta haurren jolas-guneak, eskoletako jolastokia, Merkatu plaza, Industrialdeak, hiri-altzariak eta abar garbitzearen ardura ere izango du enpresak.

“Orain arte Zarautzen jaso izan dugun kale-garbiketa zerbitzua kalitatezkoa eta gertukoa izan da, baina gaur indarrean sartuko den kontratu berri honekin hobetuko dugu” adierazi du Iban San Martin (EAJ-PNV) Zerbitzu zinegotziak. “Auzoetako garbiketa zerbitzua areagotzeko hartutako konpromisoari helduz, orain arte astelehenetik ostiralera ematen zen garbiketa zerbitzua larunbatetara ere zabaldu da”.

Zarautz zazpi gunetan banandu da garbiketa zerbitzua emateko. Alde Zaharra eta Malekoia orain arte bezala egunero garbitzen jarraituko da eta, gainontzeko auzoetan, astelehenetik larunbatera luzatuko da zerbitzua.

“Herritarren gaueko atsedena bermatzeko hemendik aurrera goizeko garbiketa zerbitzua ordubete beranduago hasiko da” gehitu du San Martinek. “Alde Zaharrean 7:00etan hasiko da eta auzoetan 7:30etan”. Honekin batera, zerbitzua emango duen enpresak bi garbiketa ibilbide desberdin diseinatu ditu, zerbitzua herriko puntu desberdinetatik hasteko helburuarekin.

Udaldian plantilla handitu egingo dela zehazten da kontratuan, ohiko zerbitzua indartu, eta besteak beste, Malekoiko eta Alde Zaharreko gaikako edukiontziak goiz eta arratsalde hustutzeko, itsasertzeko portxeak garbitzeko eta herriko hainbat edukiontzi puntu desinfektatzeko.

Enpresak baliatuko dituen makinaria eta ibilgailuak zehazterakoan Ingurumen ikuspegia ere kontuan hartu du Udalak. Enpresak erabiliko dituen ibilgailu gehienak elektrikoak edo hibridoak izango dira, kalitatezko zerbitzu jasangarriago eta isilago bat lortzeko.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010