Eduki publikatzailea

Atzealdea Guztion eskuetan 2026

Twitter

GUZTION ESKUETAN. PREBENTZIOA ETA LEHEN SOROSPENAK.

2026/05/05

Aurreko urtean bezala, Zarauzko Udalak eta emergentzia zerbitzuek Guztion eskuetan izeneko kanpaina prestatu dute herritarrei larrialdi edo estuasun egoera baten aurrean nola jokatu erakusteko helburuarekin. Zarauzko Udalak eta larrialdietako sektoreko hainbat elkartek eta erakundek parte hartu dute bertan (DYA, Osakidetza, SOS Deiak, Ertzaintza, Suhiltzaileak, Udaltzaingoa, Zingira Zarautz Babes Zibila, IPAR S.A.R.).

Egitasmoak bi zati nagusi izango ditu: batetik, eskuorri bat banatuko da LH3 – DBH4 tartean dauden Zarauzko eskoletako ikasleei, larrialdi eta istripuak ekidin edo arintzeko beharrezko informazioarekin. Eta bestetik, maiatzaren 9an, sektoreko hainbat elkartek saioak egingo dituzte euren lana herritarrei gerturatu eta erakusteko.

Eskuorria kanpainan parte hartu duten elkarte guztien artean osatu eta berrikusi da eta, bertan, labur eta argi jasotzen dira egunerokoan gerta daitezkeen larrialdi egoerei aurre egiteko aholku praktikoak. Hala nola, lehen sorospenei buruzko informazioa, etxeko sute baten aurrean egin beharrekoa, bihotz biriketako bizkortzea nola praktikatu, edo hondartzan edo errepidean gerta daitezkeen istripuetan nola jokatu. Era berean, eskoletako geletan jartzeko, kartel informatiboak ere egin dira, ikasleek gelan ere informazio argigarria izan dezaten.

Erakustaldi saioak, berriz, maiatzaren 9an izango dira, Zarauzko itsas pasealekuan, 10:00etatik 13:45tara. Bertan. emergentzien arloan lan egiten duten talde desberdinek euren egunerokoa erakutsiko dute. Bertan ikusi ahal izango dira, besteak beste, anbulantzien eta suhiltzaileen saioak, BBB eta desfibriladore formakuntzak edota erreskate simulazioak.  Aurten hiru simulakro txiki egikarituko dira:

•    Bizikleta istripu simulazioa (11:30)
•    Sute simulazio txikia (12:30)
•    Itsasoko erreskate simulazioa (13:15)

Izan ere, larrialdi kasuetan prebentzioa ezinbestekoa da eta horretarako, beharrezkoa da herritarrak behar bezala prestatuta egotea. Eta hori, kanpainak dion bezala, guztion esku dagoen zerbait da.

Zarauzko Udalak eta Zingira Zarautz Babes Zibila bolondres taldeak ekitaldian parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak.


​​​​​​​

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010