Eduki publikatzailea
Atzealdea Jose Angel Iribar Zarauzko seme kuttun
UDALBATZAK AHO BATEZ ERABAKI DU JOSE ANGEL IRIBAR KORTAJARENA ZARAUZKO SEME KUTTUN IZENDATZEA


2024/03/01
Zarauzko Udalaren Osoko Bilkurak Jose Angel Iribar Kortajarena Zarauzko Seme Kuttun izendatzea erabaki zuen aho batez otsaileko Udalbatzan. Era honetan, Zarauzko herriak, Iribarrek bere ibilbide profesionalean zein pertsonalean herri honekiko erakutsi duen harrotasuna eta maitasun paregabea eskertuko dizkio.
Une honetan, Zarauzko Udala eta Jose Angel Iribar omenaldirako egun aproposa bilatzeko harremanetan daude eta, zehaztean, jakinaraziko da data eta egitarauaren baitan antolatuko den ekitaldiaren berri emango da.
Jose Angel Iribar Kortajarena Zarauzko Makatza baserrian jaio zen, 1943ko martxoaren 1ean. La Sallen lehenengo eta Antonianotan ondoren, Iribarrek Zarautzen egin zituen haurtzaroko eta gaztetako ikasketak. Garai horietan, ahal zuen guztietan, hondartzan zein herrian zehar baloiari ostikadak ematen ibiltzen zen, eta txiki-txikitatik futbola izan zen bere bizitzaren erdigunea. Lehen geldiketak Zarauzko hondartzan egin zituen atezain gazteak, bai eta Munoako tamarindoen artean inprobisatutako ateetan ere.
Eskolako taldean eta Zarautz Kirol Elkartean ibili ondoren, 1961ean bigarren mailako C.D. Baskonia taldearekin aritu zen, 18 urte zituela. Talde bizkaitarrean jokatu zuen urtean, Iribarrek ikusmin handia sortu zuen estatuko talde askotan, eta 1962ko irailaren 23an egin zuen debuta, Malaga futbol-taldearen aurka, bere bizitzako taldea izango zenarekin, Athleticekin. Orduan hasi zen historiako jokalaririk garrantzitsuenetako bat izango zen "Txopo" Iribarren mitoa.
Futbol-jokalari moduan, estatu mailan zein nazioartean lortu zuen errekonozimendua Iribarrek. Talde bizkaitarrean egindako 18 denboralditan (614 partidu) zuri-gorriekin partidu gehien jokatu duen futbolaria da; bi Kopa (1969 eta 1973) eta Eurokopa bat (1964) lortu zituen, eta munduko atezain onenen artean sartzea lortu zuen zarauztarrak. Euskal Selekzioarekin ere jokatu zuen. 1979an, San Mamesen, Irlandaren aurka jokatutako partiduan taldeko kapitaina izan zen. Beste bi partidu jokatu zituen selekzioarekin, Lizarralde eta Garateri egindako omenezko partiduetan, hain zuzen ere. Ondoren, entrenatzaile garaian, hainbat urte egin zituen Euskal Selekzioko hautatzaile-lanetan. Jose Angel Iribar euskal kirolaren erreferenteetako bat izan da, futbol-zelaiaren barruan zein kanpoan. Euskal futbolak emandako izen handi bat, handiena ez esatearren. Zarauztar asko hazi ziren bere partiduak telebistan ikusten. Gure etxeetan zuzenean eman zen Munduko lehen txapelketan parte hartu zuen Iribarrek, 1966an, Ingalaterran.
Garai oso bat bete zuen goi-mailan, batez ere Athleticeko atezain modura, eta mundu osoan zabaldu zen haren ospea. Izatez apala, futbol eta kirol esparruko zale guztien estimua irabazi zuen. Bestalde, futbolean hasi zenetik bikain uztartu zituen euskal kultura –bereziki euskara– eta bere lanbidea, eta euskal gizartearentzat eredu bilakatu. Inork ez du ahaztuko, 1976ko abenduaren 5ean Atotxako zelai zaharrean Athleticek eta Errealak jokatu zutenean, bi kapitainek (Iribar eta Kortabarria) partidua hasi aurretik zelai erdira ikurrina atera zuten momentua. Garai hartan, ikurrina oraindik debekatuta zegoen, eta ezin zen inolaz ere erabili. Keinu horrek ikusgarritasuna eta bultzada emango zion harrezkero euskaldunak ordezkatuko gintuen ikurrari.
Futbol profesionala utzi ondoren ere, bere omenezko partiduaren irabaziak futbolaren terminologiari buruzko euskarazko hiztegi bat finantzatzeko erabili ziren. Horretan ere eredu izan da Makatza, eta euskaldunok eta euskaltzaleok eskerrak eman behar dizkiogu.
2019an Zarautz Kirol Elkarteak, 75. urteurreneko ekitaldien barruan, urrezko dominarekin omendu zuen, Churruca eta Argote taldekide zarauztarrekin batera. Orain, 2024an, Zarauzko Udalak esker ona adierazi nahi dio Iribarri Zarauzko Seme Kuttun izendatuz.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010