Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskara Departamentuko dirulaguntzak

Twitter

ZARAUZKO UDALAK EUSKARA SUSTATZEKO DIRULAGUNTZAK EMANGO DITU

2021/05/12

Zarauzko Udalak Euskara sustatzeko 3 dirulaguntza lerro onartu ditu.

  1. Euskara ikasteko bekak.
  2. Establezimenduetako errotulazio elementuak, irudi korporatiboa eta  webguneak euskaraz jartzeko dirulaguntzak.
  3. Euskararen erabilera sustatzeko programa eta jarduerak egiteko dirulaguntzak.

 

 

Euskara ikasteko bekak:

Onuradunak: 2020-2021 ikasturtean zehar euskalduntze- eta alfabetatze-ikastaroak egin dituzten herritar heldu orok jaso ahal izango dute dirulaguntza.

Onuradunek honako baldintzak bete beharko dituzte:

•    Dirulaguntzaren xede den ikastaroak irauten duen bitartean Zarauzko udalerrian erroldatuta egotea.

•    Ikastaroan eskainitako orduen %80 hartzea gutxienez.

Helburua: Zarautzen herritarren %74a da elebiduna, eta Udalarentzat oso garrantzitsua da kopuru horri eustea eta ahal bada gehitzea. Horrenbestez, dirulaguntzak banatuta, elebidunen kopurua handitzea du helburu nagusi Zarauzko Udalak.

Dirulaguntzaren zenbatekoa: Zarauzko Udalak 38.000 euro banatuko ditu jasotako eskabideen artean.

Uztaila baino lehen amaitutako ikastaroak (35.000 euro):

•    Matrikularen %75,

•    Langabezian dauden ikasleek matrikularen %100,

Udako Ikastaroak (3.000 euro):

•    Matrikularen %50,

•    Langabezian dauden ikasleek matrikularen %75,

Eskabideak aurkezteko epea:

-    2021eko uztaila baino lehen bukatutako ikastaroak: 2021eko ekainaren 22tik uztailaren 5era.

-    2021eko uztailetik irailera bitartean egindako ikastaroak: 2021eko irailaren 22tik urriaren 4ra.

Deialdia: Euskara ikasteko bekak-2021

 

 

Establezimenduetako errotulazio elementuak, irudi korporatiboa eta  webguneak euskaraz jartzeko dirulaguntzak:

Onuradunak: Helbide fiskala, egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Zarautzen duten pertsonek edo elkarteek eskuratu ahal izango dituzte dirulaguntzak.

Helburua: udalerriko establezimenduetan euskararen erabilera sustatzea da dirulaguntza deialdi honen helburua. Hiru arlo izango dira kontuan: establezimenduen errotulazioa,  irudi korporatiboa, eta webguneak.

•    Errotulua eta irudi korporatiboa euskaraz bakarrik idatzita egotea eskatuko da dirulaguntza lortu ahal izateko. Euskara zuzena erabiliko da  eta langintza mota edo  jarduera profesionala adieraziko dira.

•    Webguneen kasuan edukiak oso-osorik euskaraz izango dira gutxienik. Honek ez du eragozten beste hizkuntzaren batean ere izatea. Webgunearen hizkuntzaren kalitatea eta zuzentasuna ezinbestekoak izango dira.

•    Udalak eskatzaile bakoitzari behin bakarrik emango dio arlo bakoitzari dagokion  dirulaguntza. Dirulaguntzaren eskatzaileak bere aldetik, konpromisua hartuko du diruz lagundutako elementuak euskaraz izaten jarraituko duela hortik aurrera.

Dirulaguntzen zenbatekoa: Zarauzko Udalak 6.000 euro banatuko ditu jasotako eskabideen artean.

•    Errotuluak: %50eko dirulaguntza emango da, 350 euro arte.

•    Irudi korporatiboak: %50eko dirulaguntza emango da, 350 euro arte.

Irudi korporatibotzat hartuko dira ibilgailuetako errotulazioa, paperezko poltsak, poltsa konpostagarriak, biltzeko papera, karta-azalak, orri idazpurudunak, bisita-txartelak, taloitegiak, albaranak, fakturak, etab.

•    Webguneak:

o    Webgunea euskara hutsean: kostuaren %50, 450,00 euroko muga gainditu gabe.

o    Webgunea euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan badago, dirulaguntza kopurua egokituko da euskararen presentziaren arabera.

Eskabideak aurkezteko epea:

-    2021eko maiatzaren 13tik, ekainaren 12ra bitartean.

Deialdia: Establezimenduetako errotulazio elementuak, irudi korporatiboa eta  webguneak euskaraz jartzeko dirulaguntzak-2021

 

 

Euskararen esparruko pertsona edo elkarteei urtean zehar hainbat programa eta jarduera egiteko dirulaguntzak:

Onuradunak: beren jarduera nagusiki Zarauzko udalerrian garatzen duten irabazi-asmorik gabeko pertsonak eta entitateak.

Helburua: dirulaguntza hauen helburua da euskararen normalizazioarako lagungarri izan daitezkeen ekimenak laguntzea: motibazioa eta euskararen ikerketa landuko duten ekimenak, ezagupena eta erabilera sustatzeko jarduerak… 

Dirulaguntzen zenbatekoa: Udalak 5.000 euro banatuko ditu jasotako eskabideen artean. Eskatzaile bakoitzak jaso ahal izango duen dirulaguntzaren zenbatekoak ez du programaren gastu-aurrekontuaren % 75 gaindituko.

Eskabideak aurkezteko epea:

-    2021eko abuztuaren 23tik irailaren 22ra.

Deialdia: Euskararen esparruan programa eta jarduerak egiteko dirulaguntzak-2021

 

 

Dirulaguntza deialdi hauetan eskabideak aurkezteko moduak:

-    Udaletxea (HAZ – Herritarren Arreta Zerbitzua, Kale Nagusia 29): astelehenetik ostiralera 7:30etik 15:00etara; ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara.

-    Udal zerbitzu telematikoak.
   
Deialdi hauen inguruko informazio gehiagorako, jarri kontaktuan Zarauzko Udaleko Euskara Departamentuarekin telefonoz (943 005 116) edo posta elektroniko bitartez (euskaraz@zarautz.eus).

 

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010