Eduki publikatzailea
Atzealdea ESE Pleguak onartu
UDAL ENERGIA BALIABIDEEN GESTIO INTEGRALA ESLEITZEKO PLEGUAK ONARTU DITU UDALBATZAK
2024/05/31
Zarauzko Udalaren Osoko Bilkurak maiatzeko ohiko Udalbatzan onartu zituen udalaren energia-baliabideen kudeaketa integrala lizitaziora ateratzeko pleguak. Proposamena aurrera atera zen EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeen babesarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Lizitazioa martxan jartzeko argi berdea jaso ondoren, datozen egunetan Udaleko Kontratazio arloak emakida honetan parte hartzeko deialdi publikoa irekiko du.
Azpimarratzekoa da Zarauzko Udala dela herriko energia-kontsumitzailerik handiena, 7.890.946 kWh/urteko bolumenarekin, 900 etxebizitza ingururen kontsumoaren baliokidea. Lizitazio honen bidez, kaleko argiteria publikoaren eta 11 udal eraikinetako kudeaketa energetikoa berrituko dira. Etxezabala, Portuetxe, Udaberri, Musika Eskola, Sanz Enea, Aritzbatalde, Orokieta (bi eraikinak), Haurreskola (bi eraikinak), Asti kirol-gunea eta argiteria publikoak osatzen duten azpiegitura-multzo horren egungo kontsumoa udal-energiaren guztizko kontsumoaren % 90 da.
Horregatik, kontratu honen bidez, elektrizitatearen eta gas naturalaren energia-kontsumoa nabarmen murriztea aurreikusten da, bai eta energia berriztagarrien instalazioak sustatzea ere, hala nola fotovoltaikoa, biomasa, geotermia eta aerotermia. Horrela, 2019ko Trantsizio Energetikoaren Legeak ezarritako helburuak betetzea lortuko da, hau da, 2030erako kontsumoa % 35 murriztea eta iturri berriztagarrietatik % 32ko ekarpena egitea. "Gure Udal Energia Planean ezarritako ibilbide-orriari jarraituz, Zarauzko Udalak bi helburu horiek 2025ean zehar betetzea aurreikusten da, erreferentziazko data baino lau urte lehenago gutxienez", azaldu du Iker Basurko (EAJ-PNV) Proiektu Estrategikoen zinegotziak. "Emandako urrats hau oso garrantzitsua da efizientzia energetikoari dagokionez, planteamendu ausart eta berritzaile batekin, gure faktura energetikoa asko murrizteko aukera emango diguna, epe laburrean udal-eraikin nagusietan inbertsio handia eginez, Udalak aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoak diren beste zerbitzu edo proiektu batzuk alde batera utzi beharrik izan gabe".
Ezaugarriei dagokienez, Udalaren kontratu garrantzitsuenetako bat izango da hau iraupenaren arabera, 12 urte (luzaezina), eta aurrekontuaren zenbatekoaren arabera, 1.859.512,23 euro (BEZa barne) urtean. Energia-kudeaketa integralaren kontratuak 7 atal ditu:
1- Energiaren eta energia-horniduraren kudeaketa.
2- Mantenu prebentiboa.
3- Sistemen funtzionamenduaren, konponketaren eta ordezkapenaren berme osoa.
4- Udal-eraikinetan eta argiteria publikoan aurreikusitako inbertsioak, energia-eraginkortasuna bilatzeko.
5- Energia berriztagarrien erabilera sustatzeko azpiegituretan aurreikusitako inbertsioak.
6- Efizientzia energetikoari eta energia berriztagarrien sustapenari mesede egiten dieten inbertsio gehigarriak.
7- Datozen urteetan kudeatutako eraikin publikoen zerrendari eraikinak eransteko aurreikuspena; esate baterako, birgaitze-obra amaitutakoan Santa Klarako eraikin multzoa gehitzea.
Iban San Martin (EAJ-PNV) Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak aurreratu duenez, "kontratua esleitu ondoren martxan jarriko den lehen neurrietako bat kaleko argiteria publikoa guztiz berritzea da, LED teknologia erabiliz. Aldaketa hori 5.100 argi-puntutan aplikatuko da herri osoan zehar". Horretarako, Energia Plana garatu bitartean, luminaria berriak zehazteko auditoria eta azterketak egin dira, argi-intentsitateari eta gainerako alderdiei buruzko araudia uneoro betetzen dela bermatuz, eta herritarren segurtasunari eragiten dioten puntu beltzak saihestuz.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010