Eduki publikatzailea
Atzealdea Asti Zhapo aldaketa
ASTIKO KIROL-INSTALAZIOAK HANDITZEKO PLAN OROKORRAREN ALDAKETA ABIAN JARRI DU ZARAUZKO UDALAK


2026/10/29
Azken urteetan Zarauzko Udalak Astiko kirol gunearen inguruko hainbat lur-sail erosi ditu, etorkizunean Astiko kirol-ekipamendua handitzeko helburuarekin. Kirolgunea handitzeko aukera indarrean dagoen Zarauzko Plan Orokorrean bertan jasota dago 2008tik eta horretarako lur egokienak Kirol-instalazioen perimetroko belardiak dira.
Otsaileko ohiko Udalbatzarrean Sakoneta baserriko lurrak erosteko hitzarmena onartu zen eta erosketa honek kirolgunearen zabalpena egiteko aukera bermatzen du. Hitzarmenean bertan jasotzen zen bezala, orain Udalak Zarauzko Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorraren aldaketa sustatzeko prozesua abian jarri du, eremu horretan kirol instalakuntzen zabalpena egin ahal izateko.
Plan orokorraren aldaketaren zirriborroa argitaratu da dagoeneko Zarauzko Udalaren webguneko “parte hartu” atalean eta hasierako onarpena eman baino lehen herritarrek ekarpen eta proposamenak aurkezteko aukera ireki da, bai “parte hartu” atalean bertan eta baita hirigintza@zarautz.eus helbidera idatzita.
Ekarpenak aurkezteko epea azaroaren 9an amaituko da eta aurretik proposamena azaltzeko herritarrei zuzendutako saio ireki bat egingo da, datorren ostegunean, azaroaren 5ean, Etxezabalako bilera aretoan, 18:00etan.
Prozesu honen inguruko informazio eskaerak eta kontsultak hirigintza@zarautz.eus helbidean egin ahal izango dira.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010
