Eduki publikatzailea
Atzealdea

Emakumeen Etxeko mahaia

Twitter

ZARAUZKO EMAKUMEEN* ETXEAREN MAHAIA SORTUKO DU PAREKIDETASUN DEPARTAMENTUAK

2021/06/04

Zarauzko Emakumeen* etxearen inaugurazioa joan den urrian egin zen eta hortik hona lanean aritu dira zerbitzu berriak martxan jartzen eta bazkideak erakartzen. Hainbat bilera egin dituzte Zarauzko elkarteekin eta interesa adierazi duten emakumeekin. Orain 210 bazkide ditu jada eta Emakumeen* etxearen mahaia sortzeko erabakia hartu dute.

Emakumeen* etxearen mahaia partaidetza organo bat izango da. Organo hori eratzeko proposamena Etxearen ibilbidea hasi aurretik, honek izango zituen ezaugarriak definitzeko, udalerriko emakumeekin egindako parte-hartze prozesuan erabaki zen.

“Zarautzen eraiki dugun Emakumeen* etxe hau, emakume zarauztarrekin sortua da. Prozesu horretan, espazio fisikoa definitu ezezik, zer nolako proiektua nahi genuen ere landu genuen” adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak. “Kudeaketarako partaidetza organo bat sortzea proposatu zen eta neuk, arduradun politiko izanik, hori sortzeko konpromisua hartu nuen”.

Beraz, emakume horien ekarpenak kontuan hartuta, Parekidetasun departamentuak Emakumeen* etxeko Mahaia martxan jarriko du Ortzadar enpresako dinamizatzailearekin batera. Mahaia hau partaidetza organo bat izango da, kideek Emakumeen* etxearen programak diseinatzen eta planifikatzen lagunduko dutelarik.

“Zarauzko emakumeak animatzen ditugu Emakumeen etxearen mahaian parte hartzera, aukera ezin hobea daukazuelako, emakume eta gizonen arteko berdintasuna eraikitzen laguntzeko” gehitu du Parekidetasun zinegotziak.

Hurrengo bileren helburua Emakumeen* etxeko Mahaiaren oinarriak zehaztea izango da: Zein erronka ditu Emakumeen* etxeak? Zertarako nahi dugu mahaia? Zenbatean behin elkartuko gara? Zein dira erabiltzaileen proposamenak? Bazkideen iritziak eta ekarpenak jaso nahi dira, elkarlanean proiektu hau aberasteko asmoz.

“Aniztasuna, zaintza eta tratu onak erdigunean jarri nahi ditugu. Horretarako, harreman-eredu bidezkoen, konstruktiboen, kooperatiboen eta integratzaileen alde egingo dugu. Zarauzko emakume guztion ekarpenak dira baliotsuak Emakumeen* etxean” azaldu du Andrea Diez Pérez, Emakumeen* etxeko dinamizatzaileak.

Lehendabiziko saioa datorren ekainaren 9an izango da, asteazkena, 18:30ean eta presentzialki egingo da. Bertan bazkideek, parekidetasun departamentuak, Berdintasun Kontseiluak eta dinamizatzaileak parte hartuko dute.

Aforoa dela eta, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea:

-    Esteka honen bitartez: www.labur.eus/emakumeenetxekomahaia
-    Posta elektronikoz: emakumeen-etxea@zarautz.eus
-    Telefonoz: 943 005 136


Web edukia bistaratu

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010