Xabier Txurruka (EAJ-PNV) Zarauzko alkateak eta Iban San Martin (EAJ-PNV) Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak Haur Parkeen lizitazioaren berri eman zuten Aritzbatalde plazan. Alkatearen arabera, “lizitazio hau Udal honek haur jolas guneetako udal ekipamendua, aldi berean, erabat berritzeko inoiz egin duen inbertsiorik handiena da. Zalantzarik gabe, lehiaketa publiko hau beharrezkoa da denboraren joanak eta erabilerak hondatutako parke asko eguneratu eta modernizatzeko. Udal aurrekontuen parte-hartze prozesuan urtez urte errepikatzen den eskaria da, eta heldu da hau exekutatzeko unea. Gure hitza beteko dugu”.
Bestalde, San Martinek azpimarratu zuen “deialdi honek sektoreko enpresa askoren interesa piztea espero duela Udalak, besteak beste, enkargu oso erakargarria izan daitekeelako estatu mailan, lizitazioaren diru kopuruagatik. Lehiaketaren pleguak idatzi zirenetik, haurren irudimena, parte-hartzea eta jolas inklusiboak sustatzen dituzten gai desberdinetako diseinu integratzaileen sustapena baloratu dugu. Parke hauek erabat berritzeaz gain, zoladurak hobetzeko eta hala eskatzen duten beste jolas eremu batzuen mantenuan inbertitzen jarraituko dugu”.
Lizitazioaren helburua “Zarauzko udalerrian 13 haur parke berritzeko proiektua”-k barne hartzen dituen lanak kontratatzea da. Aurrekontua 969.145,68 eurokoa da (BEZ barne), eta Consultora Estratégica de Servicios y Territorios, CESYT-ek, idatzi du, lau loteak kontuan hartuta, lote bakoitzeko gehieneko lizitazio-prezio honekin:
-1. lotea (210.694,65 euro, BEZ barne): Urdaneta parkea, Lapurdi kalea eta Iturrilun plaza.
-2. lotea (198.383,79 euro, BEZ barne): Aritzbatalde plaza, Donibane plaza eta Kani Berri.
-3. lotea (232.250,63 euro, BEZ barne): Santuiturri plaza, Duke Enea eta Geltoki parkea.
-4. lotea (327.816,63 euro, BEZ barne): azken kalea, Torre luzea parkea, Pagoeta parkea eta Zelai Ondo.
Zentzu honetan, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak parke bakoitza berritzeko aurreikusitako datak zehaztu ditu: “2022ko lehen seihilekoan, Aritzbatalde plaza, Santuiturri plaza, Pagoeta eta Lapurdi kaleko parkeak berrituko ditugu. 2022ko bigarren seihilekoan, Torre Luzea, Donibane plaza, Geltoki eta Iturrilun plazakoak. Azkenik, 2023an, Duke Enea, Kani Berri, Urdaneta, Azken Kalea eta Zelai Ondo parkeen txanda izango da”.
Kontratu hau esleitzeko prozedura irekia eta izapide arruntekoa izango da, eta eskaintzak aurkezteko azken eguna urtarrilaren 19a izango da, 18:00etan.