Eduki publikatzailea
Atzealdea Industria ondarea
MARTXAN DA ZARAUZKO ONDARE INDUSTRIALA AZTERTZEKO EGITASMOA, EHUKO IKASLE ZARAUZTARREN ESKUTIK


2023/01/12
Euskal Herriko Unibertsitateak Donostiako kanpusean duen Ekonomia eta Enpresa Fakultateko hainbat ikasle zarauztar, gure udalerriko ondare industriala ikertzen hasi dira, Igor Etxabe irakaslearen gidaritzapean. 2010-2011 ikasturtean Boloniako Plana ezarri zenetik, unibertsitateko ikasleek Gradu Amaierako Lana (GRAL) egin behar dute euren gradu ikasketak amaitzeko, eta proiektu honen baitan GRAL hauek baliatu nahi dituzte Zarauzko historia ekonomikoa ikertzeko.
Hasiera batean, sektore ekonomiko guztiak izango dituzte aztergai, baina saiakera berezi bat egin nahi dute Zarauzko tradizio industriala mahaigaineratzeko. Zentzu honetan, herriko enpresa entzutetsuenen kasu azterketak burutzea da helburua, sorreratik izandako bilakaera ekonomikoa jasoz. Dagoeneko ikasle bat hasi da Textil Berazadi enpresaren historia arakatzen, eta lan honen atzetik beste hainbat burutu nahiko lituzteke. Honako hauek izan daitezke ikertu daitezkeen beste enpresa batzuk (zerrenda honetatik kanpo gehiago ere egon daitezke):
• Ehungintza: Fabril Linera, Textil Guipuzcoana, Textil Zarauz, Textil Lizundia.
• Altzarigintza: Muebles Arruti, Muebles Beristain, Alfa, Muebles Treku, Arin Hermanos.
• Meatzaritza: Malla Harria kargalekua.
• Gozogintza: Reineta, Dulces Gala.
• Musika-tresnak: Keller.
• Inprimategiak: Itxaropena, Graficas Otzarreta, Gráficas Abendaño.
• Motorrak: Derlan.
• Marrazketa-tresnak: Stilus.
• Pinturak: Purpurinak, Pinturas Albisu.
• Plastikoa: Pardo, Plasticos Urteta, Plásticos Zarauz.
• Makina/osagaiak: Bombas Itur, TAF, Elesa, Electrotaz, Fresmak, Arregui, Engranajes Juaristi.
• Janari-dendak: Laguntasuna kooperatiba, Ziotza, Lukas Agoues.
• Hotelak: Gran Hotel, Miramar, Duque, Alameda, Zarauz.
Zarauzko Udalak interesa erakutsi du egitasmo hau babesteko, eta udalean biltegiratuta dagoen informazio guztia ikertzaileen eskuetan jartzeko prest agertu da. Horrekin batera, lerro hauen bitartez, herritarrei ere deialdi bat luzatu nahi zaie, herriko enpresen inguruko dokumentazioa eta testigantzak jaso ahal izateko. Ekimen honen bultzatzaileekin harremanetan jartzeko, deitu arren 943018374 telefono zenbakira, jo Sanz Eneara edo idatzi kultura@zarautz.eus helbidera.
Ez da hau azkenaldian Zarauzko memoria ekonomikoa biziberritzeko abiatu den proiektu bakarra. Izan ere, Zarautz On elkarteko presidente den Juan Mari Iraolak “Una breve historia de Zarautz” liburua kaleratu berri du, gure herriko industriaren eboluzioari erreferentzia zabala eginez.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010