Eraztun berde urdinera bisita gidatuak
ERAZTUN BERDE URDINERA BISITA GIDATUAK ANTOLATU DIRA UDA HONETAN ERE


2020/06/24
Zarauzko Udaleko Agenda 21 departamenduak, iazko udan izandako arrakasta ikusita, aurten ere Eraztun Berde Urdinera bisitak antolatu ditu, DebaNatura elkarteak gidatuta. Hala, uztaila eta abuztuko ostiral arratsaldeetan, 18:00etatik 20:00etara, Iñurritzako Biotopoa ezagutzeko eta Zingira basoa ezagutzeko aukera izango da. Bisitak doakoak dira eta, beti, euskaraz eta gazteleraz eskainiko dira. Aforoa mugatua denez, beharrezkoa izango da izena ematea Zarauzko Turismo Bulegoan edo 943 83 09 90 telefonoan.
“Bi eremu hauek natur gune bereziak dira, bertan aurki daitekeen bioaniztasuna dela eta. Biak Zarauzko altxor naturalak dira eta, ibilbide hauei esker, zarauztar eta bisitariek naturan barrena jarduera ezberdin bat egiteko aukera dute. Bizi izan ditugun pandemia egun gogorren ondoren, garrantzia handia du naturan ibili eta naturaz gozatzeak”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak.
Iñurritzako Biotopoa eta Zingira basoa Natura 2.000 sarearen baitan babestuta dauden eremuak dira. Iñurritzak Biotopo izendapena du 1997 urteaz geroztik, errekako eta hezeguneko ekosistemak duten bioaniztasuna eta zaurgarritasuna babesteko. Bertako duna Kantaurialdean kontserbatzen diren gutxienetakoa da eta bertan aurki ditzakegu galtzeko zorian dauden hainbat landare. Hegazti askori ere babesa ematen die gune honek, bereziki, hegazti migratzaileei. “Azken itsasaldiak duna babesten zuen hesia apurtu zuen eta Gipuzkoako Foru Aldundiak konpondu bitartean, herritarrei gogorarazi nahi diegu debekatua dagoela eremu horretan sartzea”, azpimarratu du Vazquezek.
Bestalde, Zingira basoan aurkitzen diren Arkamurka zuhaitzek duela milaka urte Kantaruko kostaldea okupatu zuten, baina, gaur egun, toki gutxi batzuetan ikusi daitezke. Zehazki, Garate Santa Barbarako arkamurkak dira geratzen diren bakanetakoak eta, horregatik, baso erlikia osatzen dute. Hortik dator, beraz, Arkamurkak bioaniztasunerako erreserba garrantzitsu gisa mantentzearen garrantzia. “Zarauzko Udaleko Ingurumen departamendua lan garrantzitsua egiten ari da Zarautzen aurkitutako aleak berreskuratzeko. Esku hartu ahal izateko, 3 lur sail erosi ditugu, garrantzitsuena Zingira izanik, eremu handia hartzen baitu. Bertan, 1000 zuhaits landatu ditugu, jada”, zehaztu du Ingurumen zinegotziak. Zingira basoko bisita gidatua Mutxio Parketik, Zingira Basotik eta Vista Alegre parketik igarotzen da.
“Bisita gidatu hauetan, esan bezala, natura gune horien ezaugarriak ezagutzeko aukera izango da, besteak beste, flora eta faunaren inguruko azalpenak emango dira, Arkamurka basoa berreskuratzeko lanak ikusteko aukera izango da, eta abar. Guztiok gonbidatuta zaudete etortzera”, burutu du Vazquezek.
Deskargatzeko
Bilatuenak
- Larrialdiak112
- Udaltzaingoa943 005 115
- Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010