Eduki publikatzailea

Autokarabanen aparkaleku berria

Twitter

AUTOKARABANEN APARKALEKU BERRIA ZABALDU DA ETA ONARPEN HANDIA IZAN DU

2020/07/07

Nahiz eta COVID19k sektore askotan geldialdia eragin duen, Zarauzko Udalak pandemia iritsi aurretik hasitako proiektu batzuk garatzen jarraitu ahal izan du. Horietako bat autokarabanentzako aparkaleku berria da. Behin-behinekoa bada ere, udalerriko trafikoa antolatzen lagunduko du, eta turismo-modalitate horren eskari gero eta handiagoari behar bezala erantzun ahal izango dio. Abendaño industrialdeko eremuan dagoen aparkaleku berria, Renault-eko kontzesionarioaren parean, 38 autokarabanentzako lekua duen espazio zabala da. Beste 20 plaza gehiago gehitu behar zaizkio, aparkaleku ondoan dagoen zuzengunean daudenak (Aiziazpi kalean).

Guneak ur "zikinak" husteko plataforma bat du, baita edateko ura hornitzeko iturri independente bat ere. Iker Basurko (EAJ-PNV) Mugikortasun zinegotziaren esanetan, "Uda honetan egonaldiak eguneko 3 euroko prezio ia sinbolikoa du, eta gehienez bi egunekoa izango da, Zarautzera bisitan etorri nahi duten autokarabanazaleen eskari handiari erantzun ahal izateko". Mugikortasun-arloak behar bezala seinaleztatu du aparkalekura iristeko bidea, bai eta erabilera-araudia bera ere. "Duela hilabete batzuk behin betiko proiektua gelditu behar izan genuen eskaera horri erantzuteko, baina arin ibili ginen eta, zailtasunak zailtasun, eta udal talde teknikoaren lan handiari esker, garaiz iritsi gara beste espazio bat eskaintzeko, Zarautzek merezi duenarekin eta zentzu guztietan kalitatezko helmuga gisa proiektatu behar duenarekin bat datorrena", adierazi du Basurkok. Aparkalekutik Zarauzko erdigunera edo hondartzara 10 minutu eskas behar dira oinez joateko, eta, horrez gain, hiribusak geltoki bat dauka han bertan, aparkalekuaren ondoan. Era berean, Zarauzko orografiaren ondorioz, bizikleta ere oso aukera gomendagarria eta jasangarria izan daiteke. Azkenik, Mugikortasuneko zinegotziak adierazi duenez, "Gaur egungo udal-ordenantzak ez du debekatzen hirigunean autokarabanak aparkatzea, neurria edo pisua gainditzen duenean soilik debekatu daiteke. Salagarria aparkalekua eta kanpamendua nahasten dituzten pertsona askoren erabilera desegokia da. Zalantzarik gabe, aparkaleku berria ordena jartzeko urrats garrantzitsua da, baina Udalak erne jarraitu behar du, eta udal-ordenantzak hausten dituzten gizalegearen aurkako jokabideak zigortu behar ditu.

Udako aparkalekuak, martxan

Udalak jakinarazi du, ahal den neurrian, herriak udan jasaten duen ibilgailu kopuru handiari erantzuteko, disuasio-aparkalekuak martxan daudela. Aurten ere Eguzki Izarrako eta Kortazarreko aparkalekuak martxan daude, herriaren sarreran, eta bi hauei Itxasmendiko aparkalekua gehituko zaie. Abuztuan Mesil fabrika zaharreko lurretan (Salberdinen) beste bat irekiko da. Aipatzekoak dira, halaber, Lapurdi kalean lortu diren 100 plazak, zirkulazioaren noranzkoan egin berri den aldaketarekin. "Uda atipikoa izango da, baina ziur gaude eskaera handiko datak izango ditugula, eta horiei erantzuten saiatu behar gara. Ahalik eta leku gehien prestatu dugu uda honetarako, eta lanean jarraitzen dugu mugikortasunari dagokion guztia hobetzeko. Udazkenean, besteak beste, TAOren eguneraketa sakona aztertzea espero dut”, amaitu du Basurkok.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010