Eduki publikatzailea
Atzealdea Appa Zarautz
APPA ZARAUTZ, GAZTEEN PARTE HARTZEA SARITZEKO ONLINE LEHIAKETA
2023/02/20
Gaur goizean Zarauzko Alkateak, Xabier Txurrukak, eta Iker Basurkok, Agenda 2030, Berrikuntza eta Proiektu Estrategikoen zinegotziak, APPA Zarautz lehiaketa aurkeztu dute. Lehiaketa hau martxoaren 1etik 18ra bitartean ospatuko da eta herriko gazteei zuzendua da. Aurkezpena Zarautz 2030 Plan Estrategikoa garatzeko Zarauzko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Lehendakaritzako Berrikuntza Sozialerako Zuzendaritzarekin sinatutako aliantzaren ostean ospatu da; bertan izan dira bi erakunde hauetako ordezkariak, Sebastian Zurutuza eta Asier Aranbarri, hurrenez hurren, bi erakundeek Euskadin Agenda 2030 proiektua hedatzeko elkarlanean diharduten lan esparruan kokatzen den ekimen hau babesteko.
Xabier Txurruka alkateak (EAJ-PNV) eskerrak eman dizkie bi erakundeei, “2030 Agendaren eta hura osatzen duten 17+1 Garapen Iraunkorreko Helburuen inguruan herritarrekin elkarreraginean aritzeko aukera ematen diguten horrelako ekimen berritzaileak aurrera ateratzeko emandako laguntzagatik”.
Asier Aranbarri Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendariak adierazi duenez, “2030 Agendaren helburu nagusia elkarlana da eta gobernantza egoki bat antolatzea erakunde desberdinen artean, eta baita gizartearekin ere, poliki poliki, denok 2030 Agendaren inguruan sentsibilizatzen joan gaitezen”. Bestalde, Sebas Zurututzak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategiako zuzendari nagusiak, azpimarratu du ekimen hau “aukera bikaina dela Zarautz bezalako herrietan abian jartzen ari diren proiektu horietatik ikasteko eta beste toki batzuetara eramateko, tokiko beste eredu batzuetara egokituz”.
APPA Zarautz ekimenaren erakunde sustatzaileek elkarbanatzen dituzten helburu eta erronka diren “etorkizunaren diseinua” eta “gazteen parte hartzea” sustatzeko zehazki garatutako galdera-erantzun lehiaketa aplikazio bat da. Egunero parte hartzen duten gazteen artean zozkatuko diren eguneko sariez gain, martxoaren 24ean ekitaldi berezi bat ospatuko da, Modelo Aretoan; bertan, sari handiak zozkatuko dira, besteak beste, bertako ostalaritza eta merkataritzan erosteko bonoak, esperientziak, abenturak eta kontsumorako produktuak. Zozketan horretarako txartela eskuratzeko, 18 partidak egin eta 14 eta 25 urte bitarte izan behar dituzte parte hartzaileek.
Jokoa martxoaren 1ean jarriko da martxan eta 18 eguneko iraupena izango du, Zarauzko 2030 Plan Estrategikoko Iraunkortasun Jasangarrirako Helburuen adina. Parte hartzeko APPA Zarautz aplikazioa deskargatu beharko dute gazteek; aplikazioak Euskal Herrian izugarrizko arrakasta eta milaka deskarga lortu dituen ‘Egunean Behin’ jokoaren formatu berdina izango du. CodeSyntax enpresak Zarauzko Udaleko Proiektu Estrategikoen arloak hala eskatuta garatu du baita APPA Zarautz aplikazioa ere, eta dagoeneko eskuragarri dago plataforma guztietan.
APPA Zarautz aplikazioa mugikorrean deskargatu ondoren, egunero zazpi galdera botako dira Zarauzko kultura, aisia, demografia, ingurumena, kuriositateak edo euskararen inguruan, eta hiru aukeretatik bakarra izango da zuzena. Eguneko partidan parte hartzen duten gazteen artean eguneko sari bat zozkatuko da, eta 18 partidak egiten dituzten 14 eta 25 urteko gazteek martxoaren 24an ospatuko den ekitaldi berezirako txartela eskuratuko dute. Ekimen hau aurkeztearekin batera, kanpaina berezi bat jarriko da martxan herriko ikastetxe eta kirol zentroetan, gazteei parte hartzera gonbidatzeko.
Iker Basurkok (EAJ-PNV), Proiektu Estrategikoetako zinegotzi eta Zarautz 2030en arduradunak, “ekimen honen helburua gazteen artean 2030 Agendan parte hartzeko kezka zabaltzea eta etorkizuneko Zarautz diseinatu eta eraikitzeko prozesuan parte harraraztea” dela azpimarratu du.
Partekatutako amets bat: Zarautz 2030
Zarautz 2030 Plan Estrategikoak Garapen Iraunkorrerako 17+1 Helburuak hedatzeko pausuak definitzen ditu eta udal talde politiko guztien aldeko bozkarekin onartu zen urrian. Prozesuak urtebeteko iraupena izan du eta Zarauzko hainbat agenteren parte hartze zabala izan du. Proiektuak herriko etorkizuna marrazten duten 5 lerro estrategiko, 22 programa eta 117 akzio jasotzen ditu; Zarautz jasangarriago bat izateko bide-orria da, klima aldaketari aurre egiteko eta ingurumena zaintzeko, herri guztiaren parte hartzea bermatuko duen kooperazio eredu aurreratu baten baitan. Agenda 2023en erronka instituzio guztiek elkarbanatzen dugu eta Zarautz 2030 Plana berrikuntza sozialeko proiektu pilotua da eta beste herri askok bideari ekiteko eredutzat hartu dezakete.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010