Eduki publikatzailea

Atzealdea Auzoetako bilerak

Twitter

GERTUTASUNA HELBURU, ZARAUZTARREI AUZOZ-AUZO ENTZUTEKO URTEROKO BILERAK EGINGO DITU UDALAK URRIAN

2026/10/05

Ohikoa den moduan, udazkenean sartzearekin batera, Zarauzko Udala hurrengo urteko aurrekontuak lantzen hasi da. Prozesu honen baitan, Udal Gobernuak auzoz-auzo zarauztarren iritziak ere jaso nahi ditu, auzoetako kezkei ahalik eta modu egokienean erantzuna emateko. Honela, aurreko urteetan egin izan ohi den bezala, urrian zehar herritarrekin bilerak antolatu ditu auzoz-auzo.

Bilera horien helburua da egindakoen inguruan kontu ematea eta baita zarauztarren beharrak eta ekarpenak bertatik bertara entzutea ere. Aurten, aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren inguruan ere hausnartu nahi du Udalak herritarrekin.  

“Gertutasunetik zarauztarrei entzutea ezinbestekoa dela uste dugu”, azaldu du Garbiñe Oiarbide (EAJ-PNV) Partaidetza zinegotziak, “horregatik antolatzen ditugu urtero auzoz-auzoko bilerak, bizilagunek bertatik-bertara euren auzoetan egin daitezkeen hobekuntzak eta proposamenak helarazteko aukera aproposa delako. Baina prozesua bera ere hobetu daitekeela uste dugu eta horren inguruan ere hausnartu nahi dugu zarauztarrekin”.

Auzo bilerak

Aurten ere 7 hitzordutan bateratu dira auzo bilerak, gehienak ohiko kokalekuetan, baina bada berritasunik ere. Iñurritzako jubilatuen elkartean igogailua jartzeko Udala egiten ari den obrak medio, aurtengo Iñurritza, Mendilauta eta Talaimendiko auzo bilera Salbatore Mitxelena Ikastolan egingo da. Bestalde, Zelai Ondo, Aritzbatalde, Mitxelena eta Salberdin auzoetako bilera egiteko kokapen egoki eta irisgarri bat bilatzeko ahaleginean, Salbatore Mitxelena Auzo Elkartean egingo da aurtengo batzarra. “Eskerrak eman nahi dizkiegu, auzo elkarteei elkarlanarengatik, aurten bereziki Mitxelena auzo elkarteari eta, baita ikastolari ere”. Ordutegiari dagokionez ere aldaketa dago aurten, bilerak 18:00etatik 19:30era izango baitira.

Hauek dira aurten egingo diren zazpi bileren hitzorduak:

  • Urriak 8: Urteta. 18:00etan Urtetako Elkartean.
  • Urriak 13: Vista Alegre eta Hiruerreketa. 18:00etan Vista Alegreko Auzo Elkartean.
  • Urriak 15: Iñurritza, Mendilauta eta Talaimendi. 18:00etan Salbatore Mitxelena Ikastola.
  • Urriak 20:  Zelai Ondo, Aritzbatalde, Mitxelena eta Salberdin. 18:00etan Salbatore Mitxelena Auzo Elkartean (Mitxelena Kalea 51 – Behea).
  • Urriak 22: Alde Zaharra eta Salbide. 18:00etan Udaletxeko Pleno Aretoan.
  • Urriak 26: Azken Portu eta Santa Klara. 18:00etan Santa Klarako erabilera anitzeko aretoan.
  • Urriak 28: Itxasmendi. 18:00etan Itxasmendiko Auzo Elkartean.

Postontzien bidez edo telematikoki parte hartzeko aukera

Edonola ere, bileretara joateko aukerarik ez dutenentzat ere bada aurrekontuen eta proiektuen inguruan proposamenak egiteko aukerarik, bai postontzien bidez eta baita telematikoki ere. Postontziak honako kokalekuetan jarriko dira: Vista Alegre auzo elkartean, Sanz Enean, Udal Euskaltegian, Amalur parkean, Iñurritzako auzo elkartean eta baita HAZeko bulegoan ere. Telematikoki, berriz, bi bide daude ekarpenak egiteko: partehartu@zarautz.eus helbidera elektronikora mezua bidaltzea edota webguneko “parte hartu” atalera jotzea. Postontzietan eta telematikoki proposamenak egiteko aukera urriaren 2tik 31ra bitartean dago zabalik.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010