Eduki publikatzailea
Atzealdea Hondartza denboraldiaren hasiera
BIHAR HASIKO DA HONDARTZA DENBORALDIA ZARAUTZEN


2021/06/14
Bihar, ekainak 15, hondartza denboraldia hasiko da Zarautzen. Denboraldiak 3 hilabete iraungo du eta irailaren 15ean amaituko da. Hilabete hauetan, Zarauzko Udala arduratuko da hareatzaren edukiera kontrolatzeaz eta sorospen-zerbitzua kudeatzeaz.
"Aforoa kontrolatzeko eta sorospenerako zerbitzuek hondartzaren segurtasuna bermatzen lagunduko dute uda honetan", azpimarratu du Iban San Martin (EAJ-PNV) Herritarren Segurtasunerako zinegotziak. "Jakin badakigu herritar guztiek eta uda honetan Zarautzera etorriko diren bisitariek hondartzaz gozatzeko duten gogoa, eta horregatik eskatu nahi diet guztiei hondartza arduraz erabiltzeko eta hartutako neurriak errespetatzeko, uda ahalik eta ondoen igaro dadin".
Hondartzak hamar sarbide izango ditu, iaz baino hiru gehiago, eta horietan jendea zenbatuko da hareatzaren edukiera kontrolatzeko. Hamar sarrera horiek hamar gunetan banatuko dute hondartza, eta eremu bakoitzeko gehienezko jende kopurua egongo da. Marearen egoeraren arabera, eremu bakoitzaren edukiera murriztu/handitu egingo da.
Kontrolerako jarraituko den sistema iazko bera izango da. Zona batean baimendutako gehieneko erabiltzaile kopurura iristen den unean, gune horretako sarbidea itxi egingo da, eta gainerako sarreretatik bakarrik sartu ahal izango da. Hondartzaren edukiera 10:30etik 18:30etara kontrolatuko da.
Sarbide-kontrolaz arduratuko den enpresa lehiaketa publiko bidez aukeratu da. Aurten ere, toldoen zerbitzuaz arduratu ohi den enpresa arduratuko da edukiera kontrolatzeaz.
Hondartzaren edukiera denbora errealean kontsultatu ahal izango da Udalaren webgunean (www.zarautz.eus), Zarauzko Turismoaren webgunean (www.turismozarautz.eus) eta autopistako irteeran, Zarautzerako sarbideko biribilgunean (N-634 errepidea Oriotik) eta Getariarik datorren Zarautzerako sarbidean kokatuko diren hiru informazio-paneletan.
Bestalde, sorospen-zerbitzua BPXport XXI S.L.U. enpresari lizitatu zaio lehiaketa publiko bidez, eta 21 sorosle izango ddiraitu uneoro, 11:00etatik 20:00etara. Sei bainu-gune mugatuko dira, sorosleen sei kontrol-gunerekin, bainularien segurtasuna bermatuko dutenak. Aurten, berrikuntza gisa, portuko gunea irekiko da, eta sorospen zerbitzua ere izango du.
Era berean, Zarauzko Udalak gogorarazi du musukoa nahitaez erabili beharko dutela leku bila dabiltzan edo hondartza barrutik paseatzen ari diren pertsonek, eta behin eserita eta inguruko pertsonekiko metro eta erdiko distantzia errespetatuz soilik kendu ahal izango dela. Mezu hori eta COVID 19ren aurkako prebentzio-neurriei buruzko beste batzuk megafoniaz igorriko dira aldian-aldian, hondartzako erabiltzaileei errespetatu behar diren neurriak gogorarazteko.
Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundia arduratuko da Zarauzko hondartzaren garbiketa-zerbitzuaz. Zerbitzu hori ekainaren 1ean hasi zen, eta irailaren 30era arte iraungo du.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010