Eduki publikatzailea
Atzealdea HAZ 2023 datuak
ZARAUZKO HERRITARREN ARRETA ZERBITZUAK (HAZ) 2023. URTEAN 50.000 PERTSONA ARTATU DITU


2024/01/19
Zarauzko Udalak aztertu berri ditu 2023. urteko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) artatutako pertsonen eta deien datuak. Guztira, 50.000 izan dira: 22.951 pertsonei modu presentzialean egin zaie arreta Kale Nagusiko HAZ bulegoan eta 24.676 dei Telefono Arreta zerbitzuaren bidez.
Leire Aranak (EAJ-PNV) Herritarren Arreta Zerbitzuko zinegotzi arduradunak zerbitzuaren garrantzia azpimarratu du: “Datuek garbi uzten dute herritarrek Udalari kontsulta bat egin nahi diotenean HAZera jotzen dutela, telefonoz edo presentzialki. Horregatik, zerbitzua hobetzen jarraitzea da gure helburua, ahalik eta eraginkorrena izan dadin herritarrei behar duten kontsulta eta tramiteetan laguntzeko: alde batetik, Udal langileen etengabeko formazioarekin eta, bestetik, Telefono Arreta zerbitzuaren laguntzarekin. Datuek emandako emaitzak aztertzen eta herritarrei entzuten jarraituko dugu”.
Aurrez esan bezala, HAZko Kale Nagusiko bulegoetan herritarrak presentzialki laguntzeko dauden Udal langileek 22.951 pertsona artatu dituzte guztira 2023.urtean. Ordutegiari dagokionez, pertsonen %72a 9:30etik 13:30era artatu da (16.500 pertsona inguru) eta %78ak bi minutu baino gutxiago itxaron behar izan du arreta jasotzeko. Zerbitzua urtean 243 egunez dago zabalik, astelehenetik ostiralera, 7:30etik 15:00etara, eta ostegunetan, arratsaldez, 17:00etatik 19:00etara.
Horretaz gain, bulegoaren sarreran eskuragarri dago tramiteak egiteko makina. Bertan, hainbat tramite burutu daitezke, modu autonomoan: errolda indibiduala, erroldaren historikoa, ordainketak, telematikoak… Aurten, guztira, 4.454 tramite burutu dira makina horretan: 2.546 errolda, 622 errolda historiko eta 522 ordainketa, besteak beste.
Telefono Arreta zerbitzua
Bestalde, HAZ barruan, herritarrei ahalik eta arreta egokiena eta eraginkorrena emateko asmoz, Arreta Telefonikoko zerbitzua jarri zen martxan duela 2 urte, Gureak Marketing enpresaren bidez. Zerbitzu honek dei gehien jasotzen dituzten hiru departamenduen telefono deiak kudeatzen ditu: HAZ (943 00 51 00 telefono zenbaki orokorra) eta Udaltzaingoa (943 00 51 15 telefonoa), 7:30etik 15:00etara bitartean; eta Gizarte Zerbitzuak (943 00 51 11 telefono zenbakia), 13:30etik 15:00etara bitartean.
2023 urteari dagokionez, guztira, 25.000 dei inguru jaso zituen Arreta Telefonikoko zerbitzuak, gehienak 9:00etatik 14:00etara: 14.950 dei Udaleko telefono orokorrean (%60,5), 8.455 dei Udaltzaingoko telefonoan (%34,2) eta 1.268 dei Gizarte Zerbitzuetako telefono zenbakian (%5,14).
Artatzen diren deiak hamar departamendu hauei dagozkien gaiei buruzkoak izan dira, hurrenez hurren: Udaltzaingoa (zirkulazio arazoak, isunak, sarbideak), HAZ (kontsultak, jakinarazpenak, ordainketak), Gizarte Zerbitzuak (erabiltzaileak eta arloko profesionalak), Ekonomia (tasak), Idazkaritza, Hirigintza eta Ingurumena (obra baimenak, jarduerak), Giza Baliabideak (OPEak), Herrilanak (terrazak, kale garbiketa), TAO (parkimetroak, isunak, informazio orokorra) eta Alkatetza (zinegotziekin hitzordua).
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010