Eduki publikatzailea
ERAZTUN BERDE URDINA, PASEATZEKO EDO JARDUERA FISIKOA EGITEKO AUKERA BIKAINA
2020/05/22
Jarduera fisikoa egitera eta paseatzera ateratzea baimendua dagoenetik, asko dira mendi aldera edo kostaldera ibilbideak egitera jo dutenak, eta, ikusi denez, hainbat lekutan, jende pilaketa gertatzen ari da. Hori ekiditeko eta aukera berriak sortzeko, Zarauzko Udalak, norabide bakarreko bi ibilbide proposatu nahi dizkie herritarrei. “Bi ibilbideak, Eraztun Berde Urdinaren barruan daude, eta, dagoeneko, oso ezagunak dira herritarrentzat. Zentzu honetan, definitutako norabidean egitea gomendatzen da, elkarren arteko topaketak ekiditeko. Izan ere, bide hauek estuak dira eta ez dago 2 metroko distantzia mantentzeko aukerarik”, adierazi du Gloria Vazquezek (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak.
1-.Artelatz basoaren erreinua. Ibilbide aldapatsua da eta baso ederren artean igarotzen da:
Anbulategiko atzealdetik hasita, Igerain erreka bazterretik segi, Meagaseko errepideraino. Hori gurutzatu eta Vista Alegreko parkean sartzen zara, artelatzaren eremuan hain zuzen ere, Natura 2000 sareak babestutakoa. Bertan, Arkamurka Natur Taldeak jarritako informazio panelak ikus daitezke, non parkearen historiari buruz eta bertako naturaren berezitasunari buruzko datuak jaso daitezkeen. Torreoitik jarraituta Zingira basorantz jo behar da; hemen,1000 zuhaitz eta zuhaixka inguru landatu dira artelatz basoa berreskuratzeko. Gainera, goiko partean, Zingira bera errekuperatu da Aranzadi elkartearekin elkarlanean. Behin Zingira baserri zaharra ezkerrean utzita, itsasoari begira jarraitzeko aukera dago mahastien artean, Santa Barbara ermitara heltzeko. Horren atzetik jaisten den bidea hartuta, beste baso eder bat zeharkatuz, Mutxio parkeraino moilara iritsi arte.
Vista Alegre parkean duela gutxi berritu zen sarrera eta bidea bera. Kirola egiteko gune bat ere jarri berri da. Dena den, itxita mantentzen da momentuz, gainontzeko herriko parke eta kirol instalazioak bezala. Eskuekin ukitu behar diren elementuez osatuta dago, eta zaila da dena behar bezala desinfektatzea. Horrexegatik baliabide horiek ez erabiltzeko eskera egiten da Zarauzko Udaletik.
2.- Hezeguneen ibilbidea. Guztiz laua da eta egutera.
Ibilbide honetan, suhiltzaileen atzealdetik hasita, berreskuratzen ari den Iritako hezegunea ondo ikusteko eta gozatzeko aukera izango da. Ibaian ahateak eta ibai ertzetan hegazti limikoloak ikusteko aukera dago (prismatikoen laguntzarekin). Autopista azpiko pasagunetik jarraituz, eskuinean, Astiko hezegunea ikus daiteke; behin kirol gunera iritsita, eskuineko bidetxoa hartu eta, pista jarraituz gero, egokitu berri den Buztinzuloko Haltzadiraino iristeko aukera dago. Baso horren barruan zeuden txabolak bota dira, eta, aurtengo Zuhaitz egunean, 300 zuhaitz landatu ziren Zarauzko ikasleekin. Basoa zeharkatzeko bidea ireki da, eta, gutxi barru, panel bat kokatuko da baso berezi horren ezaugarriak jakinarazteko. Haltzadia herrian bertan dago eta dibertsitate handiko eremua da; herritik oso hurbil.
“Eraztun Berde Urdina proiektuaren helburu nagusia Zarauzko ekosistemak babestea bada, naturaz gozatzea eta herrian dagoen biodibertsitatea ezagutaraztea bigarrena da. Ahaztu gabe, osasungarria dela mendian ibiltzea, oso gomendagarria pandemia garai honetan. Etxetik asko urrundu gabe, buelta eder bat emateko aukera dute zarauztarrek, jende pilaketak ekiditeko”, burutu du Vazquezek.
Deskargatzeko
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010