Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskararen Eguna 2022 egitaraua

Twitter

EUSKARAREN EGUNERAKO EGITARAU OPAROA ANTOLATU DU EUSKARA DEPARTAMENTUAK

2022/11/25

Euskaraldian murgilduta gauden garai honetan, Zarauzko Udalak Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunaren baitan antolaturiko ekimenen egitaraua aurkeztu du.

Aurten ere, Euskararen Eguneko kartela osatzeko, Udaleko Euskara departamentuak pegatina eta ‘meme’ lehiaketa antolatu du herriko ikastetxeetako ikasleen artean.

Irune Urbieta (EAJ-PNV) Euskara zinegotziak banatu ditu lehiaketa hauetako sariak gaur eguerdian gauzaturiko ekitaldian. “Lan politak jaso ditugu benetan, gaur, epaimahaiari egokienak iruditutakoak sarituko ditugu, baina guztiok merezi duzue gure aipamena eta esker ona. Izan ere, pegatina marrazten edo ‘meme’-a egiten jardun duzuen denboran euskara izan duzue buruan eta bihotzean, eta horixe da gure helburua”.

Aurtengo pegatina irabazlea eta, ondorioz, Euskararen Eguneko kartelean agertzen dena Leire Anituarena izango da. Bigarren saria Ane Morenorentzat izan da eta hirugarrena, aldiz, Wissau Challalentzat.

‘Meme’ lehiaketari dagokionez, lehen sariaren irabazleak Isabel Martín, Jon Sayalero eta Ane Gurrutxaga izan dira. Bigarren saria Ageda Larrañagarentzat izan da eta hirugarrena, Oihan Etxeberriarentzat. Bi kategorietako sarituek euskarazko kultur produktuak erosteko opari txartela jaso dute.

Euskararen eguneko egitarauari dagokionez Euskada departamentuak ekimen ugari antolatu ditu datozen egunetarako. Egitarauaren zati handi bat Zarauzko ikastetxeetako ikasleentzat zuzendua izango da, esaterako, azaroaren 28, 29 eta 30ean eta abenduaren 1ean ‘Didau Antzerki Faktoriak’ euren “HAZIA, abentura handi baten istorio txikia” antzezlanaren emanaldiak eskainiko ditu lehen hezkuntzako ikasleentzat, ikastetxeetan bertan. Honekin jarraituz, abenduaren 2a bitartean, Zarauzko DBH 1 eta 2ko ikasleek Apaxi Ipuin Kontalariaren bisita jasoko dute.

Datorren astelehenean, azaroaren 28an, goizeko 9:00etatik 11:00etara, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako lehen mailako ikasleak Modelo Aretoan izango dira Eñaut Elorrieta eta Mikel Markezen “Baga, biga, higa: euskal musikagintzaren historia” ikuskizunaz gozatzeko.
Amaitzeko, abenduaren 7an, Batxillergoko bigarren mailako ikasleentzat Durangoko Azoka bisitatzeko bidaia antolatu da, euskal kulturgintzaren azken berritasunak bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea.

Publikoari irekiak izango diren ekitaldiei dagokionez, azaroaren 29an, Udal Pleno Aretoan, BAI Euskarari ziurtagiriaren hitzarmenaren berritzea eta diploma banaketa egingo da. Abenduaren 2an, ‘Hondamendia’ antzerki obraren emanaldia izango da 20:00etan Modelo Aretoan.

Euskararen Egunean, abenduaren 3an, hainbat ekitaldi egongo dira adin guztietako jendearentzat. 12:00etan, Musika Plazan, Muxikoak taldearen plaza dantzaz gozatzeko aukera izango da. 12:00etan baita ere, Lege Zaharren enparantzatik hasita, ‘Zarautz Kantuan’ kantu-jira abiatuko da. Modelo Aretoan, 16:30ean (abenduaren 4an ere bai), “Nire Zirkua” haurrentzako zine emanaldiaz gozatzeko aukera izango da eta, egitarauari amaiera emateko, 19:00etan, Musika Plazatik hasita, ‘Trikitxita Kalejira’ aterako da.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010