Eduki publikatzailea

Atzealdea EBU irteerak 2025 uda

Twitter

OSTIRAL HONETAN HASIKO DIRA ERAZTUN BERDE URDINEKO BISITA GIDATUAK

2025/07/01

Zarauzko Udaleko Ingurumen departamentuak Eraztun Berde Urdineko bisita gidatuei ekingo die berriro. Bisita hauek herritarrei udan zein Aste Santuan eskaintzen zaizkie, baita ikastetxeei ere ikasturtean zehar, Eraztun Berde Urdinaren balio naturalak ezagutarazteko.

"2018an hasi ginen irteera gidatu hauekin, eta esan dezaket programa urteetan zehar sendotu dela eta proiektua bera indartzen duela. Joan den udan 140 pertsonak hartu zuten parte guztira, eta gehienak Zarauzkoa eta Euskadiko beste txokoetatik etorritakoak izan ziren. Horregatik, azpimarratzekoa da zarauztarrek naturarekiko duten interesa eta natura zaintzeko duten kezka", adierazi du Eraztun Berde Urdineko zinegotzi arduradun Gloria Vazquezek (PSE-EE). "Horiek dira, hain zuzen ere, gure helburuak bisita gidatu hauek antolatzean: Eraztun Berde Urdinean dauden ekosistemen ingurumen-balioa ezagutaraztea, natura zaintzea helburu duen azpiegitura berdea sustatzea, eta herritarrak ingurumen-balio horietan sentsibilizatzea".

"Ikasturtean zehar irteera gidatu berberak eskaintzen dizkiegu lehen hezkuntzako eta eskolaurreko ikastetxe guztiei,. Amaitu berri den ikasturtean Zarauzko ikastetxe guztietako 517 ikaslek parte hartu dute, eta, beraz, ingurumen-hezkuntzan eragin positiboa izaten ari gara", gaineratu du Vazquezek.

Bisita gidatuak 3 ibilbidetan egingo dira: Arkamurkakoa, Hezeguneetakoa eta Iñurritzakoa. Lehenengo biak ostiral arratsaldeetan eskainiko dira udan, txandakatuz, eta Iñurritzakoa larunbat goizetan, bi astean behin, uztailean, abuztuan eta irailaren 6an amaituz. Irteerak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira beti, eta, horretarako, bi talde antolatuko dira irteera bakoitzean.

Udako lehen irteera ostiral honetan, uztailaren 4an, izango da, 18:00etan, hezeguneen ibilbidean, suhiltzaileen biribilguneko autobus geltokitik irtenda. Bestalde, uztailaren 11n, ostirala, Arkamurka ibilbidea egingo da 18:00etan, eta Aldapetako igogailuan hasiko da, eta uztailaren 12an, larunbata, Iñurritza ibilbidea, 10:00etan Borghettotik abiatuta.

Ordutegiak eta abiapuntuak udan zehar mantenduko dira. Bisita gidatuetan naturgune horien ezaugarriak erakutsiko dira, hala nola eremu bakoitzeko habitatak, fauna, flora, hidrogeologia, paisaia, klima-aldaketan duten eragina, espazioaren kudeaketa, babes-figurak, kudeaketa-planak, orain arte egindako berreskuratze-lanak, hemendik aurrera egingo direnak, etab.

Gehieneko aforoa 20 pertsonakoa izango da. Aforoa mugatua izango denez, interesdunek aldez aurretik izena eman beharko dute (telefonoz, aurrez aurre edo e-mailez) Zarauzko Turismo Bulegoan. Irteera bakoitzean, inguruko ekosistemekin lotutako dokumentazio espezifikoa eskainiko da.


​​​​​​​

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010