Eduki publikatzailea
Atzealdea

Aritzbatalde berrikuntzak

Twitter

URTE BERRIA BERRIKUNTZEKIN HASI DU ARITZBATALDE KIROLDEGIAK

2023/01/20

Aritzbatalde kiroldegiak hainbat berrikuntza izan ditu urte hasiera honetan, bertako erabiltzaileen esperientzia hobetzeko eta errazteko asmoz. Hala, Udalak inbertsio “potente” bat egin du eta 13 makina berri instalatu dira Fitness aretoan. Horretarako, 35.558,38 euroko (BEZ barne) inbertsioa egin da.

“Fitness aretoko makinak berritzeko beharra zegoen. Aretoa modernizatzeko eta zarauztarrei eskaintzen diegun zerbitzua hobetzen jarraitzeko helburuarekin, hainbat kiroldegietara bisitak egin ditu Kirol departamenduak azken hilabeteetan. Bisitetan jasotako informazio guztiarekin, BPXport enpresa zerbitzu emailearen aholkularitzarekin eta kiroldegiko erabiltzaileen ekarpenekin, Udalak lanketa bat egin du aretoa hornitzeko ekipamendu egokiena aukeratzeko. Makinak helburu eta maila anitzetara egokitzen dira, gure erabiltzaileen profilak ere anitzak direlako eta guztien beharretara egokitzea delako gure xedea”, azaldu du Leire Aranak (EAJ-PNV), Kirol zinegotziak.
Alde batetik, ondoko indar makina berriak jarri dira:

-    Egitura finkoak: 4 fitness banku, Power Rack bat eta Smith Machine bat (rack inklinatua).
-   Diskodun indar makina gidatuak eta hauentzako diskoak: Bularreko press makina, Hip Thrust bat, bikiak lantzeko makina bat eta sorbalda lantzeko arraun makina bat.
-    Plaken indar makina gidatuak: lunbarra edo gerrialdea eta iskiotibialak etzanda lantzeko makina bat.

Bestalde, ariketa kardiobaskularra egiteko beste bi makina berri ekarri dira: korrika egiteko zinta bat eta Eliptika bat.

Spinning Birtuala

Urte hasierarekin ezarri den beste berrikuntzetako bat Spinning Birtuala zerbitzua da. Egutegian zehaztutako ordutegietan, erabiltzaileek aukera izango dute spinning gelako pantailan azalduko den monitorearen jarraibideak jasotzeko, ohiko spinning saio batean egongo balira bezala. Zerbitzua doakoa izango da bazkideentzat eta astelehenetik aurrera izango da martxan. “Zerbitzu honen helburua da spinning aretoaren erabilera handitzea eta ahalik eta ordutegi zabalena eskaintzea, bazkideei kirol hau praktikatzeko ahalik eta erraztasun gehien emateko”, zehaztu du Aranak.

Saio birtualean parte hartzeko nahikoa izango da bigarren solairuko bizikleta aretora joatea ezarritako ordutegian, eta programa automatikoki jarriko da martxan.  Zerbitzu berri honen inguruko zalantzarik izanez gero, kiroldegian bertan egin daiteke kontsulta: fitness begiraleari nahiz Harreran, edota telefonoz 943 00 51 23 zenbakira deituta.

Trainingym app-a

Urtarrilean Aritzbatalde kiroldegira iritsi den azken berritasuna Trainingym aplikazioa da. “Honen bitartez, kiroldegiko fitness monitoreekin hitzordua hartu ahal izango dute bazkideek: eurekin elkartu, elkarrizketatu, eta bakoitzaren helburu, behar eta baldintza fisikoei egokitutako errutina bat aplikazioan jasoko dute”, azaldu du Kirol zinegotziak.

Horrez gain, plataforma honek hainbat aukera eskaintzen ditu, besteak beste: kiroldegiko ikastaro eskaintza guztia ikusi, asteburuetako dinamizazio saioetan izena eman, monitoreak jarritako entrenamenduen jarraipena egin, norberak bere entrenamendua sortu, kiroldegiko Agenda kontsultatu…

Aplikazioarekin sor daitezkeen zalantza edo arazoekin laguntzeko asmoz, datozen asteetan arreta zerbitzua eskainiko da kiroldegian. Aurrerago, ikastaroak antolatuko dira Trainingym plataformaren erabilpenean laguntzeko eta erabilera xehetasun guztiak ezagutzeko. Hauek izango dira arreta orduak: astelehenetan, 17:00-19:00; astearteetan 10:00 – 12:00; asteazkenetan 18:00 – 20:00 eta ostegunetan, 16:00 – 18:00.

 


Web edukia bistaratu

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010