Eduki publikatzailea
Atzealdea Escudero Gala 2024
SUITZA, SUEDIA ETA ITALIAKO KONPOSITOREAK GARAILE XVII. "FRANCISCO ESCUDERO" AKORDEOIRAKO NAZIOARTEKO KONPOSIZIO LEHIAKETAN


2024/10/14
Hauspoz elkarteak antolatutako XVII. “Francisco Escudero” Nazioarteko Akordeoirako Konposizio Lehiaketa amaitu da dagoeneko, Zarauzko Modelo Aretoan atzo ospatu zen kontzertu-sari banaketa ekitaldiaren ondoren. 35 herrialdetako 100 konpositore baino gehiago bildu dituen lehiaketa ospetsu honek lehiaketako bi modalitateetako irabazleak jakinarazi zituen ekitaldi honetan.
Hurrengoak izan dira irabazleak:
- 1. modalitatean, akordeoirako eta ganbera-musikarako obra berrien atalean, epaimahaiak Aipamen Berezia eman dio Elias Frisk konpositore suediarrari, "In Silhouette" akordeoi eta biolinerako piezagatik. XVII. Francisco Escudero Lehiaketaren Lehen Saria Stefano Bonilauri italiar konpositoreak jaso du, "Vento, piango veloce" lanagatik, akordeoi triorako konposatua.
- 2. modalitatean, helburu pedagogikoak dituzten obren kategorian, Lucien Danceisen konpositore suitzarrari eman zaio saria, "Tiere hüpfen in einen See" izeneko akordeoi eta biolarako lanagatik. Konpositore honi Hauspoz Elkarteak akordeoi talde handirako enkargua egingo dio, modalitate honetako sari gisa. Aurtengo epaimahaia musikaren alorreko pertsona nabarmenek osatu dute: Helga Arias konpositorea, Francisco Dominguez konpositorea eta Mateja Zenzerovic akordeoi jotzaileak. Guztiek nabarmendu dute bi modalitateetan aurkeztutako lanen kalitate eta aniztasun handia.
Sari banaketa-kontzertuan Xabier Txurruka Zarauzko alkatea, Irune Urbieta Kultura zinegotzia eta Francisco Escuderoren familiako kideak izan ziren, horien artean Francisco Mari Escudero semea. Biek paper garrantzitsua izan zuten zeremonian, edizio honetako garaileak zeintzuk izan diren esateaz arduratu baitziren. Gainera, Hauspoz elkarteko lehendakari Arantza Aguirrek eskerrak eman zizkien parte-hartzaile guztiei eta epaimahaiari, erakutsitako dedikazio eta konpromisoagatik.
Kontzertuan zehar bi obra estreinatu ziren: “Neither... nor...” akordeoi eta hari hirukoterako, lehiaketako XVI. edizioko obra irabazlea, Arsen Babajanyan armeniar konpositoreak idatzia, eta “Around Again”, akordeoi orkestrarako, lehiaketa bereko obra pedagogikoen modalitatean irabazle izan zen Jan Foote holandarrak konposatua. Gainera, Marta Cubas eta Elisa Ruiz akordeoi jotzaileek osatutako Éire bikoteak omenaldia egin zion Francisco Escudero maisuari, piano eta orkestrarako Euskal Kontzertuaren akordeoi duorako moldaketa interpretatuz.
Lehiaketak, urtetik urtera sendoago, akordeoirako errepertorio berria indartzen jarraitzen du eta musika garaikideak nazioartean duen garrantzia nabarmentzen darrai.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010