Eduki publikatzailea
Atzealdea Energia Batzordea
ZARAUTZEK 300.000 EUROTIK GORA AURREZTUKO DITU URTEAN ENERGIA BALIABIDEEN KUDEAKETA INTEGRALARI ESKER


2023/01/13
Duela hilabete batzuk onartu zuen Zarauzko Udalak 2022-2030 Jasangarritasun Energetikoaren Jarduera Plana. Dokumentu honek gaur egungo Zarauzko energiaren erabileraren diagnostikoa eta etorkizunean honen kudeaketa eraginkorragoa eta jasangarriagoa lortzeko eman beharreko pausoak zehazten ditu.
Gaur goizean, plan honen jarraipena eta bertan zehazten diren hurrengo pausuak bideratzen dituen Energia Batzordearen bigarren bilera gauzatu da. Era honetan, Zarauzko Udalak bide-orri energetiko honek jasotzen dituen ekintzak martxan jartzeko lanean da eta udal energia baliabideen kudeaketa integrala esleitzeko pleguak prest dauzka dagoeneko.
Esleipen honen bitartez, Udalak, 11 eraikin publikoren eta kale argiteriaren instalakuntzak berrituko ditu. Gaur egun, Etxezabala, Portuetxe, Udaberri, Musika Eskola, Sanz Enea kultur etxea, Aritzbatalde kiroldegia, Orokieta (bi eraikinak), Haurtzaindegia (bi eraikinak), Astiko kirol instalakuntzek eta argiteria publikoak osaturiko azpiegiturek 14.380.828,69 kWh-ko kontsumoa daukate, udal energia kontsumoaren % 89a soposatzen duena.
“Zarauzko Udalak inguruko energia kontsumitzaile handietako bat da eta, honenbestez, udal energia kontsumoa gutxitu behar dugu lehendabizi, zarauztarron onurarako izango dena”, adierazi du iker Basurko (EAJ-PNV) Proiektu Estrategikoen zinegotziak. “Jarduketa honen ondorioz, eraikin hauen kontsumoa erdira murriztea lortuko dugu eta CO2 igorpenak gutxitzea ere ekarriko du”.
“Trantsizio energetikoa ez da hilabete gutxi batzuetako kontua; ibilbide luzea da, eta, hasteko, inbertsio handiak egin behar dira aurrezpen garrantzitsuak lortzeko eta energiaren ikuspegitik gizarte jasangarriagoa izateko. Era berean, erronka garrantzitsu horren arrakasta ala arrakasta eza gure portaera indibidualaren mende ere dagoela ohartu behar dugu”.
Esleipen honek energiaren kontsumoa asko gutxitzea ahalbidetuko du, aurrezpen handia ekarriz. Kudeaketa integral berriari esker, urtean 300.000 eurotik gora aurreztuko da, aurrez esandako eraikinen kontsumoa erdira jaitsiz. Hau posible izango da azpiegituretan egingo den inbertsioak ekarriko duen energia-kalifikazioaren hobetzeari esker.
Jasangarritasun Energetikoaren Jarduketa Planean planteatutako lehen ekintza abian jartzen denean, beste ekintza batzuk lantzen jarraituko da. Adibidez, Udalak Herritarrentzako Energia Bulegoa sortzea ere sustatu du Urola Kostako Mankomunitatean, eskualdeko herritarrei energiarekin lotutako gaiei buruzko informazioa eta aholkuak emateko, hala nola eraikinak birgaitzea eraginkortasun handiagoaren bila, energia-komunitateak sortzeko eman beharreko urratsak...
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010