Eduki publikatzailea
Atzealdea Hondartza denboraldia 2025
MAIATZAREN 31N EMANGO DIO ZARAUTZEK HASIERA HONDARTZA DENBORALDIARI


2025/05/23
Uda garaia gainean dugu jada eta, aurreko urteetan hartutako erabakiari jarraipena emanez, Zarauzko Udalak hondartza denboraldiaren hasiera aurreratuko du aurten ere. Aurten, Zarauzko hondartza denboraldia datorren larunbatean, maiatzaren 31n hasiko da.
“Ekainaren 1ean, igandean, hasi ordez, egun bat lehenago hasteko erabakia hartu dugu aurten, honela asteburu guztian zehar sorospen zerbitzua izango da Zarauzko hondartzan, ez bakarrik igandean”, azaldu du Iban San Martin (EAJ-PNV) Obra eta Zerbitzuen zinegotziak.
Honela, sorospen zerbitzuak maiatzaren 31n izango du hasiera Zarautzen. Aurreko denboraldian bezala, BPXport XXI izango da hondartzako sorospen zerbitzuaren arduraduna. 11:00etatik 20:00etara sorospen zerbitzuak 6 bainu gune finkatuko ditu eta, une oro, 23 sorosle, hondartzako buru bat, itsas motorretako bi patroi, anbulantzia gidari bat eta erizain bat egongo dira bainularien segurtasuna bermatzen. Uda honetan ere sorospen zerbitzuak lagundutako bainu-zerbitzua emango du mugikortasun arazoak dauzkaten pertsonentzat eta, horretarako, eskuragarri izango ditu aulki anfibio bat eta lur orotako bi aulki. Guztira, 839.970,80 euro bideratuko dira uda honetako sorospen zerbitzura.
Gainontzeko zerbitzuak ere datorren asteburuan jarriko dira martxan. Toldoek Zarauzko hondartza koloreztatzen jarraituko dute uda garaian eta hareatzako 3 gunetan dutxak ahalbidetuko dira: Munoa plazaren beheko aldean dauden lokaletan, Madoz kalearen parean eta sorospen-zerbitzuaren zaintza-postuan. Honez gain, Borguettoko eremuko komunak eta Malekoian dauden bi komun autogarbigarri ere eskuragarri egongo dira.
Hondartzako zerbitzuekin batera, urtean zehar herrian ematen diren zerbitzu askok ere errefortzua izango dute udan zehar, esaterako, kale garbiketak. Era honetan, udako denboraldia hastearekin batera, Malekoiko eta inguruko kaleetako garbiketa indartuko da, hilabete hauetan izaten den jende mugimenduari erantzuna emateko.
Moilako bainulariei zuzendutako kontzientziazio kanpaina
Aurreko urteetan bezala, moilako bainu-guneak ere soroslea izango du. Bainularien segurtasunaz arduratuz, datozen asteetan Udalak kontzientziazio kanpaina bat jarriko du martxan. Kanpaina honen baitan, moilan bainu segurua eta tranpolinetik salto egiteko jarraitu beharreko zentzuzko pausoak komunikatuko dira. Segurtasun neurriak errespetatzearen garrantziaz kontzientziatzea da kanpaina honen helburua.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010