Eduki publikatzailea
Atzealdea

Jakin Miren Etxabe

Twitter

MIREN ETXABE ZARAUZTARRAREN OBRA DIGITALIZATU DU JAKIN FUNDAZIOAK

2022/05/10

Jakin Fundazioak azken urteetan hainbat euskal idazleren obra digitalizatu eta antolatu du bere webgunean. Besteak beste, idazle hauek aurki daitezke: Carlos Santamaria, Azkue, Villastante, Joan Mari  Torrealdai,  Joxe  Azurmendi... Orain, Emakume Abertzale Batzaren mendeurrenean, bederatzi kideren obra osoa eta elkarteari buruzko hainbat lan gehitu dituzte, horien artean, Miren Etxabe zarauztarrarena. Guztira, Miren Etxabek idatzitako 8 idazlan digitalizatu dira: 2 liburu eta 6 artikulu. Idazlan hauek www.jakin.eus webgunean aurki daitezke.

Miren Etxabe 1903. urtean jaio zen Zarautzen eta bere lan eremu nagusia kulturgintza izan zen. Antzerkian eman zituen bere lehen pausoak, obrak itzultzen, horiek herriko antzerki taldearekin jokatzen eta baita zenbait lan zuzentzen ere. Antzerkiaz kanpo ere, gerraurrean egin ohi ziren euskarazko ekitaldi mota gehienetan agertzen da Etxaberen eskua. Euskal Jaien eragile izan zen, adibidez, Zarautzen bertan oso gazte zela, eta Donostian Euzko Ikasle Batzak Kursaalean antolatutakoan. Hori gutxi ez eta artikulugile gisa ere agertzen da El Día egunkarian.

Euskarazko kultur mugimenduan hain aktibo izanda, ez da harritzekoa garaiko talde euskaltzaleekin lankidetzan aritu izana. Euskal-Esnalea edo Euskaltzaleak elkarteek hitzaldiak ematera gonbidatu izan zuten. Horren erakusgarri da Etxabe izan zela, 1930ean, Zarautzen egin zen lehenengo Andereño Idazle Batzarrean irekiera hitzaldia eman zuena, Ander Arzelus Luzear idazlearekin eta Policarpo Barrena Gipuzko Buru Batzarreko lehendakariarekin batera.

Bere hitzaldietan eta artikuluetan maiz hitz egiten zuen emakumeak gizartean bizi ohi zuen bazterkeriaz. Hala egin zuen El Día-ko Euskal Orria-n argitaratu zuen ‘Gor ez diranak, entzun bezate’ artikuluan eta, batez ere, Zorionaren iturria gizonak non du? hitzaldian.

Emakumearen gutxiespena borrokatu eta, aldi berean, aldarri horiek abertzaletasun jeltzalearen baitan kokatzen saiatzen da, Emakume Abertzale Batzako kide asko bezala.

Azken batean, Etxabe Euskal Pizkundeko emakume bat izan zen. Euskarazko kultura indartzeko eta abertzaletasun jeltzalea zabaltzeko egin zuen lan, emakume izatearen kontzientziatik.


Web edukia bistaratu

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010