Eduki publikatzailea
Atzealdea Auzo bilerak
ZARAUZKO UDALAK 200 EKARPEN INGURU BILDU DITU AURREKONTUEN INGURUAN URRIAN EGIN DUEN ENTZUTE ARIKETAN


2026/11/04
Zarauzko Udalak amaitu berri du aurrekontuen testuinguruan urrian burutu duen entzute ariketa. Aurrez aurreko auzo bileretan 112 herritarrek parte hartu dute (% 57,1 emakumeak eta % 42,9 gizonak) eta 170 ekarpen inguru gauzatu dira. Honez gain, herrian zehar jarritako postontzietan edota modu telematikoan egindako 32 ekarpen jaso dira. Horri esker, guztira ia 200 ekarpen, kexa eta proposamen bildu dira:
- Auzo bilerak: 170 ekarpen
- Posta elektronikoa (partehartu@zarautz.eus): 23 ekarpen
- Auzoetako postontzi fisikoak: 5 ekarpen
- Udalaren webguneko parte-hartze ataria: 4 ekarpen
Ekarpen gehien Vista Alegre eta Hiruerreketan jaso dira, eta bataz beste, auzo bakoitzean 25 eskaera jaso dira.
Herritarren kezka eta eskaera nagusiak
Jaso diren ekarpenak udal-sailen eskumenen arabera aztertu eta egituratu dira. Ekarpen horien arabera, zarauztarren eskaera nagusiak honakoak dira:
Garbitasuna: Edukiontzien inguruko zabor-pilaketak eta arratoi-arazoak konpontzea hainbat auzotan; udan edukiontziak maizago garbitzea kiratsari aurre egiteko eta kale garbiketa. Edukiontzien kudeaketa eta garbiketa Udalaren eskumenekoak ez izan arren, jasotako eskaerak Urola Kostako Udal Elkarteari helaraziko zaizkio.
Urbanizazioak eta irisgarritasuna: Harrizko espaloi zaharrak aldatzea, zuloak estaltzea eta zuhaitzen sustraiek hondatutako zatiak berritzea; zebrabideetako koskak berdintzea gurpildun aulkientzat; eta Vista Alegreko zein Azken Portu Goiko igogailu publikoen mantenu teknikoa eta aireztapena bermatzea. Oinezkotzeak egiten jarraitzea, eremu publikoak berdetzea eta haur parkeetan hobekuntzak (estaltzea, besteak beste). Zenbait eremutan argiztapena hobetzea ere eskatu da.
Segurtasuna, trafikoa, mugikortasuna eta aparkalekua: Trafikoaren abiadura moteltzeko neurriak; ikuspen gutxiko bidegurutzeetan ispiluak jartzea, hiribusaren maiztasunak eta ibilbideak hobetzea, Udaltzaingoaren presentzia indartzea, kaleko aparkalekuen kontrola areagotzea, 2. eremuan neguan ere TAO mantentzea.
Udal azpiegiturak: Aritzbatalde kiroldegiaren inguruan hainbat ekarpen (mantenua, handipena, aireztapena, insonorizazioa), udal ondarea berritzea (Ebro Etxea, Villa Munda eta Sanz Enea).
Hurrengo urratsak
Orain, ekarpen guztiak aztertu eta, lehentasunen arabera sailkatzeko lanari ekingo dio Udalak. “Urrian zehar zarauztarrei entzun diegu eta jasotako ekarpenak aztertu ondoren erantzutea dagokigu orain”, azaldu du Garbiñe Oiarbide (EAJ-PNV) Partaidetza zinegotziak. Prozesuarekin zarauztarrek erakutsitako konpromisoa ere aitortu du Oiarbidek, “oso garrantzitsua da guretzat herritarrei zuzenean entzutea eta beren ekarpenak jasotzea, egindako ekarpenei esker Udalaren lana hobetzeko aukera izango baitugu”. Amaitzeko, eskerrak helarazi dizkie Partaidetza zinegotziak prozesuan parte hartu duten guztiei “eskerrik asko prozesu honetan parte hartu duzuen zarauztar guztioi, egindako ekarpenengatik eta baita erakutsitako jarrera eraikitzailearengatik ere”.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010
