Eduki publikatzailea
HONDARTZA DENBORALDIA OFIZIALKI HASI DA
2020/07/01
Zarauzko Udalak ekainaren 15etik aurrera, Zarauzko hondartzako edukiera kontrolatzen ari da, horretarako ezarritako 7 sarbideetan, eta sorospen-zerbitzua ere eskaini da. Hala ere, uztailaren 1ean, asteazkena, abiatuko da ofizialki hondartza denboraldia Zarautzen eta Gipuzkoako gainerako hondartzetan.
COVID-19ak eragindako osasun-krisia dela eta, erakundeek, profesionalek eta, oro har, herritarrek birusa zabal ez dezaten neurriak hartu behar izan dira.
Egoera horren aurrean, Zarauzko Udalak ezinbestekotzat jotzen du prebentzio neurri batzuk jartzea, jokabide pertsonalei buruz eta Zarauzko hondartzaren antolaketa eta zaintzari buruz.
2020ko udaldian ez da toldorik jarriko hondartzan.
Hondartza mugatuta egongo da eta 7 sarrera izango ditu. Egokitutako zazpi guneetako batetik bakarrik sartu eta atera ahal izango dira hondartzako erabiltzaileak.
Udaldiko egun bakoitzeko mareen ordutegiak, eta itsasgoran eta itsasbeheran izan beharreko gehienezko aforoak adieraziko dituen egutegi bat egongo da. Xabier Txurruka Zarauzko Alkatearen esanean: "Informazio hau kaseta bakoitzaren karteletan kontsultatu ahal izango da. Beste herri batzuetatik hondartzaz gozatzera datozenek ere hareatzaren edukiera ezagutu ahal izango dute uneoro www.zarautz.eus udal webgunean eta, behin udalerrira iritsita, Zarauzko sarreretan jarritako informazio paneletan. Edukieraren kontrola 10:30etatik 18:30etara egingo da ".
Gehienez 2-3 orduko egonaldia gomendatzen da hondartzan. Gutxienez 1,5 metroko tartea utzi beharko da elkarrekin bizi ez diren pertsonen artean, bai uretan, bai hondarretan. Halaber, gutxienez 1,5 metro gorde beharko dira elkarrekin bizi ez diren pertsonen gauzen artean: etzaulkiak, eskuoihalak...
Aulkiak eta eguzkitakoak erabili ahal izango dira, inguruabarrek horretarako aukera ematen badute.
Birusa ez zabaltzeko herritarren laguntza ezinbestekoa denez, erabiltzaileek araudi honetan jasotako betebeharrak ez betetzea arau-hauste arintzat, larritzat edo oso larritzat joko da, eta 30, 300 edo 1.000 euroko isunak jarriko zaizkie, hurrenez hurren.
Arau-hausteak izango dira:
- Egokitutako guneetatik ez beste nonbaitetik hondartzara sartzea.
- Sarrerak itxita daudenean hondartzara sartzeko debekua ez errespetatzea..
- Itsasoa igotzen denean eta aforoa murrizten denean hondartzatik alde egiteko eskaerari kasurik ez egitea.
Txurrukak gaineratu duenez, "Badakigu uda atipikoa izango dela, baina denok arauak errespetatzen baditugu, hondartza ondo erabiltzen badugu eta higiene eta distantzia neurriak bermatzen baditugu, hondartzaz ederki gozatu ahal izango dugu denboraldi honetan".
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010