Eduki publikatzailea

Atzealdea Itxaropena erakusketa irekiera

Twitter

ITXAROPENA ARGITALETXE ZARAUZTARRAREN LANA ETA HISTORIA EZAGUTZEKO AUKERA SANZ ENEAN

2022/09/29

Gaur arratsaldean ireki da Sanz Enean kultur etxean Itxaropena argitaletxe zarauztarraren inguruko erakusketa. Irekiera ekitaldi honetan izan dira, besteak beste, Xabier Txurruka alkatea, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Maria Jose Telleria Aldundiko Kultura zuzendaria, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Erramun Osa Euskaltzaindiako idazkariordea.

“Erakusketak, Itxaropena inprimategiak 90 urte hauetan egindako lana erakusteaz gain, omenaldi egin nahi die garai hartan, kultur basamortu hesitu hartan, euskal kultura biziberritzen eta beren onena ematen ahalegindu ziren egileei, hala nola beste esparrutan eta beste bidetatik antzeko ekimenak egin zituztenei; finean, euskal kultura biziberritzeko asmoz beren konpromisoa eskaini eta hainbat ekimen garatu zituzten garai horretako belaunaldietako kideei, bai eta Kuliska Sorta bilduma pizgarri suertatu, eta erakusketa honetan beren buruaren isla ikus dezaketenei ere”, adierazi du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak.

Erakusketa ikusgai izango da Sanz Enea kultur etxean, egunero, 18:00etatik 20:00etara, datorren azaroaren 20a bitartean. Itxaropena Argitaldaria - Zarautzen 1932tik hona izeneko erakusketak Itxaropena argitaletxeak euskal kultura garatu eta zabaltzeko asmoz egindako lanaren ikuspegi zabala eman nahi du. Aurreko mendeko egoera historiko-politikoek —Errepublika garaia, diktadura eta trantsizioa— ezartzen zituzten baldintzen pean egindako lanak: Errepublika garaiko Pizkundearen giroan egindakoak, diktadurako zentsuraren gainbegirada zorrotzaren pean idatzitakoak eta Trantsizioa deituriko aldian sortutakoak. Liburuekin batera, jatorrizko ilustrazioak, liburuen originalak eta hainbat dokumentu erakusten dira.

Itxaropena 1932an sortu zen, eta, hasieran, inprimategi-lanak egin zituen. Euskaltzaleak elkarteak sustatutako Euskal Pizkundearen garaia zen, eta bertan inprimatu ziren Zabalkundea bilduma eta Nikolas Ormaetxea “Orixe”ren Barne-muinetan liburuxka. Geroago, 1948an, argitaletxe bihurtuta eta frankismoaren garaian jada, Pernando Amezketarra argitaratu zen, euskaraz argitaratzeko baimena jaso zuen lehen liburua, eta, 1949an, bi idazle zarauztarren lanak: Salbatore Mitxelenaren Arantzazu, euskal poema eta Basarriren Atano III  liburuak. 1950ean, Orixeren Euskaldunak obra eman zen argitara.

Ondoren, 1952an, Kuliska Sorta bilduma ezaguna sortu zen eta garaiko euskal idazleek bertan topatu zuten beren obrak argitaratzeko lekua. Itzulpenei ere tokia egin zitzaien bilduman eta literatura unibertsaleko idazle ezagunen lanak euskaratu ziren: Hemingway, Tagore, Baroja edo Cela bera. Horrekin batera, euskal literaturan erreferente nabariak diren lanak ere berrargitaratu ziren: Kresala (Agirre), Peru Abarka (Mogel) eta Biotz-begietan (Lizardi).

60ko hamarkadaren buruan, Itxaropenak belaunaldi berrien obrak ere argitaratu zituen: Aresti, Txillardegi eta Artzeren lanak.

Erakusketak aipatutako garai horietako kultur eta literatur ekoizpena erakusten du, literaturak, oro har, eta euskal literaturak, bereziki, nozitu zuten zentsura-garai latzari toki berezia eskainita. Liburuekin batera, jatorrizko ilustrazioak ere erakusten dira. Ilustrazioen arloan, Santos Etxeberriaren lana nabarmentzekoa da, aparteko harremana izan baitzuen Itxaropenarekin. Gerra aurrean zein ostean Itxaropenarentzat hainbat eta hainbat lan egin bazuen ere, hari buruzko erreferentzia gutxi daukagu.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010