Eduki publikatzailea

Atzealdea FITUR 2024 Familia Turismoa

Twitter

“ZARAUTZ FAMILIA GIROAN” FAMILIA TURISMOAREN PROIEKTUA AURKEZTU DU ZARAUTZEK FITURREN

2024/01/26

Aste honetan, Madrilgo IFEMA erakustazokan FITUR Nazioarteko Turismo Azoka ospatzen ari da eta Zarautzek ez du kale egin hitzordu garrantzitsu honetan. Azoka bisitatu eta bertan antolatzen diren sektoreko profesionalekin bileretan parte hartzeaz gain, aurten Familia Turismoaren arloan lantzen ari den ‘Zarautz Familia Giroan’ proiektua aurkeztu du.

Leire Arana (EAJ-PNV) Turismo zinegotzia izan da proiektua aurkezteko arduraduna Euskadi – Basque Country-ren standean: “Zarautz erreferentea da Familia Turismoaren merkatuan eta erreferente izaten jarraitu nahi dugu. Zarautz merkatu honetan bikaintasunezko helmuga bezala kokatzeko hainbat lan-ildo abiatu ditugu Turismo departamentuan. Euskadi Familiartean ekimenean aktiboki parte hartzen dugu eta 2021eko maiatzean Familia Turismoaren zigilua eskuratu genuen. Urte hartan bertan, lan talde publiko-pribatu bat martxan jarri genuen, jarduera honekin erlazioa duten eragile guztiak integratuz, Zarautz Familia Turismo jasangarriko helburu lider bezala garatzeko helburuarekin.

Proiektuaren faseak

Gauzak honela, Turismo departamentuak zuzendutako mahaiak, proiektu mota honetan adituak diren Haagos enpresaren laguntza teknikoarekin, ekimen berritzaile batean lan egin du, eta bi fase nagusi izan ditu lanketa horrek.

Lehen fasean, Zarauzko 16 enpresak eta bertako elkarteek, Murkil eta Zurekinek, hartu zuten parte, datuen jasoketan eta analisian, eta familiei zuzendutako interesgarriak diren Zarauzko baliabide, ekitaldi, laguntza eta zerbitzuen inbentarioa sortzen. Bigarren fasean, aldiz, Zarauzko sei enpresek (Egona apartamentuak, Talaimendi apartamentuak, Kaixo apartamentuak, Alameda Hotela, Essus surf eskola eta Arazi) eta bi elkarteek proiektuari jarraipena eman zioten, eskaintza landu eta segmentatzeko.

‘Azken Balea’ joko interaktiboa

Egindako lanaren emaitza izan da familiei  (bisitariei zein bertakoei) zuzendutako eskaintza zabala lortzea, dagoeneko Zarauzko Familia Turismoaren eskaintzan dauden baliabideei gehituz.

Alde batetik, "Azken Balea" izeneko joko interaktiboa sortu da. Iternatura enpresak garatutako proiektu berritzaile honen helburu nagusia da familiek, mugikorrean (web app) "scape" motako joko baten bidez, Zarauzko baleontzien historia eta tradizioa ezagutzea.

"’Azken Balea’ Zarautzen zehar geolokalizatutako 15 joko puntuz osatutako ibilbide bat da. Jokalariek enigmak ebatziko dituzte eta joko puntu bakoitzarekin elkarreraginean arituko dira herriko gune desberdinetan, kasua argitu arte, hau da, 1878ko azken balearen ehizaren historiaren arabera desagertutako arpoiaren misterioa argitu arte", zehaztu du Iternaturako arduradunak, Rafa Villasantek. "Jokoaren gaia eta mekanika gazteei zuzenduta dago, 12 urtetik aurrera, eta lagun eta/edo familia taldeei. Bi orduko iraupena du, oinez egiteko, eta beharrezkoa izango da geolokalizatutako puntu bakoitzean egotea; izan ere, jokalariak leku egokian badaude bakarrik sartu ahal izango dira enigmetara". Gainera, web app-ak multimedia eduki berritzailea ere badu, hala nola errealitate birtualeko 360 graduko argazkiak eta Zarauzko ondareari eta turismoari buruzko informazioa.

"Zarautz Familia Giroan"

Bestalde, bi euskarri sortu dira, non balea jostari bat den protagonista. Lehenengoa Zarauzko plano bat da. Bertan, begirada bakar batean eta modu argian, familiek jarduera nagusiak ikusi ahal izango dituzte, hiru eremutan banatuta: "kostaldearen zirrara", hondartzarekin eta itsasoarekin lotutako jarduerekin; "berdeguneen arnasa", gune naturaletako jarduerekin; eta "herrian zehar", tokiko merkataritza eta gastronomiaren eskaintzarekin, kulturarekin eta abarrekin. Planoaren atzealdean, jarduera horiek zehazten dira. Euskarri hau digitalean eta paperean egongo da eskuragarri.

Bigarren euskarria familiei egokitutako baliabide eta zerbitzuen inbentario osoa jasotzen duen liburuxka bat da, formatu digitalean. Bisuala, koloretsua eta etxeko txikienentzat erakargarria izan dadin landu da. Hemen ere planoko balea bera da protagonista, eta orrialde bakoitzean, familiei zuzendutako jarduerez eta zerbitzuez gain, gure herriari buruzko informazio garrantzitsua jasotzen da: gomendio bat, plan zarauztar proposamen bat, "ba al zenekien?" bat, etab.

Azkenik, Zarautz Familia Turismoan helmuga nagusi izateko proiektu honen barruan, "Zarautz Familia Giroan" ekimena dago: maiatzeko lehen asteburuan ospatzen den familia-ekitaldia da eta, aurten, hirugarren edizioan, sorpresaz beterik iritsiko da. Aurrerago jakinaraziko da programa zehatza, baina familian egiteko jarduerak ez dira faltako, hala nola tailerrak, txangoak, ur-kirolak, puzgarriak, ikuskizunak, gastronomia, etab.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010