Eduki publikatzailea

Foto Xanti Bilduma erakusketa

Twitter

FOTO XANTI BILDUMA ERAKUSKETA, SANZ ENEAN

2020/10/02

Foto Xanti Bilduma Erakusketa

Non: Sanz Enean

Noiz: urriak 1- azaroak 1

Ordutegia: 18:00 - 20:00

 

2018an Xanti Iruretagoienak bere argazki artxiboa eman zion Zarauzko Udalari. Donazio horretatik abiatuta egingo dugu Sanz Eneako aretoetan Foto Xanti Bilduma erakusketaren aurkezpena. Helburua artxibo hori zaindu eta zabaltzea da.

Photomuseumak antolatutako erakusketa horrek zarauztarrei 1978 eta 2001 arteko memoria kolektiboa gogorarazteko balioko du.

Xanti Iruretagoiena, Kukulu, 1938an jaio zen. Bere lehen urteak, beraz, gerraondoko giroan bizi izan zituen. Oso gazterik hasi zen aroztegi batean lanean, hasieran ikasle modura eta gero arotz. Horren lekuko izan dira Muebles Arruti, Keller eta Treku.Tailerraren mekanizazioaren ondorioz lana geroz eta errepikakorragoa eta monotonoagoa egiten hasi zenean, bere bizitza erabat aldatzea erabaki zuen.

Lagun mendizale bati esker argazkilaritzaren munduan poliki-poliki sartzen joan eta konturatu zen bere jakin-min eta zaletasun profesional eta artistikoak lanbide iraunkor bilakatu zitezkeela. Urte batzuetan zehar argazkilaritzako teknika ikasi eta argazkilari profesionalaren karneta lortu zuen. Horri esker Foto Xanti, argazki denda izeneko argazkigintza estudioa ireki ahal izan zuen.

Bere ibilbide profesional zabalean ia argazkigintzako genero guztiak praktikatu zituen: erretratua, hiri paisaia, publizitatea, argazkigintza dokumentala… eta Zarauzko eta eskualdeko jendea izan zen argazki horietako pertsonaia garrantzitsuena. Herri honetako 30 urtetik gorako gizon eta emakume gehientsuenek posatu zuten berarentzat. Bizitzaren une zoriontsuak betikotzeko aukeratu zuten eskola-umeak, lehen jaunartzeko neska-mutilak, senargai eta emaztegaiak, familia ugariak aurki ditzakegu bere bezeroen artean.

Erreportari lanetan ere ibili zen herriko bizitza publiko eta instituzionalean, kirol-lehiaketa, uholde, azpiegitura, omenaldi, inaugurazio eta ikuskizun, kultur-ekintza, festa eta abarretan. Hitz bitan esanda, hemengo bizitzaren lekuko izan zen.

Xantik izan zuen beste alderdi oso garrantzitsu bat: Zarauzko eta inguruko argazki zaharren bildumazalea izan zen. XIX. mendetik 50-60ko hamarkada bitarteko ehunka argazki bildu eta sailkatu zituen. Ondare hori oso balio handikoa da gure herriko ohiturak eta desagertutako ondarea ezagutzeko.

Donazioa onartzerakoan Udalak oso garbi izan zuen material hori herritarren esku egon behar zela eta Photomuseumi agindu zion funts horren trataera teknikoa. 2019an hasi ziren 80.000 negatibo ingururen inbentarioa, digitalizazioa eta dokumentazioa egiten, eta poliki-poliki Zarauzko Udal Artxiboaren parte izaten hasi ziren, zerbitzu horren erabiltzaileek on-line bidez kontsultatzeko aukera izan dezaten.

Erakusketa honekin argazkilaritzan egindako lanaren balioa azpimarratu nahi dugu, eta profesional handi eta pertsona eskuzabal bat errekonozitu.


¡Eskerrik asko Xanti!

 

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010